Albistea entzun

Euskal Herritik Kingstonera

Pantx Records kolektiboak 'Reggaean jarrai: Euskal folklore jamaikarra' izeneko bilduma kaleratu du. Euskal ondarea eta kultura jamaikarra uztartu dituzte proiektuan
Pantx Records kolektiboko kideek Durangoko Azokan aurkeztu zuten bilduma.
Pantx Records kolektiboko kideek Durangoko Azokan aurkeztu zuten bilduma. FACUNDO QUEVEDO TRONCOSO Tamaina handiagoan ikusi

Alex Uriarte Atxikallende -

2022ko urtarrilak 19

Pantx Records kolektiboak Reggaean jarrai: Euskal folklore jamaikarra bilduma plazaratu du, Euskal Herriko eragile eta sortzaile ugarirekin elkarlanean. Pablo Rodriguez Garcia Pantx Recordseko kidea aritu da euskal ondarearen eta kultura jamaikarraren zubi lana egin duen proiektu hori kudeatzen, «beste hainbat eta hainbat langilerekin batera», eta nabarmendu du Reggaean jarrai proiektuak kontzeptu ugari biltzen dituela: «Euskal Herriaren eta Jamaikaren arteko topagunea da».

Izan ere, soinu jamaikarrak ontzen dituzten belaunaldi ezberdinetako taldeek euskal ondareko abestiak hartu, eta beste molde batez landu dituzte. Bildumaren hazia, dioenez, etxeratze garaian ernaldu zen, «Pantx kide» batzuei zerbait berezia otu zitzaienean: «Euskal Herriko kultur eszena geldi zegoen, eta Teknikariok sindikatua ere kinka larrian zebilen; horregatik, egoerari buelta eman behar geniola bururatu zitzaigun taldekide batzuei, eta zerbait guztiz berria sortu».

Proiektua sortzeko bidean, Euskal Herriko lurralde orotako errepresentazioa bilatu dute, bai ekoizpenari eta bai taldeei dagokienez. Alde horretatik, baina, «zaila» egin zaie Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin jotzea [Xiberoots taldea eta Ready Steady Go kolektiboa dira Iparraldeko ordezkari bakarrak]; Rodriguezek «hegozentrismoa» du ahotan, alegia, «Iparraldeko eszenak etengabe Hegoaldea aintzat eta eredutzat daukala, baina ez, ostera, alderantziz».

Zahar eta gazte, auzolanean

Reggaean jarrai-n parte hartu dute, besteak beste, Euskatalites, Trikoma, Ama Rebel, Skabidean, Jah Goikoa eta Reggaezaharra, eta Tacumah taldeek. Belaunaldi arteko katea indartzea izan da, hain zuzen, egitasmoaren xedeetako bat, Rodriguezen aburuz: «Pozgarria da musikan 20 urtetik gorako eskarmentua duten taldeak, Euskatalites kasurako, ibilbidea hasten dabiltzanekin elkarlanean ikustea».

Belaunaldi arteko transmisioaz ez ezik, batasun geografikoaz ere mintzatu da Rodriguez. Talde bakoitzari parada eman diote euskal jatorriko abesti bat hautatzeko eta gura duten estudioan grabatzeko; behar zutenei, halaber, Bilboko Kantauri estudioko atea ere zabaldu diete. Zenbait taldek hurbilekoak izanagatik ezagutzen ez zituzten estudioetan jardun dute, eta horrek «lurraldekako saretzea» ekarri du, Rodriguezen ustez, hots, Euskal Herrian musika eszena beltzaren inguruko unitateak jostea.

Gainera, «autonomian eta autogestioan» oinarritu dira lanerako orduan «Pantx, umiltasunez, kalean, jendartean, eragiten duen taldea da; ondorioz, artistei askatasun osoa eman diegu nahi zuten abestia hautatzeko, eta bakoitzak bere ezaugarri musikaletara hobekien egokitzen zena aukeratu du, naturaltasun osoz». Naturaltasun horrek, halaber, reggae munduan, tradizioz, grabatzeko erabili izan diren sistemetara eraman ditu. Kantauri estudioan aritutako taldeek, esaterako, denek batera, zuzenean eta zintarekin grabatu dute, «Jamaikan egiten zen bezalaxe».

Musika estiloka etiketatzeko zaletasunaz itaunduta, Rodriguezek argi du entzuleak bilduman zer topatuko duen: «Musika beltza nabarmentzen da, guztiaren gainetik; reggaea, rocksteadya eta ska dira nagusi, baina musika beltza, zerbait izatekotan, nahastea da, eta bildumak asko du esperimentazio grina horretatik».

Bildumaren azalari dagokionez, «bi aldeetako ondarea» islatzen du. Euskal folklorean eragina izandako zenbait pertsona ageri dira, tartean Maurizia Aldeiturriaga; estetikak, berriz, 1960ko hamarkadako kutsua du. «Asko gustatzen zaigu aldi musikal hori, eta azalerako tankerako zerbait nahi genuen. Egilea Markel Andia da; segituan lortu zuen lanaren izaera islatzea», Rodriguezen arabera.

Euskal Herriko musika eszenan zeresana piztu duen beste afera Reggaean jarrai-k izandako promozio kanpaina «berezia eta umoretsua» da. Lana aurkezteko, Euskal Herriko eta Jamaikako kultura eta historia nahasten zituen «irudimenezko espazio bat» sortu zuten; horretarako, bi herrietako errealitateak uztartu, eta asmatutako errealitate paralelo bat ehundu zuten.

Rodriguezen hitzetan, «dibertigarria eta probokatzailea» izan zen, «promozio bikaina», alegia: «Adibidez, Bai Euskarari jaialdia eredu hartuta, Bai Rocksteadyari jaialdia asmatu dugu; talde bakoitza reggaearen aldeko talde armatu irreal bateko komando gisa irudikatu dugu, eta abar». Ironia eta umorea bidelagun, «apurka-apurka» plazaratuz joan dira diskoan agertzen diren edukiak, eta uste du fikziozko dosifikatze horrek «interesa eta kuriositatea» sortu dizkiola jendeari.

Eta fruitua eman du, salmentei begiratuz gero: «Durangoko Azokako aldian, astebete pasatxoan, mila kopia saldu ziren». Promozioaz gain, beste arrazoi bat ere aipatu du Rodriguezek: «Lan hau ez da gu bezalako reggaezale sutsuentzat soilik; euskal musika, rocka edo soul amerikarra atsegin dituenari ere asko gustatuko zaio».

Proiektuan parte hartutako eragileen esku utzi dute, gehienbat, bilduma, eta aleak nahieran saltzeko askatasuna eman diete: «Guk ez dugu diru hutsagatik lan egiten, jendearen auzolanagatik baino; horregatik, lanean ibili den eragile bakoitzari aukera eman diogu salmentak kudeatzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sergio Prego artista, Bilboko Arte Ederren Musoean ikusgai jarri duen <em>Hamahiru Centaurusera</em> instalazioa bisitatzen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Sergio Prego: «Artelanaren parte bihurtu behar dira hutsegiteak»

Iñigo Astiz

Ekainaren 20tik aurrera, Bilboko Arte Ederren Museoak sarrera zaharra berreskuratuko du, eta, handitze lanek iraun artean, Pregoren instalazio bat izango du ikusgai, besteak beste

Mendekuaren erritua
Maite Gartzia, Aizpea Otaegi, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias eta Oier Guillan, Donostian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Plaza bat arriskuari

Ainhoa Sarasola

Eztena arte eszenikoen 14. jaialdia ekainaren 5ean hasiko da. Urtero bezala, dramaturgia berrien erakusleiho bilakatuko du Errenteria.

Pedro Salaberri margolaria, artxiboko irudi batean, 2018an. ©Iñaki Porto / Efe

Pedro Salaberri margolariak jasoko du Vianako Printzea saria

Itziar Ugarte Irizar

Naturaren interpretazioan oinarritutako obra piktoriko zabala osatu izana nabarmendu du Nafarroako Kultura Kontseiluak. Arte Talentua Sustatzeko saria, berriz, Sofia Esparza sopranoak jasoko du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.