Artzeren enborraren adaxkak

Balea Zuria argitaletxeak Joxan Artzeren 'Enborretik' olerki antologia kaleratu du. Artzeren testuekin osatu dute, eta haren grafia originalarekin plazaratu dituzte batzuk

Enborretik bildumaren aurkezpeneko protagonistak, ezkerretik eskuinera: Agurtzane Solaberrieta, Pello Otxoteko eta Karmen Esteban. JON URBE / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Balea Zuria argitaletxeak, Usurbilgo Udalarekin (Gipuzkoa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Joxean Artze idazle eta musikariaren testuez osatutako poesia antologia bat kaleratu du: Enborretik. Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko auditoriumean aurkeztu zuten, atzo, olerki bilduma. Aurkezpen agerraldian, Balea Zuriaren ordezkari Pello Otxoteko eta Felipe Juaristi, eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta izan ziren.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatu Harkaitz Millanen hitz batzuen irakurketarekin abiatu zuten aurkezpena. Millanek azpimarratu du kaleratu berri den liburuaren balioa «deskribaezina eta berebizikoa» dela, eta Joxean Artzeren azken gurariari egin dio keinu: poesiaren arnasa liburuetatik atera eta herritarrengana hurbiltzea.

Nahi horrek, argitaletxeko kideek adierazi gisa, bat egiten du Balea Zuriaren xede nagusietako batekin: Euskal Herriko literatur jarduna sendotzea eta herri ondarearen transmisio bideak indartzea. Juaristi «harro eta pozarren» agertu da lanaren argitalpenagatik: «Joxean Artze zutabea da euskaldunon iruditegi literarioan, eta obra hau haren sormen biziaren azken etaparen lekuko da».

Enborretik lau atalek osatutako bilduma bat da: Lurraren taupada: natur mistikatik enborraren oihura, Enborretik, Argitaragabeak eta Hitzatzea. Olerkien hautaketaz itaunduta, editoreek azaldu dute lau pertsonaren arteko elkarlanaren fruitua dela. Artzeren liburu gehienetatik hartu dituzte olerkiak, «ahalik eta lan osatuena» izan dadin.

Besteak beste, Artzeren ondorengo liburuak baliatu dituzte: Isturitzetik Tolosanbarru (Artze, 1969), Laino guztien azpitik (Artze, 1973), Eta sasi guztien gainetik (Artze, 1973), Ortzia lorez, zerua izarrez (Elkar, 1987), Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat (Zubi-Zurubi, 1998), Oihana Auhenka (Jazzle, 2001), Heriotzaren ataria dugu bizitza (Elkar, 2013), Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar, 2013) eta Txalaparta (Elkar, 2020).

Sentikortasunaren hautua

Otxotekok azaldutakoaren arabera, olerkiak aukeratzea «ogibide konplexua eta delikatua» izan da, Artzeren idazle ibilbideko literatur emari «hain oparoagatik». Bi ertzeko ikuspuntua izan dute bildumaren sortzaileek lanean zer olerki sartu erabakitzeko orduan: batetik, «esanguraren bilaketa»; bestetik, «irizpide literarioa».

Hautaketa bidean, Artzeren poemarik esanguratsuenak bildu eta berreskuratu ditu argitaletxeko lantaldeak, «bere liburuak arakatuz eta bahetze prozesu baten bitartez». Bide horretan, Elkar fundazioaren babesa izan du Balea Zuriak, artxibo lanei dagokienez. Horrez gain, «Artzeren sentikortasun berezia» plazaratzea hobetsi dute, «bisualagoak diren testuen gainetik».

Izan ere, formatu fisikoak trabak jarri dizkie bisualenak diren zenbait olerki txertatzeko orduan, eta, halaber, horietako ugari kanpoan utzi behar izan dituzte. «Poema bisualenetako batzuei muzin egin behar izan diegu, haiek publikatzea ez baitzen bideragarria liburuaren maketaziorako neurriekin», nabarmendu du Otxotekok.

Olerkietan ontzen diren gaiak orotarikoak izanagatik ere, bi editoreek argi asko dute Enborretik lanaren leitmotiva zein den: «Bizitzaren alegoria». Juaristiren aburuz, liburua «modu sutsuan eta originalean landutako gai sakonez eta intentsoz blai» dago; natura, izadia, mistikotasuna, gizakia eta jainkoaren inguruko eztabaida izan dituzte ahotan.

Gai horiek guztiak «sinpletasunaren, xumetasunaren eta mistikaren begiradatik» jorratuta ageri dira, Juaristiren arabera. Orobat, liburu osoan nabarmenduta ageri den «kutsu psikomagikoa» aipatu du Otxotekok, hau da, «haratagokoaren bilaketa».

Artzeren alargun Karmen Estebanek ere egiteko funtsezkoa izan du bildumaren sorreran; idazleak egundo argitaratu gabeko testuak eman dizkie editoreei, eta, horietako zenbaitzuk elkarturik, Argitaragabeak atala josi dute. Zati horretan ageri diren pasarte batzuk, gainera, Artzeren zirriborroetatik zuzen-zuzenean inprimatu dituzte, hau da, haren grafia originala erakusten dute. Zirriborro itxuraz publikatu dituzte, era berean, liburuaren gibeleko azalean idatzita ageri diren Gure bazterrak testuaren hitzak.

Hala atzealdeko azal hori nola aitzinekoa Imanol Larriganak marraztu ditu, eta editoreek adierazi dute irudiak «bete-betean» ezkontzen direla liburuak barrenean dakarren mamiarekin. Eta mami horrekin lotura izatea bilatu dute, hain zuzen ere, obraren izenburuan. Otxotekoren iritziz, Enborretik berbak «kontzeptu andana» iradokitzen du: «Artzerekin hain erlazionatuta dagoen egurraren eta, horrekin batera, txalapartaren kutsua du; hitz soila da, baina badu sinbolismotik eta naturatik, haren poemek bezalaxe».

Artzeren jaioterri Usurbilgo alkateak, Solaberrietak, adierazi du antologiak «Artze oraindik gure artean dela» frogatzen duela. Bestalde, Balea Zuriak egindako ekarpena goratu du: «Pandemia aurretik eman ziguten egitasmoaren berri, eta, egoeraren zailtasunak gorabehera, azkenean lortu dute herri eraikuntzari hainbeste emandako Artzeri dagokion lekua gordetzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.