Albistea entzun

Bidaia kosmiko absurdoei so

Horman Poster kolektiboak 'Souvenir, komeria estralurtarra' antzezlana aurkeztuko du gaur, Bilboko Arriaga antzokian. Etorkizuneko bidaia turistiko espazialen inguruan hausnartu dute, umorez
Maite Aizpurua, Matxalen de Pedro eta Xanti Agirrezabala, astronauta jantziak soinean, <em>Souvenir, komeria estralurtarra</em> antzezlanean.
Maite Aizpurua, Matxalen de Pedro eta Xanti Agirrezabala, astronauta jantziak soinean, Souvenir, komeria estralurtarra antzezlanean. HORMAN POSTER Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko azaroak 10

Noizbait espaziora bidaiatzeko esperantzarekin, entrenamendu kanpamentu batera joango dira hiru astronauta «analogo». Simulakroak eta gainerako prestaketa lanak egiten dituzten bitartean, beste planeta batean utzi nahiko luketen aztarnaz hausnartzea izango da haien misio nagusia, eta, bidenabar, baita turismoaz, etorkizunaz, eta kontzientziaz gogoetatzea ere. Hori du abiapuntu eta ardatz Horman Poster kolektiboaren Souvenir, komeria estralurtarra antzezlanak. Zientzia fikzioa eta umorea uztartzen ditu, eta gaur estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean.

Tragediatik komediarako urratsa egin du kolektiboak oraingoan, baina taldea aldatu gabe. Antigone edo ezetzaren beharra izan zen haien azkeneko obra, eta, izan zuen erantzuna ikusita, —Donostia antzerki saria eta Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetako ikusleen saria eskuratu zituen iaz— orduko formatuari eustea erabaki dute, baina testu klasiko bat interpretatu beharrean, kolektiboaren sinadura duen umorezko lan bat egitea erabaki dute. Igor de Quadra aritu da zuzendari, eta Matxalen de Pedro, Maite Aizpurua eta Xanti Agirrezabala aktore. Jon Ander Urresti, berriz, agertokitik jaitsi, eta zuzendari laguntzaile izan da.

Bidaien eta turismoaren inguruan egindako ikerketa batek eman zien gaiari buruz gogoeta egiteko abiapuntua, Agirrezabalak adierazi duenez. «Konturatu ginen Euskal Herriko lau herri edo hiri turistifikatuenetan bizi ginela, eta bakoitzaren bizipenak eta testuinguruak oso desberdinak izan arren, gaian sakontzen hasi ginen. Baina horri gutxi iritzi, eta, Lur planetatik kanpora, espazioko turismora salto egitea erabaki genuen».

Prozesu «luze bat» abiatu zuten orduan, halakoetan konpainiak egin ohi duen moduan, eta gogoetak iradokitako hariak lotzen hasi ziren pixkanaka, obra sortu ahal izateko. Izan ere, testu idatzi bat egin beharrean, nahiago izaten dute dena eszenan sortu. «Intuizio eta irudi plastiko batzuetatik abiatu da obra. Bazeuden interesgarriak iruditzen zitzaizkigun irudiak, materialak... Horiekin ikertzen eta jolasten sortutako irudiei hitzak jarriz osatu dugu lana».

Ezerezetik abiatutako antzezlan bat da, praktikatik eta eszenaratzetik sortua. «Beharren arabera sartzen dugu bai testua, bai koreografia, bai musika, bai eszenografiak... Eta horrek denbora asko eskatzen du, probatzeko, eta kanpotik begi finekin dianaren erdian jotzeko». Zenbait egonaldi artistiko egin dituzte horretarako: Garaion Sorgingunean (Araba), Azpeitiko Dinamoan (Gipuzkoa), Zornotzako D8 faktorian (Bizkaia), Errenteriako Lekuona Fabrikan (Gipuzkoa) eta Donapaleun (Nafarroa Beherea), besteak beste.

Ironiaren azpiko kritika

Bardean (Nafarroa) girotu dute fikziozko kanpamentua, eta han azaleratuko dira Lur planetatik ihes egin eta espazioa esploratzeko obsesioa duten hiru pertsonaien ametsak, barne gatazkak, galdutako kontzientziak eta irabazitako bizipenak. Umorez eta ironiaz landuko dituzte gogoetak, baina horren guztiaren azpiko kritika alboratu gabe. «Tonu komiko eta ironiko bat hartzen du obrak, baina, funtsean, lantzen ditugun gaiek hausnarketara eramango dute publikoa: kolonialismoa, kutsadura, zoriontasuna, gizakiaren aztarnak... ».

Apustu estetiko nabarmena egin du konpainiak agertokian, eszenografia landu eta «garaikide» bat erabilita. Askotariko materialak eta objektuak izango dituzte lagun agertokian, sarri zientzia fikziozko filmetako irudietara gerturatzen direnak. «Badago 70eko edo 80ko hamarkadetako filmetako iruditeria hori berreskuratzeko ahalegin bat. Erreferentzia horiek jantzietan nabaritzen dira, esaterako», azaldu Agirrezabalak. Miriam Isasi arduratu da eszenografiaz, eta Alberto Etxebarrieta jantziez. Galder Perezen eta Ane Zabalaren off-eko ahotsek ere narrazio lana errazteko balioko dute.

Gaurko emanaldiaren ondoren, beste batzuk ere egingo dituzte: igandean, Azpeitiko (Gipuzkoa) antzerki topaketetan taularatuko dute lana; eta hilaren 26an, Errenterian (Gipuzkoa). Abenduaren 3rako ere antolatu dute saio bat, Zumaian (Gipuzkoa); urtarrilean Getxon (Bizkaia) izango dira, eta martxoan Donostian. Bidaiara batzeko deia egin die ikus-entzuleei Agirrezabalak, antzokiko argiak itzaltzen direnean, espazioko iluntasunean bezala, edozer azaldu daitekeelako: «Ea gure izarrak bilatzen ditugun».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Sorkuntza jada ez da nire munduaren zilborra»

Aitor Biain

Ez du diskorik egin plazan egoteko; plazan dago jada. Baina '#itsasoadabidebakarra' bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, pertsonala bezain kolektiboa den lana. Azken urteetako bizipenetatik abiatuta ondu du, eremu abisaletik ur azalera ateratzeko bidea oinarri hartuta, eta Kubatik joan-etorria egin duten kantuekin.
Gaur egungo musikariez inguratu da John Cale <em>Mercy</em> disko berria ontzeko. ©MADELINE MCMANUS

Erortzen ari den munduaz

Mikel Lizarralde

81 urte betetzear dela, John Calek segitzen du pauso bat aurretik, 'Mercy' bere azken diskoak erakusten duenez. Klasizismoaren eta abangoardiaren artean beti.

 ©ANE GARCIA

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...