Ubik liburutegiko bitartekarien greba

«Guri zegokiguna egin dugu»

Zazpi hilabeteko grebaren ostean, Ubik liburutegiko bitartekariek akordioa lortu dute. Kontziliazioari eta soldatei lotutako hobekuntzak hitzartu dituzte. Gaur irekiko ditu ateak Tabakalerako liburutegiak
Ubik liburutegiko bitartekariak, atzo, Tabakaleran azpikontratatuta dituen Sedena enpresarekin lortutako akordioa ospatzen, Donostian.
Ubik liburutegiko bitartekariak, atzo, Tabakaleran azpikontratatuta dituen Sedena enpresarekin lortutako akordioa ospatzen, Donostian. BITARTEKARIAK MARTXAN

Andoni Imaz - Ainhoa Sarasola -

2019ko abuztuak 8
Gaur, 229 egunen ostean, Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariak lanera itzuliko dira berriz ere. Zazpi hilabete eman dituzte greban. Lan baldintzak hobetzeko eskatzen zieten azpikontratatu zituen Sedena enpresari, eta hari lizitazioa eman zioten Tabakaleraren administrazio kontseiluko erakundeei —Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza—. Azkenean, atzo izenpetu zuten akordioa: lau urtean, %32 igoko da langileen soldata —18.000 eurotik 23.947 eurora—, eta 97 orduko murrizketa izango dute lanaldian —1.742 ordutik 1.645era—. Halaber, igandeetan lan egiteagatik, prestasunagatik eta antzinatasunagatik plusak jasoko dituzte aurrerantzean. Bitartekariak «pozik» daude hilabete luzetako borrokaren emaitzekin, eta haiekin lanean aritu den ELA sindikatuak ere «oso positibotzat» jo du akordioa.

Neurri ekonomikoez harago, kontziliazioari dagokionean ere hobekuntzak hitzartu dituzte, tartean, «egutegi jasangarriago eta ordenatuago bat» eta asteburuetako librantza gehiago izatea, eta uda garaian oporrak hartzeko aukera edukitzea. Eta, hain justu, akordioaren alde hori nabarmendu zuen Maddi Aspiazu ELAko ordezkariak atzo, BERRIAri egindako adierazpenetan: «Lan gatazken amaierako akordioek normalean alde ekonomikoari egiten diote erreferentzia. Kasu honetan, eta abiapuntua ikusita, argi dago ekonomikoki aurrerapauso handiak eman direla, baina baita kontziliazio neurrietan ere; konpentsazio neurriak nahiz lanaldi partzialak lanaldi oso izatera bideratzeko tresnak jartzea lortu da, eta uste dut hori ere oso positiboa dela». Sindikatuak ohar bidez gaineratu zuenez, lanaldien egonkortasuna bermatzeko, bajen ordainketa hobetzeko nahiz akordioaren jarraikortasuna ziurtatzeko beste hainbat klausula ere jasotzen ditu akordioak.

Tabakalerak atzo ohar baten bidez adierazi zuenez, «gatazkaren hasieratik hartutako konpromisoa berretsiz», lizitazio berri bat aterako du Ubik-eko zerbitzuak kontratatzeko, abuztuan bertan. Sedena enpresari bi urterako esleitu zioten zerbitzua hasiera batean, lau urtez luzatzeko aukerarekin. Luzapenean zegoen orain, eta azaroan beste urtebetez jarraitzeko aukera zabalik zegoen. Lizitazio berriaren ondotik, zerbitzua Sedenak edo beste enpresa batek kudeatzen badu, bi kasuetan, lortutako lan baldintzak bermatuta egongo lirateke akordioarekin, baita egungo lantaldeak lanean jarraitzea ere. Horretarako, Tabakalerak aterako duen esleipen berriak diru partida handiagoa jasoko luke.

«Bide oso luze baten bukaera» izan zen atzokoa Ibai Aizpurua bitartekariarentzat, eta «emozio nahasiak» zituen akordioa sinatu berritan: «Guri zegokiguna egin dugula uste dut; guk egin izan ez bagenu, ondorengoek egingo zuketen, denbora kontua besterik ez baitzen». Aizpuruak lehen lan egunetik sumatu zuen kezka inguruan, baldintzak «txarrak» zirelako, eta, azkenean, lantaldeko bederatzi bitartekarik grebari ekitea erabaki zuten abenduaren 22an. Orduan pentsatzen zuten hilabete inguruko kontua izango zela, Bilboko Alhondegiko mediatekakoa baitzen bitartekarien erreferente nagusia; haiek 42 greba egunen ondotik lortu zuten akordioa. Beste horrenbeste beharko zutela pentsatzen zuten Ubik-eko langileek, eta, Gabonetan Donostian elkartzen den jende guztiarekin, arazoa denbora tarte horretan konpontzeko beste presio egingo zutela. «Agintariek sua lehenbailehen itzali nahiko zutela uste genuen; ez zen horrela izan», adierazi zion atzo Aizpuruak BERRIAri.

Aurrekaria eta abisua

Lan baldintzen negoziazio prozesua horrenbeste luzatu izanaren arrazoietako bat da, Aizpuruaren ustean, boterea erakunde askoren artean banatzen dela Tabakaleran. «Guk lan baldintza duinekin itzuli nahi genuen, baina iruditu zaigu agintariei Ubik ez zaiela gehiegi inporta». Bitartekariek lan berezia egiten dute: ez dira liburuzain soilak, baliabideen eta erabiltzaileen arteko zubi lana egiten dute, haiei laguntza eta aholkua emanez. Hain zuzen, horregatik, «ezer ukigarririk» ekoizten ez dutelako, bitartekarien lana ez dela nabarmentzen uste du Aizpuruak. «Ez gara kate baten parte».

Ubik-eko bitartekarien greba «motela» izan da langileentzat, eta Aizpuruak sumatzen du «abisua» ere izan daitekeela kultur azpiegituretan haien moduan ari diren gainontzeko langileentzat. Uste du azpikontratatutako langile gehiago ariko direla pentsatzen greba egin edo ez, eta haiek beldurtzeko modu bat izan daitekeela: «'Zerbait lortu nahi baduzue, zazpi hilabete pasatu beharko dituzue horrela'; neurri batean, ohartarazpena da». Izan ere, kultur azpiegitura ugarik funtzionatzen dute azpikontratazioekin. Hori «tristea» iruditzen zaio Aizpuruari, baina badaki bitartekarien borroka erreferente bilaka daitekeela jendearentzat: lortu dute erakunde publikoek kudeatutako administrazio kontseilu batek baldintza batzuk ezartzea enpresa batek langileak azpikontratatzeari begira.

Orain arte, «aitzakiak» jarri dizkiete erakundeek: «'Ulertzen dugu zuen egoera, baina ez dago gure esku'. Hori gezurra da. Pertsona batzuen esku dago. Eta hau konpondu da pertsona batzuen esku dagoelako». Erakunde publikoek kudeatzen dute Tabakalera, eta Aizpuruari iruditzen zaio jendeak uste duela langile guztiak funtzionarioak direla horregatik, baina ez da hala: langile zuzenak daude, «baldintza duinekin», eta azpikontratatutakoak ere bai, «baldintza kaskarrekin». Bere hitzetan, «Tabakalera da enpresa pribatu bat diru publikoarekin egina».

Luze jo du grebak, eta denbora horretan guztian langileek «beste borroka eredu batzuk mahai gainean jartzeko egin duten apustua» azpimarragarria iruditu zaio Aspiazuri. «Gauza ezberdin asko egin dira, oso berritzaileak, eta ikusgarritasun handia eman dio horrek gatazkari». Greba luze hori «jende gazteak» eraman duela aurrera ere nabarmendu du ELAko kideak, oso positiboa iruditu zaiona. «Gazteak dira momentu honetan agian lan munduan kolektibo prekarioenetako bat, eta gazte kolektibo bat zazpi hilabeteko greba batean murgiltzeak badu bere garrantzia; gehienentzat euren lehen lan gatazka izan da». Aizpuruarentzat «esperientzia handia» izan da greba. Bitartekariek babes ugari jaso dute bidean: kalean, jendeak geldiarazi egin ditu, animoak emateko. Erakutsitako elkartasuna eskertu diete Donostiako Egia auzoari, Bilboko Alhondegiko mediatekari, Irungo liburutegiari eta sare sozialen bidez babesa adierazi dieten guztiei.

Aizpuruarentzat, greban egotea bera «lan bat» izan da ia. «Ehunka milaka» ordu eman dituzte bileretan, Tabakalera kanpoan haien egoera salatzen, eta negoziatzen. «Ez dakit lanaldi osoa den, baina lana da».

Azpikontratazioa muinean

ELAko ordezkariak gogora ekarri zuen azpikontratazioen auzia dagoela gatazka honen eta beste askoren oinarrian, eta sindikatuak maiz salatu izan duela «eskutik prekaritatea» dakarrela horrek. «Administrazio publiko batek erabakitzen duenean zerbitzu bat azpikontratatzea, askotan hitz polit askorekin mozorrotzen du atzean dagoena, dela zerbitzua merkatzea, eta horrek prekaritatea dakar askotan».

Hor ikusten du Aspiazuk gatazkak hain luze jo izanaren gakoetako bat. «Uste dut gatazka hau hainbeste luzatzearen arrazoietako bat izan daitekeela Tabakalerak eta administrazio publikoek orokorrean ikusten zutela kultur munduan lan baldintza duinak lortzeko bideak zabaltzen diren momentuan, muntatuta dagoen sistema horretan arazoak izateko aukera egon zitekeela. Azkenean, ezin da ahaztu kultur ekipamendu asko eta asko azpikontratatuta daudela, eta bitartekarien kasua da bat, baina hainbat eta hainbat kolektibo dabiltza lanean oso antzeko baldintzetan». Eredu horrek, era berean, negoziazioak luzatzea dakarrela ohartarazi du. Administrazioarenak direlako baliabideak, eta enpresa haren zain egon ohi delako erabakiak hartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna