'Lisboako setioaren historia', bigarrenez

Jose Saramago idazlearen liburuaren itzulpena berrargitaratu dute. Jon Alonsok itzuli zuen, 1999. urtean. Orain, Urrezko Biblioteka bildumaren barnean plazaratu dute, «orraztuta eta zuzenduta»

Itziar Diez de Ultzurrun, Jon Alonso eta Xabier Mendiguren, liburuaren aurkezpenean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Jon Alonso idazle eta itzultzaileak (Iruñea, 1958) 1999an euskaratu zuen, lehen aldiz, Jose Saramago idazlearen Lisboako setioaren historia liburua. Hogei urte pasa igaro dira ordutik, baina Alonsok ongi gogoratzen du lehen bertsio hori aurkeztu zuten eguna; izan ere, Saramago ere aurkezpenean izan zen, Bilboko Bideberrieta udal liburutegian. Atzo aurkeztu zuten lanaren berrargitalpena, Koldo Mitxelena kulturunean, Donostian. Hantxe izan ziren Jon Alonso liburuaren itzultzailea, Itziar Diez de Ultzurrun EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko burua eta Xabier Mendiguren Elkarreko editorea.

Urrezko Biblioteka bildumako 18. zenbakia da itzulpen hori, eta, Diez de Ultzurrunek esan zuenez, Literatura Unibertsala deituriko bildumatik eratorri da proiektua: «Hor argitaratutako liburuen aleak eskuraezinak zirela ohartu ginen 2010. urtean; beraz, horiek berriz ere paperean argitaratzeko egitasmo bat taxutu genuen». Horretarako, Eusko Jaurlaritzako kultura sailarekin duten itun bat baliatu zuten: Urrezko Biblioteka izena jarri zioten bildumari, eta Elkarri egokitu zitzaion liburuak argitaratzeko ardura. «Aspaldi itzuliak direnez, orain, berriz ere argitaratzeko orduan, orraztu eta zuzendu egin dira», azaldu zuen Diaz de Ultzurrunek.

Lehenengo bertsioa aurkeztu zutenean, 1999an, Nobel saria jaso berria zen Saramago. Haren alboan eman zituen itzultzaileak euskaratu berri zuen liburuaren inguruko argibideak, eta egun hartako hainbat oroipen kontatu zituen prentsaurrekoan. «Liburu berezia izan zen niretzat. Liburua itzultzen ari nintzenean eman zioten Nobel saria Saramagori; idazle ezaguna zen. Bera eta Pilar del Rio emaztea ezagutu nituen, eta oso hunkigarria eta polita izan zen». Alonsoren aburuz, gauza ugari aldatu dira eleberria lehen aldiz itzuli eta berrargitaratu arte. Haren ustez, «erokeria puntu bat» zuen garai horretan horrelako lan bat euskaratzeak: «Euskararen hizkuntza literarioak aurrera egin du nabarmen; egun,gaitasun handiagoa dugu edozein itzulpen lani aurre egiteko. Garai hartan, bazuen erokeria puntu bat-edo».

Esentzia bertsua

Itzulpenari dagokionez, aldaketa ia guztiak hizkuntzaren aspektu formalei dagozkie, «%95 bat», gutxi gorabehera. Gaur egun jada erabiltzen ez diren gidoiak kendu ditu, garai horretan erabiltzen ez ziren gidoiak gehitu, zenbait h erantsi, beste hainbat ezabatu... «Benetan itzulpena denari oso ukitu gutxi egin behar izan diot», aitortu du. Aldaketak aldaketa, bere burua ezagutu du itzulpena irakurtzean. Hain justu, idazketa estiloari aldaketa gutxi egin izana baliatu du txantxaren bat edo beste egiteko: «Lehen, itzulpen txarra baldin bazen, orain lehen bezain txarra izaten jarraitzen du».

Saramagoren zazpigarren lana da Lisboako setioaren historia, eta, Mendiguren editorearen aburuz, «heldutasun momentu batean» idatzi zuen eleberri hori: «Idazleak urrezko aldi bat eduki zuen sorkuntzari dagokionez, eta liburu hau heldutasun momentu batean egindako eleberri bat da, bai prosaren estiloaren aldetik, bai edukian jasotzen dituen joko, iradokizun eta gogoeta aldetik». Bat dator Alonso ere. Manual de pintura e caligrafia da idazleak egin zuen lehenetariko liburua, eta, Alonsoren ustez, bilakaera sumatzen da Lisboako setioaren historia eleberriarekin alderatuz: «Joritasunean, barrokotasunean eta abar nola irabazi duen ikusten duzu. Ibilbide hori seinalatzen du; liburu honen kasuan, sinpleago bihurtzen du guztia, leunago».

Liburuaren mamia ere ekarri zuen gogora Alonsok: «Bi istorio paralelo kontatzen ditu: Lisboako setioaren inguruko bat eta gaur egunean kokatutako bat; nahastu egiten ditu». Raimundo Silvaren istorioa kontatzen du eleberriak, «adinean sartuxea dagoen testu zuzentzaile lisboar batena», hain zuzen ere. Esan du eleberriaren oinarrian garatzen den gogoeta dela «momentu jakin batean matxinatzeak duen inportantzia»; izan ere, Lisboako setioaren inguruan mintzo den liburu bat zuzentzen ari da pertsonaia nagusia, eta, bere betebeharra alde batera utzita, bai jartzen du ez jarri behar duen lekuan. Hori da abiapuntua, eta maitasun istorio bat ere lantzen du eleberrian; Alonsorenustez, Saramago eta bere emaztearen arteko harremanaren isla izan daiteke maitasun kontakizun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.