Musikaren aurretik datorrena

Oskar Benas musikari eta marrazkilariaren 55 lamina bildu dituzte Kutxa Kultur Plazan, Donostiako Tabakaleran. Kontzertuetarako egindako kartelak dira gehienak

Oskar Benasek Kutxa Kultur Plazan erakusgai jarritako laminetako bi; ezkerrekoa erabili dute erakusketaren kartel gisa. OSKAR BENAS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Bideo joko batetik ateratakoak diruditen bi izaki, lastargi banarekin. Hiru begiko betaurrekoak daramatzan gizon bat, gerritik gora biluzik eta azalean marka batzuekin. Estralurtar gisako hiru figura bigun, egurrezko enbor batzuk garraiatzen. Izaki gehiago eta paisaia gehiago. Jolasetik dutenak, misteriotik dutenak. Mundu arraro bat. Oskar Benasen (Barakaldo, Bizkaia, 1975) eskutik sortua den mundu ezezagun bat. Horixe biltzen du egilearen izen bera daraman erakusketak, Kutxa Kultur Plazan, Donostiako Tabakalerako laugarren solairuan. Katapulta Plataformak sustatuta zabaldu zuten, eta handik bi egunetara utzi zion ikusgai egoteari, koronabirusaren gaitzak guztia hartu eta hori ere jo baitu. Baina han segitzen dute zintzilik Benasen 55 laminek, eta, gaurko egunez ziurtatzerik ez badago ere, ikusgai egon litezke berriz irekitzean. Izan, apirilaren 19ra arte da bertan egotekoa bisitagai marrazkilariaren lana.

Musikaren esparruan egindako bideagatik izango da askorentzat ezaguna Benasen izena. «Oso lotuta nabil musikaren inguruarekin, eta beti egin ditut nire taldeen kartelak eta diseinuak; hortik aurrera sortu da orain egiten dudan lana», azaldu du. Eta, halere, bietan lehena irudia izan zela uste du: «Txikitatik marrazten dut, ez naiz gogoratzen noiz hasi nintzen; hori da nire aktibitatea, nire amodioa eta nire meditazioa. Musika —jotzea, behintzat— askoz beranduago iritsi zen, 16 urterekin. Dibertigarria da, baina ez dakit: gustatzen zait zarata, konpartitzea, baina gehien gustatzen zaidana etxean soinuak nahastea da». Talde askoren sortzailea izan da, 1990eko hamarkadaren hasieratik; 2009an Bilbo Hiria Pop Rock Jaialdian gitarristarik onenaren saria jaso zuen, eta Fermin Muguruza, Maika Makovski, Atom Rhumba edo Cabezafuegoren biretan aritu izan da.

Hala, Kutxa Kultur Plazan bildutako lanetako askok kontzertuetako karteletarako sortuak diren irudiak erakusten dituzte: Mohama Saz Madrilen, Atom Rhumba Bilboko Kafe Antzokian, Cafezafuego Donostiako Le Bukowskin, eta beste. Hala ez direnak Benasen lan propioaren irudiak dira, serigrafian eta edizio digitalean landuak. Eskuz marrazten ditu lehenik, argazkiak atera gero, eta ordenagailuan eman azken ukituak; kolorea, idatzikoz informazioa, behar duena: «Digitalki bukatu arren, beti ematen diot serigrafiaren testura; maite dut itxura hori».

Tonalitate aldetik, berezia da erakusketa, egileak berak berretsi duenez. Gorri-horixkak gailentzen dira irudi askotarikoetan, baina ez da hori Benasek beti erabiltzen duen tonua. «Paleta ezberdinak erabiltzen ditut. Beti ari naiz koloreen erabilera aldatzen, baina gustatzen zait denboraldi baterako berdinekin aritzea. Azkenean aspertu egiten naiz, eta aldatzen ditut; ez naiz koherentziaren lagun berezia izan». Erakusketan tonu gorri-berde-horiak nabarmentzen dira horiek erabili dituelako azken urteetan musika munduan egindako lanentzat. Ez dago ikusgai zuri-beltzean egindako lanik, baina iradoki du hori dela segur aski gehien gustatzen zaiona; besteak beste, autorretratuak egiteko erabili izan duena: «Oso zuzena eta gordina da».

Erakusketaren idatzian hala deskribatzen da Benasen sormen unibertsoa: «Bere obra, bere argi-itzalekin, kaosaren ikuspegi mistikoa eta kosmosaren esperimentazio sentsuala batzen dituena, ezagutza iturri agorrezina da, emozioen sortzaile eta pertsonen arteko harreman beti bat eta betierekoan oinarritua». Benas: «Deskribapen hori kazetari batek idatzi zuen. Nik ez dakit zergatik marrazten dudan. Badakit errealitatea, hondoan, zerbait oso bizarroa sentitzen dudala, eta, orain begiekin ikusten dugun bezala, ez dudala hori kopiatzen ibiltzeko asmoekin aritu nahi». Eta horregatik hiru begiko izakiak, sorbaldetatik bi orburu eta lepotik argi bola bat ateratzen zaizkion jaka bat, beste sasoi bateko gerrillariak eta astronauta hegaldunak.

«Nire erritmoan»

Idatzi berak iradokitzen duenez, Benasen arte grafikoak ihes egiten dio jarduera artistiko bat garatzeko eta abangoardiaren esparruan kokatzera heltzeko bide bakarra «baliabide teknikoak» direla dioen pentsamenduari. «Ez dago ezer urrunagorik funsgabekoa eta azken-azkenekoarekin hain kontsekuentea den kontsumismo horretatik, gaizki deitutako panorama independente horretatik, zeinaren gainean teorizatzen duten beren burua erdi-jainkotzat duten mukizu handiputzek». Eta Benas ondotik: «Hori ere kazetari berak idatzi zuen». Baina bat egiten du harekin: «Nire erritmoan egiten dut lan, bai artean, bai musikan, eta bizitzan ere hala bizi naiz. Industria ez zait inporta, ahal den neurrian behintzat. Dirua garrantzitsua da, baina ez da motorra».

Musikan, Bongho Krappul musika instrumentaleko proiektuan ari da orain Benas, eta segitzen du Atom Rhumbarekin —«zuzenekoan geldialdian gaude, baina disko berria grabatuko dugu»— eta Maika Makovskiren ere. «Deitzen didate proiektu berrietan sartzeko, baina ez dut jo nahi musikari profesional bezala, ez naiz hala sentitzen. Maite ditudan proposamenak esku batekin konta ditzaket: esandakoak eta beste bi, Fermin Muguruza eta Cabezafuego. Aritu naizen gainontzekoak nik muntatutako bandak izan dira».

Salbuespenezko egunotan egunerokoari eutsiz segitzen duela azaldu du. «Jarraitzen dut etxean margotzen eta lan egiten, bai grafikoekin, bai musika ekoizpen batzuekin». Etorriko dena «ongi etorria» izango dela dio: «Honek usain iluna du. Ez dakit iskanbila honen guztiaren egia erakutsiko diguten egunen batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.