Zuloagari dagokion museoa

Daniel Zuloaga artistaren hogei metro koadroko horma irudi bat eskuratu du Bilboko Itsasmuseumek. Meatzaritza eta industria giroak agertzen dira, itsasoari estuki lotuta

Jon Ruigomez, Jon Correll, Goizane Bengoetxea, Lorea Bilbao eta Maite Paliza, artelanaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Hiru jaberen eskuetan eta pare bat etxebizitzetako hormetan egon ondoren, Bilboko Itsasmuseum izango du kokaleku hemendik aurrera eta behin betiko Daniel Zuloaga artistak (Madril, 1852-Segovia, Espainia, 1921) Tomas Allenderen etxeko atondorako ondutako horma irudiak. 1900. urtean jaso eta gauzatu zuen enkargua Zuloagak, eta obra suntsitzeko zorian egon zen 1960an hark apaintzen zuen etxea erauzi zutenean; urteen joanean artelanaren erdia baino ezin izan da kontserbatu —jatorrizko 54 metro karratuetatik hogei inguru, eta zortzi eszenetako lau baino ez—, eta hori da dagoeneko museoan bisitatu ahal izango den pieza, Goizane Bengoetxea eta Jon Correll egungo jabeen dohaintzari esker.

Obrak industriaren eta meatzaritzaren garapenaren paisaiak agertzen ditu, eta itsasoari lotutako bizitzan modu «berezian» sakontzen du, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura foru diputatuak nabarmendu duenez: «Izan garena eta orain garena transmititzen du, zeramikaren bitartez. Balio artistiko eta historiko oso handia du», adierazi du. Zehazki, pieza lau zati edo eszenatan banatuta dago, eta kolore horixkadun harlauzekin osatutako pilastra batzuek banatzen dituzte eremuok.

Lehenengoan, Labe Garaiak ageri dira itsasadarraren hondoan; bigarrenean, mineralak garraiatzen ari dira hainbat txalupa; hirugarrenak ere itsasoa du hizpide, Rive de Cier La Rochelle mineral garraiatzailea ageri baita, Oscar Hauser eta Adolf Meneten posta txartel batetik hartua; azken irudian, berriz, Ladislas Konarzewskiren argazki batetik kopiatutako modelo bat paratu zuen Zuloagak aire zabaleko meategi baten aurrean. Zokaloetan kerubinak eta ninfak pintatu zituen artistak, txalupetan horiek ere. «Artelanak itsasoaren alde ezberdinak erakusten ditu», adierazi du foru diputatuak.

Mende aldaketako testuingurua agertzeagatik ez ezik, obrak esangura du orobat Zuloagaren ibilbide artistikoan duen tokiagatik ere, Maite Paliza Artearen Historian katedradun eta Zuloagaren obran adituak azpimarratu duenez. Dioenez, Zuloaga bere garaiko zeramistarik «onena» izan zen, eta, gainera, horma irudia bere «garairik onenean» ondu zuen; hala baiteritzo Palizak XIX. mendearen bukaeratik XX. mendeko lehen urteen bitarteko artistaren jardunari.

Adituak «garrantzitsua» deritzo obrari, halaber, «garaiko estiloak azaltzeko». Hiru konbinatzen baititu horma irudiak, Palizak xehatu duenez: modernismoa, errealismoa eta erregionalismoa. Modernismoa islatzen dute pilastrek, hornidurazko landareek, zeramikaren distirak eta figuren ahultasunak. Bestalde, errealismoa jorratzen dute fabriketako irudiek eta lan giroak, oro har. Azken eszenan ageri da «batez ere» erregionalismoa, sardina saltzailearen figura herrikoian baitago gorpuztua, dioenez.

Obraren esangura harago doa, halere, adituak azpimarratu duenez: «Munduan ez dago beste museorik Zuloagaren tamaina honetako obrarik duenik. Segovian duen museoak ere ez du halakorik». Izan ere, jatorrizkoa baino txikiagoa izan arren, Zuloagaren horma irudiak duen tamainak «konplexu» suertatu du obraren lekualdaketa eta muntaketa, Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak azaldu duenez. Museoak erakutsiko duen horma irudia ia hiru metro luze eta zazpi bat metro zabal da, eta, horrenbestez, «kirurgia lana» egin behar izan dute Lezamatik (Bizkaia) Bilbora ekartzeko: «Eraikinaren bibrazioak saihesteko zurezko bastidorea egin diogu propio», azaldu du zuzendariak. Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu ditu lanok.

Arrastoaren atzetik

Palizaren hitzetan, Zuloagaren horma irudiak «gorabehera askoko historia» izan du, eta, hori hala izanda, «ia miraria» deritzo adituak topatu eta museoan erakutsi ahal izateari. Palizak bazuen obraren berri, eta haren inguruko ikerketak ere eginak zituen artelana aurkitu baino lehen. Jabeak jarri ziren harekin harremanetan obran zuen interesaren ondorioz, eta begitandu zitzaielako halako lan batek museoren batean egon beharra zuela, edonork bisitatzeko moduan. Aldundikoek 2019an ezagutu zuten pieza, eta ordutik aritu dira Palizarekin elkarlanean, besteak beste, hura eskuratzeko.

Manuel Allenderen aginduz eraiki zituzten Indautxu auzoko lehen lau etxeak. Tomas Allende semeari egokitu zitzaion etxeko atondorako enkargatu zion horma irudia Severino Atxukarro allendetarren arkitektoak Zuloagari 1900ean, eta etxebizitza apaintzen egon zen harik eta etxea bota zuten arte, 1960an. Etxearen garaiko jabeak, Daniel Errazuk, artelana partzialki salbatu zuen, eta Lezaman eraikitzen ari zen etxera eraman zuen. Han eman ditu 60 bat urte, eta handik ekarri dute museoko bigarren solairura, ontzigintzaren eremuaren parean dagoen meatzaritza eta industriaren atalera. «Itsasmuseum testuinguru paregabea da obrarentzat. Piezak bat egiten du museoaren eta areto honetako diskurtsoekin», adierazi du Ruigomezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.