Tokioko Olinpiar Jokoak

30 kirolari distira egiteko prest

Euskal Herriko 30 kirolari arituko dira Tokioko Olinpiar Jokoetan, hamabi kirol modalitatetan. Jon Rahmek munduko lehen postuan dela ekingo dio lehiaketari

Jone Bastida Alzuru.
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Uztailaren 23an, ostiralean, hasiko dira Tokioko Olinpiar Jokoak, eta 30 euskal kirolari arituko dira; Rio de Janeiron baino bost gutxiago, eta Londresen adina. Hala, Euskal Herriko 30 lagun dira Tokion distira egin nahi dutenak. Hamabi kirol modalitatean arituko dira: atletismoan, futbolean, eskubaloian, txirrindularitzan, piraguismoan, golfean, waterpoloan, badmintonean, arraunean, belan, surfean eta belar hockeyan.

Eskarmentu handiko kirolariak lehiatuko dira bertan. Maialen Chourraut eta Ander Elosegi dira Jokoetan esperientziarik handiena duten euskal herritarrak, piraguistak biak: laugarren aldiz hartuko dute parte. Chourrautek urrezko domina lortu zuen azken Olinpiar Jokoetan, eta Pragan egindako Munduko Kopan seigarren postua lortu berri du. Elosegik, berriz, esana du domina bat eskuratzea izango duela Tokioko erronka nagusia. Dominarako hautagaia da Iñigo Peña piraguista ere.

Nabarmentzekoa da, gainera, Jon Rahmen egoera. Golf jokalariak debuta izango du Olinpiar Jokoetan, baina munduko lehen postuan dela ekingo dio lehiaketari, Erresuma Batuko Irekian hirugarren postua erdietsi ondoren. Domina bat eskuratzeko hautagai sendoetako bat izango da.

Horiez gain, Tokion parte hartuko duten euskal kirolari gehienak estreinakoz lehiatuko dira Jokoetan, nahiz eta makina bat diren bigarrenez arituko direnak ere. Atletismoan lehiatuko dira gehien: sei; bost futbolean, lau eskubaloian, lau txirrindularitzan, hiru piraguismoan, bi golfean, eta bana waterpoloan, badmintonean, arraunean, belan, surfean eta belar hockeyan.

30 euskal kirolarietatik 27 Espainiako selekzioarekin lehiatuko dira. Marokokoarekin joan da Najida Maayuf atleta, eta Frantzikoarekin Kevin Peponnet (bela) eta Pauline Ado (surfa). Gainera, Jorge Dueñas bilbotarra Brasilgo emakumezkoen eskubaloi taldeko teknikari moduan arituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.