Alda Merini eta Saint-John Perse, Munduko Poesia Kaiera berriak

Aiora Enparantza Armentiak ekarri du euskarara Merini; eta Santi Leonek Perse. Maialen Berasategi eta Isabel Etxeberria izango dira bildumaren arduradunak aurrerantzean

Aiora Enparantza Armentia eta Santi Leone itzultzaileak, atzo, Donostian, Alda Meriniren eta Saint-John Pereren kaierak eskuetan hartuta. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Beste bi liburuxkarekin, 40. zenbakira heldu da Susa argitaletxearen MPK Munduko Poesia Kaierak bilduma. Alda Merini italiarrak hartu du 39. zenbakia, Aiora Enparantza Armentiak ekarria; eta 40.a, berriz, Saint-John Perse guadalupearrak, Santi Leoneren itzulpenean. «XX. mendeko bi poeta interesgarri, oso ezberdinak», aurreratu du Beñat Sarasolak. «XX. mendeko poeta eskisitoenetako bat da segur aski Perse, mendearen lehen erdiari lotua; oso poesia berezia da harena, abangoardiatik, sinbolismotik, gertu dagoena, ukitu kritikokoa; Merini, berriz, mendearen bigarren erdikoa da gehiago, lirikoagoa, nahiz eta sinbolismorako, estetizismorako joera ere baduen».

Lan berrien aurkezpena bildumaren zuzendaritzan egingo duten eskualdaketa iragartzeko eta egindako lana eskertzeko ere baliatu zuten atzo argitaletxeko kideek: Sarasola izan da MPK-ren editorea egitasmoa martxan jarri zutenetik, 2014an, eta, 40 kaieretako sorta osatuta, Maialen Berasategik eta Isabel Etxeberriak hartu dute ardura orain.

Sarasolak azkenengoz idatzi die, hala, hitzaurrea kaierei. Merinirenean, nabarmendu du haren izena maiz ospitale psikiatrikoei lotuta agertu izan dela, «haren poesia esperientzia hura gabe esplikatzea kasik ezinezkoa balitz bezala». Ezinbestez aipatu du Enparantzak ere, faxismo italiarraren giroan jaio eta 16 urterekin sartu zutelako aurrenekoz gisa horretako ospitale batean, nahasmendu bipolarra diagnostikatuta. Hasia zen idazten ordurako, eta oso gazte zela sartu zituen Giacionto Spagnletti literatur kritikariak, liluraz, haren bi poema Antologia della poesia italiana contemporanea 1909-1949 liburuan.

Handik gutxira kaleratu zuen bere lehen olerki bilduma, Orfeoren presentzia, eta segidan gehiago. Lehen alabaren pediatrari eskainiko zion 1961eko Zu zara Pietro. Enparantzaren esanetan, lan garrantzitsua izan zen azken hori, «hogei urteko isilune bat» etorri baitzen ondotik. «Autobiografian kontatzen du oso nekatuta zebilela, nabaritzen zuela burua nahasia, saiatzen zela senarrari kontatzen, baina alferrik. Gau batean, aulki bat jaurti zion, eta anbulantziak eroetxera eraman zuen bera». Hamar urte igaro zituen han, «ezohiko behaketa lekutzat» zuen «eroetxean», eta aldi motzetarako etxera bueltatzen zen.

Lur santua-rekin (1984) itzuli zen poeta. Berriz ezkondu, Italia hegoaldera lekualdatu, eta alarguntzean Milanera bueltatu zen berriz. Emari poetiko handiko garaia izan zuen hori, eta Maitasun delirioa-rekin (1989) heldu zitzaizkion «aitortza poetikoa eta arrakasta mediatikoa; poemengatik bainoago, bere bizitza bereziarengatik».

Enparantzak oroitarazi du 12 urterekin eskola utzi behar izan zuela, eta horrek bere jario «naturala» ezaugarritu zuela. «Zaila da sailkatzen Merini. Spagnolettik zioen aro modernoko mistizismoarekin lotu zitekeela, baina, era berean, bere poemak oso lotuta daude bere egunerokoarekin eta traumekin. Horrek esan nahi du oso garaikidea ere izan zela».

«Gizona eta poeta»

«Guadalupen, Saint-John Perse ez, Alexis Lerge izeneko bat sortu zen», abiatu du azalpena Leonek. Etxe «onean» sortu, eta, uharteko populazioa bere eskubideak eskatzen hastean, Pauera (Frantzia) mugitu zen familiarekin. Bordelen hasi zen idazleekin elkartzen, eta Andre Gide izan zuen «defendatzaile nagusia», zeinari esker publikatu baitzuen lehen lana, 1911n: Gorazarreak, Guadalupeko jendea eta paisaia jasoz. Leone: «Hor ikusten dira bere poesiaren ezaugarriak: iruditegi oparoa, hitz zehatzak, batzuetan teknikoak, irudi kriptikoak...».

Diplomazia lanagatik Txinan egon zen 1916tik 1922ra. Han idatzi zuen ospea ekarri zion Anabasia (1924), eta orduan hartu zuen Saint-John Perse goitizena. «Saint-John, anglofiliagatik, eta Perse, Ekialdearekiko liluragatik». Poema liriko eta era berean narratiboak landu zituen, «herrien mugimendu handiak» gaitzat hartuz. Besteak beste, T. S. Eliottek eta Walter Benjaminek itzuli zuten.

Perseri ere hogei urteko isilaldia etorri zitzaion. Leoneren esanetan, garbi bereizi ohi zituen «gizona eta poeta», eta diplomazia utzi arte ez zuen gehiago publikatu, harik eta, AEBetara ihes egitean, berriz hartu zuen arte. Han eman zuen Erbestea (1942), besteak beste, eta aitortza zabala heldu zitzaion gero; tartean, 1960ko Nobel saria. Biografia ere idatzi zuen, «puztua», Leoneren iritziko: «Saint-John Perseren mitoa biribiltzen saiatu zen, Alexis Legeren biografia kontatzen bainoago».

MPK-k biltzen dituen poeta kanonikoen artean kokatu du Perse Leonek. Aitzitik, egun nahiko «atzenduta» geratu dela iruditzen zaio. Aitortu du «zaila» dela tarteka irakurtzeko, eta hala egin zaiola itzultzea ere. Liburu bakoitza poema bakar bat bezala ulertzen zuela ere aipatu du, eta hautaketa konplikatu diola horrek. Azkenean, Anabasia, lehen liburuko haurtzaroari buruzko atal bat —«paradisua galdu duen printze baten antzera» aurkeztu zuen bere burua—, Erbestea-ko bi atal eta beste bi poema sartu ditu. «Perseren poesia entzutea itsas karakola bat entzutearekin alderatu zuen batek, monotonoa izan zitekeela, baina behin eta berriz itzultzekoa. Uste dut azertatua dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.