Albistea entzun

Bizi gabe utzitakoak barne

'Inertzia' izeneko lan berria eman du Birkitek, bederatzi kantukoa. Taldearekin grabatzeko urratsa egin du oraingoan, eta Mikel Kazalisek ekoitzi du diskoa. Mukuruk plazaratu du
Patxi Agirre (baxua), Ilargi Agirre (bateria), Birkite Alonso (gitarra, ahotsa) eta Mikel Palenzuela (gitarra) aritu dira <em>Inertzia</em> diskoan.
Patxi Agirre (baxua), Ilargi Agirre (bateria), Birkite Alonso (gitarra, ahotsa) eta Mikel Palenzuela (gitarra) aritu dira Inertzia diskoan. BIRKIT Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko urtarrilak 4

«Nagusiago egin ahala, ohartzen zara bizitzak nondik eta norantz mugitzen zaituen. Lan aukerak, esperientziak, kantuak, pertsonak... Sentitzen dut horietako asko heldu direla gehien behar nituenean; asko azaldu didate, eta, gero, zerbaitek eraman egin ditu, euren funtzioa bete eta joan egin balira bezala». Harrapatzen zaila den mugimendu horren ardatzean ondu du Birkitek lan berria, eta hitz bakarrean sintetizatu du dena: Inertzia (Mukuru). Eorann eta Red Carmine taldeetan ibili ostean, sei urteko etena egin, eta bakarkako bidean ari da ordutik Birkite Alonso. Emen plazaratu zuen 2017an, gitarra elektriko eta piano hutsarekin, eta taldean grabatu du orain lan berria.

Hala ondu arren, taldean, berak idatzi ditu diskoa osatzen duten kantu ia denak, bederatzi denera. «Ia guztiak zuzenekoetan jotzen nituen, bakarrik, looper-arekin». Bizpahiru urtez aritu da kontzertuak bakarrik ematen, eta hasieran erronkatzat izan zuen hori «gogorra» ere egin zaiola dio; azkar hasi zela laster taldea biltzeko ideian pentsatzen: «Neure buruari frogatu nahi nion bakarrik ere egin nezakeela, gitarra elektrikoarekin eta looper-arekin soilik. Baina, aldi berean, oso argi neukan hurrengoa taldearekin izango zela, zeren nekatuta ere amaitu baitut. Oso aldi emankorra izan da, eta gauza pila bat sentitu ditut, batez ere askatasun handia, musikalki zein pertsonalki. Baina gogorra ere egin zait».

Bera gitarran eta ahotsean mantenduta, musikari hauekin aritu da lan berrian: Ilargi Agirre baterian (Perlak, Mice, Hatxe), Mikel Palenzuela gitarran (Tilde, Madera) eta Patxi Agirre baxuan (Perlak). Diskoa ixten duen Ezinbestekoaren ziega kantuan Idoia Hernandez Hatxe musikariak ere hartu du parte, eta Aitziber Orkolagak egin du diseinua. Diskoaren bueltan bildutako lantalde hori ere «inertziak ekarri izana» ospatu du Alonsok: «Ilargiri aspaldi egin nion proposamena, baina itxaroteko esan zidan; Mikel Bartzelonan bizi izan da, baina azkenean Bilbora etorri da; Patxiren baxu ilun eta pausatu horiek Perlak-en ezagutu nituen, eta beti gustatu zaizkit asko... Badirudi inertziak ekarri duela gu denok batu ahal izatea».

2020aren amaierarako prest zeukaten diskoa, baina, pandemiak eragindako neurri aldakorren ondorioz, argitalpena atzeratzea erabaki zuten, eta bitarte horretako denborak diskoaren soinua aldatu duela sumatzen dute orain. Alonsok azaldu du «nahiko zikina» zela 2020ra arte sortutako guztia, batik bat «distortsio asko» sartzen zituelako berak. Pandemiaren pausa izan da, Delay pedala baliatuz, «atmosfera garbiagoen» alde lerratzera eraman duena: «Diskoaren soinua garbia da, eta pandemiari esker izan da hori; denbora gehiago eman digu gauzak garatzeko eta berritasunak sartzeko».

Salbuespen bat dago garbitasun horretan: diskoa irekitzen duen eta hari izena ematen dion kantua. Indarrez irekitzen du lana, ondotik etorriko dena baino indartsuago: «Aurretik egindako post-rockarekiko lotura da Inertzia, zubi bat aurreko albumetik hona. Horrekin hasten ditugu kontzertuak, derrigor».

Oro har, noise ukituak eta folk eta rock independentearen eragina nabarmendu izan da Birkiten musikan—lan berriko My woman kantuan, kasu batera—, eta, jauziak jauzi, berretsi egin du estilo horiekiko lotura Alonsok: «Batez ere emakumezkoek egindako folk-rock pila bat entzun dut. Agian, azken urteetan, gitarren mundura itzuli naiz gehiago, baina, esandakoa, dagoeneko distortsiotik urrunduta, eta oinarria kolpe garbietan bilatuz».

Hitzen atzean, bide bat

Diskoan azken bost urteetan bere «barruan gertatu dena» bildu duela ere iruditzen zaio egileari. «Sentitzen dut hainbat gauza neureganatu eta ulertu ostean, nengoen lekura itzuli nauela inertziak, baina beste ikuspegi batekin; aberastuta, bai harremanen esparruan, bai musikarenean».

Begizuloetatik, Mina, Ezinbestekoaren ziega... karga pisutsua izan dezaketen zenbait hitzek ere eman diote tonu bat lanari, eta diskoan oinazea ere badagoelako izan dela aitortu du musikariak. Nolanahi ere, oinaze horretan gozo geratzeko ez, «hortik ateratzeko eta hori onartzeko» baliatu duela ñabartu du: «Diskoko hitzen atzean bide bat dago, frustrazioak onartzen ikastearena». Etsien artean, musika bizibidetzat hartu ezin ahal izatea edo zaintza lanen alde nekagarriena aipatu ditu: «Egin ditudan hautuekin zoriontsu naiz, baina badakit hautu horietako batzuk egin izan ez banitu beste bizitza mota bat izango nukeela, agian estuagoa ekonomikoki, baina emozionalki biziagoa. Eta bizitzen ari ez naizen horren guztiaren nostalgiak eragiten didan mina ere badago diskoan».

Eta, hain justu, hori jasotzen duten Alessandro Bariccoren hitzak lotu dizkio Mina kantuari: «Min bitxia da... inoiz biziko ez duzun zerbaitengatik nostalgiaz hiltzea».

Zuzenekoetan entzun dituztenek diskoan baino «gordinago» antzeman dituztela esan diote, eta berak ere aldea nabaritzen duela aitortu du Alonsok: «Diskoan dena dago behar duen tokian, geratu zaigu polita, gustura entzutekoa, baina zuzenekoa gordinagoa da, ez hain garbia». Eta onarpena aho txikiz: «Agian nire gustukoagoa».

Mikel Kazalisekin grabatu dute lana Fidelenean, Zarautzen (Gipuzkoa). «Bera metaletik etorrita, banituen nire aurreiritziak, baina gauza pila bat egin ditu, eta oso fina eta perfekzionista da; pertsona berezia». Kazalis parte izan zen Negu Gorriak-en bertsio bat ere badakar gainera diskoak, Amodiozko kanta-rena. «Iñigo Muguruza joan zitzaigunean hasi nintzen zuzenekoetan moldatzen. Taldekideei gustatu zitzaien erakutsi nienean, eta orain polita da biek bat egin izana diskoan».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Oier Guillan, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi ©Jakin

Idoia Beratarbide eta Oier Guillan dira Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren irabazleak

Isabel Jaurena

'Artxibo biluzia' saritu dute, Torrealdairen artxiboen lapurreta abiapuntu duen proiektua.

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Paulo Ostolaza

Ireki ditu ateak Landako guneak. Ikasleak izango dira goizeko protagonistak, eta 14:30ean hasiko dira Ahotseneako ekitaldiak.

Langileak Durangoko Landako guneko salamahaietako bat prestatzen, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eztanda baten esperantzan

Iñigo Astiz

Gaur hasiko da Durangoko 57. Azoka, eta, azken bi urteetako gorabeheren ondoren, pandemia aurreko itxura berreskuratzeko erronka izango du aurrez aurre igandera bitarte. Musikaren euskarri fisikoen krisiak eta prezioen igoerak eragindako ziurgabetasunari ere erantzun beharko dio.

 ©Aritz Loiola, FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...