Conde, Chopin eta O'Brien Literatura Unibertsala bildumara

Joxe Mari Berasategik euskaratu ditu Conderen 'Bihotza negar eta irri' eta Chopinen 'Ekaitza eta beste 34 ipuin'; O'Brienen 'Landa aldeko neskak', berriz, Gema Lopezek itzuli du

Joxe Mari Berasategi eta Gema Lopez Las Heras, atzo, Donostian, eurek itzulitako liburuak eskuan dituztela. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Erein eta Igela argitaletxeek beste hiru liburu argitaratu dituzte Literatura Unibertsala bilduman, Eusko Jaurlaritzaren eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen laguntzaz: Maryse Conderen Bihotza negar eta irri eta Kate Chopinen Ekaitza eta beste 34 ipuin, Joxe Mari Berasategi Zurutuzak euskaratuak, eta Edna O'Brienen Landa aldeko neskak, Gema Lopez Las Herasek itzulia. Atzo aurkeztu zituzten, Donostian, Lander Majuelo Igela etxeko editoreak, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak eta Itziar Diez de Ultzurrun EIZIEren lehendakariak lagunduta.

Hiru idazleen artean, Chopin da lehendik euskarara itzulita zegoen bakarra; Ana Moralesek, Garazi Ugaldek eta Maite Urzaak haren ipuin batzuk itzuli zituzten sarean, eta Xabier Monasteriok Esnatzea nobela itzuli zuen iaz, Testu Zaharrak bilduman.

Hiruren ahotsa ezberdina da, Majueloren arabera, haien adinagatik eta jaioterriagatik. Chopin 1850ean jaio zen: «Nabari da, estiloan eta narratzeko tekniketan». Conde eta O'Brien 1930eko urteetan jaio ziren, bata Guadalupe uhartean, Karibeko kolonia frantziarrean, eta bestea Irlandan: «Alde horretatik oso ezberdinak dira». Bada hirurak elkartzen dituen begirada bat, ordea, editorearen ustez: «Borondate bat dute jende xumea, txiroak, natiboak, esklabo izandakoak... duintasunez tratatzeko».

Maryse Boucolon izenez jaio zen Conde, 1937an, Guadalupeko Pointe-a-Pitre hirian. «Gogor lan eginez burgestutako beltzen alaba» da, Berasategik kontatu duenez. Heziketa «frantses-frantsesa» jaso zuen, etxean gurasoek baztertu eta ezkutatu egiten baitzuten kreolera, arbasoen hizkuntza. Gaztetan Parisera joan, eta giro antikolonialean murgildu zen. Gerora, hainbat urte igaro zituen Afrika mendebaldeko kostan; ondoren, AEBetan aritu zen irakasle, eta Okzitanian bizi da egun. Ezinduta dago, baina burua argi du; iazkoa du nobelarik berriena: L'évangile du nouveau monde (Mundu berriko ebanjelioa).

Bihotza negar eta irri liburua hamazazpi kontakizun laburrek osatzen dute. Ene haurtzaroko istorio egiazkoak du azpititulua. Maryse Boucolon haurra da protagonista, eta irakurleari erakusten dio nola doan mundua deskubrituz. «Kontatzeko modu soila du, baina begi eta belarri erneak, gertakarien arrazoi gordeak antzemateko», esan du Berasategik. Haren ustez, idazlea «trebetasun handiz» jartzen da haurraren larruan.

Chopin AEBetan jaio zen, Saint Louisen (Missouri), 1850ean, eta han bertan hil zen, 54 urterekin. Txikitatik frantses eta ingeles elebiduna izan zen, bi komunitateetako parte; sortzez, O'Flaherty Faris ziren haren deiturak. Gaztetatik izan zuen idazteko zaletasuna. Langile jende xeheaz idatzi zuen batez ere, eta, Berasategiren arabera, haren obrako pertsonaien artean «esklabo askeak eta ondorengoak» eta «emakume batere ez konbentzionalak, emakume eskubidedunak» nabarmentzen dira.

Ekaitza eta beste 34 ipuin bildumako narrazioak Ana Moralesek hautatu ditu, eta argitaratu ziren hurrenkera kronologikoan eman dituzte. Ipuinek kotoi plantazioetako giroa erakusten dute, eta AEBen hegoaldeko neskame eta morroien istorioak kontatzen dituzte, «duintasunaren desiraz eta aldarriz», itzultzailearen hitzetan. «Ipuinek magia berezia dute, definitzen zaila, baina harrapatzen zaituena».

Elizak debekatutako nobela

Edna O'Brien Irlandako Tuamgraney herrian jaio zen, landa aldean, 1930ean, eta haurtzaro gogorra izan zuen: aita alkoholikoa eta jokozalea zuen, eta ama, berriz, erlijiozalea eta zorrotza. Txikitatik sentitu zuen handik alde egiteko premia; Dublinera joan zen ikastera, handik Londresera, eta argitaletxe batean hasi zen lanean. Argitaletxekoek, haren testuen kalitatea ikusita, liburu bat idaztea proposatu zioten. Horrela idatzi zuen, 1960an, Landa aldeko neskak, bere lehen nobela.

Liburuak bi protagonista ditu, herrixka batean bizi diren bi lagun. Bata baserrian bizi da, eta aita alkoholikoa du; bestea, berriz, familia aberats batekoa da. Izaera desberdina dute, baina biak daude aspertuta, eta hirira alde egiteko gogoz. Hala, elkarrekin joango dira Dublinera, bizimodu libreago baten atzetik.

Eleberriak oihartzun handia izan zuen, protagonistek uko egiten ziotelako Elizak ezarritako bizimoduari. Debekatu egin zuten herrialde osoan, eta kritikariek gogor hartu zuten O'Brien, Lopezek kontatu duenez. «Gaur egungo irakurleari, seguru asko, ez zaio irudituko liburuan zentsuratzeko moduko ezer dagoenik. Izan ere, nobela xume eta inuzente samar bat da. Horregatik da garrantzitsua testuinguruan jartzea, ulertzeko itxura batera tolesgabea ematen duen istorio batek zer-nolako eskandalua eragin zuen Irlanda ultrakatoliko hartan».

Lopezek itzuli duen lehen literatur lana da Landa aldeko neskak, eta, aurkezpenean esan duenez, bereziki gozatu du elkarrizketa jorietako lagunarteko hizketa euskaratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.