Artisau metodiko baten artea

Nestor Sanmiguelek 1980ko hamarkadatik gaur arte sortu dituen lanen hautaketa bat ikus daiteke Gasteizko Artium museoan. Marrazkiak eta margolanak testuarekin uztartzen ditu

Testuak eta irudiak tartekatzen ditu artistak, patroiak sortuz. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Artista bainoago, artisaua da Nestor Sanmiguel Diest (Zaragoza, Espainia, 1949). Izan ere, haren sorkuntza lanek gehiago dute usadioz egiten diren eskulanetatik, ohiko marrazkietatik edo margolanetatik baino. Modu mekaniko eta metodiko propioa darabil artistak: marra zuzenak eta lauki ordenatuak eskuz idatzitako testuekin tartekatzen ditu paperezko koadroetan, behin eta berriz errepikatzen diren patroiak sortuz, eta irudiaren eta testuaren arteko mugak lausotuz. Hori da Sanmigelek lau hamarkada baino gehiagoko sorkuntza ibilbidean utzi duen marka, eta hala berrets daiteke Gasteizko Artium museoan ikusgai dagoen La peripecia del autómata (Automataren pasadizoa) erakusketan. Azaroaren 1era bitarte egongo da zabalik.

Erakusketa ez da atzera begirako soil bat, hala ere; artelanen hautaketa bat da, 1980ko hamarkadatik gaur egunera arte sortutako guztiaren «lagin txiki bat» baino ez baitu erakusten. Guztira, 80 artelan inguru daude ikusgai, horiek sortzeko Sanmiguelek lan koadernoetan egin zituen marrazki eta irudi sorta zabalaz gain. Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria izan da komisario lanak egin dituena, eta Madrilgo Reina Sofia museoarekin elkarlanean egin duten proiektuaren parte da erakusketa. Hain zuzen, bi egoitza ditu egitasmoak: Madrilen daude obra batzuk, eta Gasteizen beste batzuk, eta bi erakusketak aldi berean daude ikusgai. «Artxiboetan hainbeste obra zegoen, egoki iruditu zitzaigun aldi berean bi erakusketa egitea», esan du Herraezek. «Desberdin irakurriko da toki bakoitzean, hala ere».

Madrilen dauden lanak 1980ko eta 2000ko hamarkadetan egindakoak dira, eta Gasteizen daudenak, aldiz, 1990eko urteetakoak eta berriki egindakoak. Herraez: «Artiumeko erakusgeletan ikus daitezkeen pieza batzuk ezinbestekoak dira Sanmiguelen ibilbidea ulertzeko: paperaren erabilerari dagokionez, lan prozesuari, serieetan lan egiteko moduari eta hura inguratzen duen guztiari egiten diote erreferentzia».

Artistak Gasteizekin duen lotura lehenagotik dator, hala ere. Ibilbide artistikoa hasi berritan, maiz erakusten baitzituen bere lanak Trayecto galerian, eta bertako artistekin ere harreman estua ondu zuen. Hartu-eman hori 25 urtez luzatu zen, Sanmigelek berak aitortu duenez. Eta erakusketarekin berreskuratu du orain.

Papera oinarri

Modu kronologikoan antolatuta dauden lau aretotan dago banatuta erakusketa, eta «bi une bereizgarri» jasotzen ditu, batez ere. Sanmiguelen «alfabeto propioaren» erakusgarri da lehena: artistak «forma amak» deitzen dituen eta bere lanetan sarri errepikatzen diren formen marrazkiak ikus daitezke, batetik. Eta artistak «kopiatzaile» gisa izandako jarduna erakusten dute, aldiz, beste zenbait obrak.

Papera dago pieza gehienen oinarrian. Askotariko paper motak erabiltzen ditu artistak: egunkariak, fakturak, eskutitzak, publizitate orriak... Eskura duen paper oro da artelan bat eraikitzen hasteko egokia harentzat. «Postontzia publizitatez beteta egoten da beti. Zer hobeto orri horiek berrerabiltzea baino? Popari keinu bat egitea da hori niretzat». Lehenik, «informazio geruzak» sortzen ditu, eta horien gainean joaten da pieza sortuz gero.

Figuratiboak zein abstraktuak dira lanak, gehienetan formatu handikoak, eta arteari, literaturari nahiz musikari egiten diete erreferentzia, izenburutik hasita. Herraezen hitzetan, obra konplexuak dira, erreproduzitzen «zailak» direnak. Izan ere, arauaren kontra egiteko modu bat dela dio Sanmigelek: «Hasi nintzenean esan zidaten guztiz kontrakoa egiteko: sortzen nuena erreproduzitzeko modukoa izateko. Baina ni kontrako noranzkoan aritu naiz; ez dakit bestela egiten».

Izan ere, «kontrako noranzkoan» egindako bidea da Sanmigelena. Kolektiboan, A Ua Crag eta Segundo Partido de la Montaña taldeetan ekin zion sortzeari, 1980ko eta 1990eko urteetan, eta bakarkako bidea hartu zuen gero. Sorkuntza lan hori, hala ere, ehungintza lantegi batean patronista gisa egiten zuenarekin uztartu zuen hasiera batean —2000. urtean utzi zuen—. Eragin nabarmena izan zuen horrek haren obretan, tailerrean ikasi baitzuen sortzeko molde metodiko eta milimetriko hori.

Hain zuzen, «lantegiko artista» gisa definitzen du bere burua Sanmigelek. Bereak ditu obrak sortzeko moduak eta arauak: «Bi astez aritu behar badut boligrafoarekin lerro paraleloak egiten, ba bi astez arituko naiz lerro paraleloak egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.