Artearen lekuak. Estibalizko santutegia

Erromanikoak nola iraungo

XII. mendekoa da Estibalizko Andre Mariaren santutegia. Arte erromanikoaren ikurretako bat da. Gorabehera eta erabilera asko izan ditu tenpluak urteen joanean.

Estibalizko santutegiaren hegoaldeko ataria da eraikinaren alderik ikusgarriena. Zubi batek lotzen ditu tenplua eta eraikin modernoak. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Eguzki loreak makur daude goizean goiz, behe laino artean, Arabako lautadan. Giroa zertxobait epeltzeko ordu batzuk falta badira ere, urruti dira jada uztail beteko egun itogarriak. Gasteizen, agerikoak dira oraindik horien arrastoak Estibalizko santutegiaren inguruetan, hala ere: hesituta dago oraindik, giltzarrapo eta guzti, barbakoak egiteko gunea; eta belztuta daude su zelai bilakatu ziren soroak. Izan ere, tenpluak makina bat mehatxu eta arriskuri aurre egin behar izan dio mendeetako historian, baina, aurten, bero boladen eta idortearen urtean, garrak izan dira haren kezka nagusietako bat. Han dirau harrizko egitura dotoreak, ordea, muinoaren gainean tinko, beste auskalo zenbat mendez irauteko moduan.

Ez dago argi tenplua zehazki zein urtetan eraiki zuten, baina, adituen arabera, baliteke X. mendeko gaztelu bat izatea haren oinarrian dagoena. Gaur egun dagoen eliza, santutegi bilakatu dena, XII. mendekoa da, hala ere. Euskal Herriko arte erromanikoaren harribitxietako bat da eraikina, elementu bakan bezain bitxiak dituena. Erdi Arotik gaur arteko tartean erabilera eta funtzio ugari izan ditu, edonola ere: gotorleku izan da, monasterio, bidaiarientzako eta erromesentzako ospitale, debozio handiko ermita, uzta biltegi eta baita etxe pribatu ere.

Gaur egun, santutegia eta lekaide beneditarren monasterioa izateaz gain, ohiko ezkontza toki ere bada. Eta horren erakusgarri dira, hain zuzen ere, eraikinaren hegoaldeko atearen aurrean aurki daitezkeen serpentinak: urre eta zilar da zorua, eta haizeak zelai guztian ere barreiatu ditu papertxoak. Garai modernoen testigu dira milaka paper zati horiek.

Kirol oinetakoen zolan itsatsi zaizkio paper zati batzuk emakume bati handik igarotzean. Ez da ohartu, ordea; oinez dabil, pauso azkarrean: eskailerak igo, tenpluari bira eman, eta errepidetik jaitsi da gero, berriz ere eskaileretan gora abiatzeko. Dozena bat bira eman dizkio andreak bere gisara sortu duen zirkuituari, baina behin ere ez dio begiratu apainduraz betetako harrizko hormari. Hegoaldera ematen duen atari nagusia da eraikinaren alderik ikusgarriena, hain zuzen ere.

XII. mendeko arte erromanikoaren obra nagusietako bat da horma hori. Eskultura dekorazio bitxia du: harrizko zutabe eta arkiboltetan, elementu geometrikoak, landareak, animaliak eta gizakien aurpegiak ikus daitezke zizelkatuta, besteak beste. Baita hortz zorrotzez irribarre maltzur bezain beldurgarria duen munstro baten aurpegia ere.

Emakumearen gisan igaro da txirrindulari bat haren paretik: zapaltzen ari zenari eta inguruan zuenari jaramonik egin gabe eman dio buelta eraikinari. Izan ere, oinez ez ezik, bizikletan ere iristen dira erromesak —Santiagora doazenak eta etxea abiapuntu nahiz helmuga dutenak— orain Estibalizera. Aisialdirako nahiz kirola egiteko gunea ere bada.

Kokaleku estrategikoa du eremuak: Gasteiztik 10 kilometro eskasera dago, eta lurraldea zeharkatzen duten hainbat bide historiko igarotzen dira handik: hala nola Donejakue bidea, ardoaren eta arrainaren bidea, eta Vasco-Navarro trenbidea izandakoan egindako bide berdea.

Zaindari gabeko zaindaria

Mendebaldekoa da elizaren egungo sarbide nagusia. Apalagoa da hura, dekorazio gabea; izan ere, XX. mendean zaharberritu zuten eraikina, utzita egon baitzen hainbat urtez, erabateko gainbeheran. Jatorrizko tokitik sei metro atzerago eraiki zuten sarbidea, tenplua handitzeko; jatorrizkoak dira erabilitako materialak eta diseinua, nolanahi ere.

Barruan ere harria da nagusi, baina zizelkatutako kapitel batzuez gain apenas duen dekoraziorik. Ilun dago dena, eta argi fokuek eta hegoaldeko atearen gaineko leihotik sartzen diren eguzki izpi apurrek argitzen dute tenplua. Argi-ilunen jolas horrek are erakargarriago egiten du Erdi Aroko arkitektura bitxia.

Bi dira eliza barruan ikus daitezkeen harribitxiak: XIII. mendeko harrizko bataiarria da bat. Ataria bezalaxe, zizelkatutako elementuz apainduta dago, nahiz eta urteen joanarekin desitxuratuta dauden gehienak. Ama Birjinaren irudia da bestea. Erretaularen erdian dago, eta XII. edo XIII. mendean egindakoa da. Eskultura txikia da: ez du metro bat ere izango altueran, baina, eraikinaren gisan, gorabehera ugari izan ditu urteen joanean.

Azken ehun urteetan, beneditar lekaideek zaindu dituzte irudia eta tenplua; batez ere, 1941etik aurrera, Estibalizko Andre Maria Arabako katolikoen zaindari izendatu zutenetik. Elizarako sarbide zuzena dute haiek: zubi batek lotzen ditu tenplua eta haren ondoan altxatu diren eraikin modernoak, monasterioa eta kripta tartean. Astebete barru amaituko da mende oso bateko bidea, ordea; Lazkaora (Gipuzkoa) itzuliko baitira monasterioan geratzen diren hiru lekaideak astelehenean bertan, hilaren 12an. Sua ez ezik, bizimodu erlijiosoaren gainbehera ere mehatxu baitu orain.

ESTIBALIZKO SANTUTEGIA
Noizkoa. XII. mendekoa.
Non. Gasteizko Argandoña herrian, Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.