Durangoko. 57. Azoka

Editorial katalan bat azokan

Aurten, lehen aldiz, Euskal Herritik kanpoko argitaletxe batek ere parte hartu du Durangoko Azokan: Pol·len-ek. Euskaratik katalanera itzulitako lanak ekarri dituzte.

Jordi Panyella Polálen argitaletxeko editorea, atzo, Durangoko museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Andoni Imaz.
Durango
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«Hara, hau nahi dut!». Liburua hartu, ireki, eta... «Katalanez?». Durangoko Azokako lehen egunetan Pol·len argitaletxearen erakusmahaian egon diren lagunen arabera, behin baino gehiagotan gertatu zaie hori. Izan ere, ez da gauza ohikoa katalanezko lanekin topo egitea Landako gunean. Azken hamar urteetan, argitaletxeak bide emankorra egin du euskarazko lanak itzultzen, eta, atzo, horien aurkezpen berezi bat egin zuen Durangon. «Behin hona etorrita, jendea elkartu behar genuen», azaldu du Jordi Panyella editoreak. Hala, ekitaldi batean bildu zituzten katalanera itzuli dituzten euskal egile batzuk: Joseba Sarrionandia, Mikel Antza, Mikel Soto, Mari Luz Esteban, Eider Eibar, Adur Larrea, Susanna Martin eta Asisko Urmeneta.

Pol·len argitaletxe independente eta kooperatibo bat da, eta hiru bazkide ditu: Panyella, Aida Iglesias de Prada eta Mar Carrera; pentsamendu kritikoko saiakerak kaleratzen dituzte nagusiki, edizio lanean ekologiari bereziki erreparatuz.

Euskarazko hainbat lan dituzte haien bilduman, eta Durangon: Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean?, Ni ez naiz hemengoa, Hilda dago poesia? eta Ainhoari gutunak; Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen, Andrezaharraren manifestua eta Feminismoa eta politikaren eraldaketak; Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat; Adur Larreak marraztutako Antzara eguna eta Iraultza eta bizi! —Harkaitz Canok eta Mikel Antzak idatziak, hurrenez hurren—; Sotoren Suak pizten direnean; Martinek marraztutako Black Is Beltza II: Ainhoa —Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok eta Isa Campok idatzia—; eta Asiskoren Eusklabo alaiak.

Panyella atzo iritsi zen Durangora, baina lehenagotik ere egona zen behin, orain 11 urte. Pamiela argitaletxekoekin hitz egitera etorri ziren. «Pamielako jendea zen orduan, eta Pamielako lagunak dira orain». Moroak gara behelaino artean? katalanera itzuli nahi zuten. «Mezu elektronikoak bidali genizkien, eta ez ziguten erantzuten. Deitu genien, eta esan ziguten: 'Hori? Hain lodia izanik... Interesatuko zaio publiko katalanari?'. Eta etorri egin ginen». Hala bihurtu zen euskaratik katalanera itzulitako lehen liburua haien bilduman.

Liburuak funtzionatu zuen? «Liburuek ez dute inoiz funtzionatzen. Baina, amazig kulturari buruz ere badenez... Katalunian, katalanen eta italiarren ondoren, amazigak daude. Pentsatu genuen izan zitekeela gure herriari egindako opari bat. Aitzakia bat izan zen amazig eta euskaldun askorekin elkartzeko». Liburuaren lodierak bere bizitza luzatu du, gainera, editoreak irribarrez oroitu duenez. «Oraindik jendea bukatzen ari da, eta tarteka iristen zaizkigu mezuak, esanez inoiz irakurri duten gauzarik onena dela».

Bidaia hartan, ikusi zuten Durangoko Azoka «oso inportantea» dela, baina ez dira itzuli orain arte. Aritz Galarragaren tesiarekin lotu du jendaurrean horrela agertzeko gogoa. Izan ere, haren bidez jakin dute euskaratik katalanera liburu gehien itzuli dituen argitaletxea dela Pol·len. «Hori esan zigunean, pentsatu genuen: 'Ba, gu ere aurkeztu gaitezen horrela'». Erakusmahai erdi bat hartu dute, Euskal Herritik kanpoko eragile batek hartu duen lehenengoa, azokako antolatzaileek gogoratzen dutenez. Bilerak ere badituzte egunotan, itzulpen gehiago adosteko asmoz.

Panyellak kontatu du egile batek beste batengana eraman dituela urtez urte. Hasi ziren itzultzen Meabe, segi zuten Sarrionandiarekin, eta, behin, Jose Angel Irigarairekin topo egin zuten jardunaldi feminista batzuetan. «Esan zigun lagun antropologo bat agurtzera zihoala. Guk: 'Zein antropologo?'. Mari Luz Esteban. 'Jode! Crítica del pensamiento amoroso [Maitasun pentsamenduari kritika] pila bat irakurri dugu eta!'. Esan zigun poema liburu bat argitaratu berri zuela, eta harrezkeroztik harreman oso ona egin dugu harekin, Pamielaren eta Susaren Lisipe bildumaren bidez».

Beste egile batzuekin beste modu batean elkartu dira. «Asisko bera etorri zen guregana, eta esan zigun: 'Hau daukat'. Baietz esan genion». Eta halaxe itzuli zuten Eusklabo alaiak.

Apaldu da jakin-mina

Katalunian Euskal Herriarekiko interes handia sumatu izan du Panyellak: «Euskal pentsamendu literario, poetiko, musikal eta politikoarekiko». Hala ere, uste du interes hori apaldu samartuta dagoela gaur egun. «Hain justu orain, lan gehien itzulita dauden honetan, jendea gehiago ari da irakurtzen beste gauza batzuk. Baina ez ditugu liburuak ateratzen saltzeko bakarrik: bi herri lotzeko aitzakia bat da».

Itzulpena elkartasuna da izena ipini zioten atzoko ekitaldiari. Sarrionandiarena da esaldia. «Itzuli genuenean Hilda dago poesia?, Etxeparek itzulpenik onenaren saria eman zigun, eta Josebak testu bat bidali zuen, kontra eginez itzulpena traizioarekin lotzen duen ideiari. Defendatzen du, gure herrien testuinguruan, itzultzea elkartasun ekintza bat dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.