Erretratua ikusi ezin denari

Ancora elkarteak 'Galdu genuen hiria' argazki erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Okendo Kultur Etxean. Gaur hasi eta abuztuaren 24ra bitartean egongo da zabalik
Eraitsitako zenbait eraikinen erretratuak <em>Galdu genuen hiria</em> erakusketan.
Eraitsitako zenbait eraikinen erretratuak Galdu genuen hiria erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Alba Cabrera Jauregi -

2019ko uztailak 3
Donostiako kaleak eta eraikinak ondare kulturalaren agertoki dira. Parte Zaharreko etxeen aurrealdeek, San Martin merkatuak edota Mirakontxako pasealekuak herritarren garai bateko oroitzapenak pizten dituzte. Baina bada aspaldian ondarea kolokan jarri duenik; interes publikoak eta espektatiba pribatuek talka egin dute ondare diren eraikinen atarian, eta askotan eraikinok eraitsi ere egin dira horien ondorioz.

Gaurdaino iritsi ez den hiria bisitatzeko aukera ematen du Galdu genuen hiria-k; erakusketa horrek dokumentazio grafikoa biltzen du, Donostian 1950etik gaur arte eraitsi diren eraikinen gainekoa. Azken 70 urteetan hiri ondareak izan duen bilakaera laburtzen dute Ancora elkarteko kideek, hamalau auzotako 800 irudiren bitartez. Ikusgai egongo dira Okendo Kultur Etxean, gaurtik abuztuaren 24ra bitartean.

Erakusketa Donostiak izandako itxuraldaketaren erradiografia bat da. Artxiboko irudiak eta planoak egungo errealitatearen irudiekin jarri dituzte parez pare, eta hala identifikatu ondareak zer eraldaketa izan duen. Erdigune historikoaz gain, erakusgai daude periferiako eraikinak ere, hain entzutetsuak ez direnak. Tipologia arkitektoniko plurala dago, bai erabileran, baita arlo estetikoan ere: etxe partikularretatik hasi, kasino zein zinemetatik igaro eta eraikin erlijiosoetaraino. Honela definitu du erakusketaren izaera Alberto Fernandez D'Arlas elkarteko presidenteak: «Belle époque-ko topiko nostalgikoetatik ihesi, etorkizunean jarri dugu begirada, aldarrikapen asmoekin».

Memoria kolektiboa ondarearen parte den heinean, herritarrek eraisteei emandako erantzunak jaso nahi izan dituzte Ancorako kideek. Erakusketa donostiar askok eraikinekin duten lotura emozionalaz ere mintzo da, baita eraikin horiek suntsitzeak gizartean piztu duen haserreaz ere. Hamarkadetan atera diren protesta afixak bilduz, elkarteko kideek azpimarratu nahi izan dute jendeak zeresana duela ondarearen kontserbazioan.

Etengabeko berrikuntzak eta hiri ondarearen kontserbazioak kontrako norabidean jotzen dute. Eneko E. Oronoz Ancora elkarteko kideak azpimarratu du hiriaren nortasuna galdu egiten dela eraikinak eraisten diren heinean: «Jendea identifikatua sentitzen da eraikin horiekin, garrantzitsuak dira haientzat. Azkenean, etxe horiek botatzen badira eta elkarren berdinak diren beste batzuk eraikitzen badira, nortasun propioaren ideia hori galdu egiten da».

Erakusketa antolatzen duten bigarren aldia da; lehenago, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren harira antolatu zen, 2017an, Santa Teresako komentuan (Donostia). Publikoaren artean lortutako arrakastaren eta dokumentazio grafikoa ikusi gabe gelditu zen jendetzaren jakin-minaren eraginez, Ancora elkarteko kideek bigarrenez antolatu dute erakusketa. Susana Bustero Okendo Kultur Etxeko zuzendariak «hiria beste modu batera ikusteko aukera» modura definitu du erakusketa. Aurreko aldiarekin konparatuta, zenbait aldaketa egin dituzte: esaterako, oraingo honetan San Martin merkatuko arku bat berreskuratu dute, 1882. urtekoa.

Ancora elkartea

Irabazi asmorik gabe sorturiko herritarren elkarte bat da Ancora. Kideek eskarmentua dute Gipuzkoako ondare kulturalaren babesean eta ikerkuntzan.

Donostiako hirigintzako ondareari buruzko informazioa zabaldu eta babesteko asmoz, kontzientzia sortzen dute herritarren artean. Helburu horiek betetzeko, lankidetzan aritzen dira beste zenbait elkarterekin; besteak beste, Ararte eta Icomosekin.

Erakusketa hau oso azpimarragarria izan da Ancora elkartuaren ibilbidean. Ildo horretatik, elkarteak berak liburu bat argitaratuko du: 300 orrialdetik gorako lan horrek hainbat ilustrazio bilduko ditu, erakusketarako egindako ikerketa oinarri hartuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna