Durangoko 54. Azoka. Itzulpegintza

Galeanok miresten zituen emakumeak

Eduardo Galeanok idatzi zuen azken liburua euskaratu du Mikel Vilchesek: 'Emakumeak'. Mundu osoko eta hainbat garaitako andreen istorioak jasotzen ditu lanak. Txalapartak argitaratu du

Ane Eslava.
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Munduaren ertzetako emakumeak. Beren garaiko zapalkuntzen aurka borrokan aritu arren, historia ofizialaren bazterretara zokoratuak izan direnak. Horietako batzuenak dira Eduardo Galeano idazle eta kazetari uruguaitarrak bere bizitzaren azken urteetanjaso zituen istorioak. 2015eko apirilean zendu zen «behekoen» lumatzat jotzen zena, baina prest utzi zuen Emakumeak (Mujeres, jatorrizkoan) narrazio bilduma. Bi aste besterik ez zirenean igaro, Siglo XXI Editores argitaletxeak atera zuen argitara 170 andreren istorioak zekartzan 240 orriko liburua. Orain, Mikel Vilches itzultzaileak euskarara ekarri du lana, Txalaparta argitaletxearekin.

Desjabetuei, zapalduei, inor ez izatera kondenatutakoei ahotsa eman zien Galeanok. Latinoamerikako errealitate sozial eta politikoa modu kritikoan aztertu zuen, hango eliteen eta herritarren arteko desberdintasunak zorroztasunez salatuz. Emakumeei eskainitako liburuaren kasuan, honako gogoeta hauetatik abiatu zen: «Ez dago tradizio kulturalik justifikatzen ez duenik gizonezkoek armen eta hitzaren gainean duten monopolioa, ezta herri tradizio bat ere emakumearenganako gaitzespena betikotzen ez duena edo emakumea arriskutzat hartzen ez duena ere».

Idazleaz esaten da begi bat mikroskopioan zuela eta bestea teleskopioan, eta hark ere bat egiten zuen deskribapen horrekin: «Nire asmoa da begiratzen ez den horri begiratzeko gai izatea, mikromundu horretan baitago munduaren handitasuna», adierazi zuen elkarrizketa batean, 2012an. Azken liburua ere ikuspegi horrekin ondu zuen; izan ere, batetik, jardun publikoa izan duten emakume ezagunen istorioak jaso zituen, eta, bestetik, andre anonimoena.

Hala, Alfonsina Storni, Rosa Luxemburg, Rigoberta Menchu, Frida Kahlo, Joana Arcekoa, Violeta Parra, Josephine Baker, Camille Claudel... Hainbat toki eta garaitan iraultza pertsonal eta kolektiboak gauzatzeagatik historiara igaro diren andreak eraman zituen lanera, baina, haiekin batera, baita boto eskubidearen alde borrokatu zirenak ere, beste emakumeekin ezkondu ahal izateko Elizaren aurka egin zutenak, unibertsitatera joan ahal izateko lan egin zutenak... Uste baitzuen haien balentriek ere aitortza merezi zutela, historia liburuetako lerroen artean agertzen ez diren arren. Andre horien bizitzetan eta horiek gorpuzten dituzten munduetan murgiltzeko aukera ematen du lanak, ahanzturari aurre egiteko.

Liburua osatzen duten artikuluak laburrak dira, eta askotariko estilotakoak: biografiak, gertaera zehatzen kontakizunak eta testu literarioagoak. Eta emakumearen figura dute guztiek oinarri. «Galeanok berak xehetasun handiz prestatu zuen bilduma, eta kontakizun guztiek, atal independenteak izanda ere, mosaiko moduko bat osatzen dute», adierazi du Vilchesek.

Galeanoren idazkera bereizgarria dute testuek: muturreko doitasun eta zehaztasunez, esaldi laburren bitartez gauza asko adierazten eta beste zenbait iradokitzen dituzte. Horregatik, idazlearen «zehaztasun erabatekoa» euskarara eramateak zailtasuna erantsi dio itzultzailearen lanari: «Hitz egokienaren eta zehatzenaren bila ibili behar izan dut, eta Galeanok airean utzi nahi zuen guztia iradokitzeko modua bilatu; batzuetan, hitz eta azalpen gehiago sartzeko tentazioa izan dut; baina, oro har, tentazioari eutsi diot».

Bestalde, mundu osoko ohiturak eta gertakariak agertzen dira liburuan, eta horrek ere zailtasuna gehitu dio lanari, itzultzaileak ez zituelako horiek guztiak ezagutzen. «Han eta hemen ikertu behar izan dut, itzulgaiaren testuingurua ezagutzeko eta zertaz ari zen ongi jakitzeko». Azkenik, pertsonaien, lekuen eta gertakari historikoen izen propioak modu egokian idazteak ere lana eskatu diola gaineratu du.

Laugarrena euskaraz

Hala eta guztiz ere, itzulpen lana «gozamena» izan dela ziurtatu du Vilchesek. Orain dela urtebete hasi zen lanarekin, eta «lasaitasunez» egin du, bere erritmora, presarik gabe, «gozatzen». Pozik dago emaitzarekin: «Liburua patxadaz irakurri behar bada ere, irakurterraza da: hasi eta buka osorik tirada batean irakur daiteke, edo tarteka-marteka, gaur atal batzuk, bihar beste batzuk». Lanak garai askotako emakumeen biografiak ezagutzeko ate bat ireki diola ere aipatu du, eta, halaber, Galeanoren «mundu ikuskera» ezagutzeko aukera eman diola: «Bertan biltzen baitiraidazlearen lanaren ezaugarri guztiak».

Vilchesek itzulitakoa ez da euskaraz irakur daitekeen Galeanoren liburu bakarra. Gerardo Markuleta poeta eta itzultzaileak euskaratu zuen lehenbizikoz haren lan bat, 1995ean: Istorio hiperlaburrak, Galeanoren, Mario Benedettiren, Augusto Monterrosoren eta Julio Cortazarren narrazioen bilduma bat. Erein argitaletxeak argitaratu zuen hori, eta harrezkeroztik itzuli dituzten beste biak, berriz, Txalapartak argitaratu ditu: Markuletak berak Hitz ibiltariak euskaratu zuen 2000n, eta Xabier Alegriak, berriz, Ispiluak. Mundu ia ororen historia, 2013an. Narrazioen bildumak dira azken bi horiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.