Dantza maitatzen, 30. aldiz

Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiak 30. urteurrena ospatuko du aurten. Bihar hasiko da, eta irailaren 20ra bitarte iraunen du. 23 dantza konpainia izanen dira.

Ziomara Hormaetxek irailaren 19an emanen du Ahotsak ikusgarria, Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenen omenez. SERGIO MARCOS.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Gaur egun, bakarka dantzatzea ez bada legez kanpo ere, arrunt debekatua da bestearen gorputzera hurbiltzea, haren hunkitzea, elkarrekin dantzatzea. Maitaldiaren 30. aldi hau ez da bakarrik urtebetetzeen karietara eginiko gertakizuna izanen, zorionari eta amodioari buruz eginen dugun urrats bat ere izanen da», adierazi Tdu hierry Malandain koreografoak.

1 997an, orduko Biarritz Cultureko buru Filgi Claveriek Maitaldira gonbidatu zuen Malandain, eta orduan zuen bere ibilbide profesionala aldatu: Miarritzen egotea proposatu zioten, eta han instalatu zen, berak zuzentzen zuen dantza taldearekin. Hala, badira 22 urte Malandain Biarritz Balleta Koreografia Zentro Nazionaleko buru, eta, aurten ere, Maitaldiko zuzendari artistikoa izan da.

Miarritze «iratzartzeko» xedearekin eta dantzaren gustuz sortu zuen Maitaldia Jakes Abeberrik. Eta sortze hori Victor Ullaterekin izan zuen harremanarekin lotzen du Abeberrik. «Maitaldiko lehen ekitaldietan, gelak erdi hutsik ziren. Miarritzeko publikoak ahantzia zuen zer zen dantza. Bazen aspaldi ez zela horrelako ikusgarririk izan». Geroztik, arrakasta bildua du jaialdiak, eta irail guziez berritu da jaialdia, 30 urtez.

Programazio joria

Estilo ezberdinak biltzen ditu jaialdiak, eta, aurten ere, denetarik ikusten ahalko da. Bihar, adibidez, jaialdia 19:00etan hasiko da; Octogonale konpainiak A Taste of Ted ikusgarria emanen du Koliseoan.

Hamar egunez, gauero gutienez ikusgarri bat programatua dute. Izan ere, 23 konpainia gonbidatu ditu Maitaldiak. Malandainek eginiko Mozart à 2 eta Beethoven 6 emanen dituzte bihar eta, berriz ere, astelehenean. Igandean, berriz, Nach dantzariak Cellule ikusgarria emanen du Koliseoan, krump estiloan. Malandain: «Emazte batek haren feminitate eta egiazkotasun nahikariaren autopotret dantzatua da Cellule». Biharamunean, astelehenean, Christine Hassid ikusten ahalko da N'ayez pas peur emanaldian. Bestalde, aipagarria da asteartean izanen den Oum ikusgarria. Massala konpainiak egina; hip-hoparen, dantza garaikidearen eta Afrikako iparraldeko dantza tradizionalen arteko nahasketa bat erakutsiko dute. Horrez gain, Martin Harriage eta Antonin Comestazek eginiko sorkuntza ikusten ahalko da, hilaren 18anHarriage bakarka ari izanen da bezperan, konfinamendu denboran eginiko Serre sorkuntza erakutsiz.

Azken egunek ere emanen dute zer ikusi. Hilaren 19an eta 20an, Monte-Carloko Balleta izanen da taula gainean. Maitaldiko lehen ekitaldira jada bildu ziren, eta, aurten, Vers un Pays sage emanen dute. Jean-Christophe Maillot zuzendariak bere aitari eginiko omenaldia da hori, eta estetika klasiko «berritua» du oinarri. Gisa berean, 19an Capitole Balletak A nos amours taularatuko du; Kader Belarbi Parisko izar ohiak beste bi koreografo gonbidatu ditu ikusgarri horren muntatzeko, David Dawson eta Gayetano Soto. Ganberako musikarako prestaturiko lau pieza koreografiko sorturik, Capitoleko izarrek eta solistek dantzatuko dute, pertsonen arteko harremanak, galtzeak eta loturak erakutsiz.

Hala, bakoitzak berea duen urratsarekin, denek Maitaldiaren «izpirituarekin» bat egin dute, harremanak eta sentimenduak taularatuz. Malandainek erran duenez, ekitaldi hori izanen da bere taldeko dantzariek ibilbide profesionalean pairatu duten etaparik «zailena», bost hilabetez gelditu behar izan ondotik. Baina «kuraiaz» beterik, «zorionaren» bila joanen direla azpimarratu du.

Karrikako dantza franko ere ikusten ahalko da Miarritzen datozen egunetan. Horien artean aipa daiteke Revolution konpainiak emanen duen Uppercut. Dantza klasikoan formatuak izan diren hiru emakumek egiten dute ikusgarria, eta «kode guztiak hausten dituzte». Antoni Hegea zuzendari artistikoak azaldu duenez, «nahasketa handi bat» da. «Kanpoan ematekoa denez, profil oro hunki nahi genuke publikoan. Eta ezustekoa izanen dela iruditzen zait. Usaian, dantza klasikoa beti lotzen dugu opera handiei, ballet ezagunei, baina gaur egun beste zerbait ere izan daiteke. Hemen, nahasketa bat da hip -oparekin, battle-ak ere badira, eta egiazko aldarrikapen espazio bat sortu dute hiru dantzariek». Uppercut igandean ikusten ahalko da, 15 :00etan eta 17 :00etan.

Bestalde, hilaren 19an Ziomara Hormaetxek emanen duen Ahotsak ikusgarria ere azpimarratu daiteke. Laugarren sorkuntza lana du. Dantza garaikidea eta teknologia berriak nahasi izan ditu orain arte, baina ikusgarri hau «gordinagoa» egin du, teknologia berririk gabe. «Gernikarra naiz, eta azken urtean itzuli naiz herrira; sustraietara itzultzea bezala izan da». Aitonak eta amonak Gernikako bonbardaketa kontatu izan zioten behin baino gehiagotan, eta, haiek hil berri direla eta, omenaldi bat egin die, dantzaren bidez. «Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenen lekukotasunean zentratu naiz. Haiei egin diedan omenaldia da Ahotsak, dantzaren bidez, beren ahotsetatik sortu dudalako ene lana. Kanpoko ikuskizuna da, eta banda soinuan entzuten da horrelako lekukotasun bat, ahots musikatu bat». Akira Yoshidarekin ematen du ikusgarria: «Dantza garaikidearen eta break dantzaren arteko nahasketa da».

Segurtasun neurriak

Irailaren 2ra arte, gelak erdizka betetzeko hasiak zituzten izen emateak. Baina geroztik, baimena lortu dute usaiako kopurua sartu ahal izateko. Emanaldiak lau lekutan eginen dituzte, denak Miarritzen: Koliseoan, Kasino antzokian, Gamaritz gelan eta Gare du Midi gelan.

Bestalde, koronabirusaren ondorioz, segurtasun neurri batzuk hartu dituzte kale ikuskizunei dagokienez, eta denak Mazon parkean eginen dituzte. Igande goizetan hondartza bazterrean egin ohi den Gigabarre ekitaldia ere Mazon parkean iraganen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.