Inertziari aurre egiteko erabakia

Berri Txarrak taldeak 25 urteko «ziklo ahaztezin bat» itxi, eta 2019an «etenaldi mugagabea» egingo du. 'Ikusi Arte Tour 2019' birarekin esango du agur taldeak

mikel lizarralde
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
«Berri Txarrak-ekin ziklo ahaztezin bat ixteko garaia heldu dela sentitzen dut. Geratzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa. Horren konplikatua eta sinplea da». Gorka Urbizu taldeko abeslari eta gitarristak ohar baten bitartez jakinarazi zuen, atzo, Berri Txarrak gelditu egingo dela 2019an. «Hogeitaka urtetan atsedenik hartu gabe aritu ondoren, egunetik egunera nekezagoa zait higadura emozional eta fisiko honi aurre egitea». Taldea 1994an sortu zuten Lekunberrin (Nafarroa), eta, beraz, datorren urtean 25 urte beteko ditu. Hori ospatzeko, Ikusi Arte Tour 2019 kontzertu bira luzea egingo du Berri Txarrak-ek, eta, horren ondoren «etenaldi mugagabea» hasiko du.

Urbizurekin berarekin, Aitor Goikoetxeak (bateria), Mikel Lopez Rubio-k (baxua) eta Aitor Orejak (gitarra) sortu zuten taldea, baina jatorrizko taldetik Urbizuk baino ez du segitzen gaur egun. Azkeneko urteetan, berriz, David Gonzalez (baxua) eta Galder Izagirre (bateria) izan ditu taldekide. «Oraintxe bertan, gure erritmoak ez doaz parean, eta ez gaude % 100 jarraitzeko moduan. BTX-en entzuleek ez lukete ulertuko hala segitzea, eta, erabakia benetan zaila bada ere, gauden tokian jarri gaituztenenganako errespetua beti egon da talde honetan lehentasunen zerrendaren gorenean».

Urbizuren iritziz, momentu batetik aurrera, «ezbaian» jarri behar da «ia dena», eta erabaki behar da «atezuan dagoen inertziarekin» zer harreman mota eduki nahi den. Aroak ixten asmatu eta berriak abiatzen saiatzeko unea ere badela uste du: «Bestela esanda, ikasten segi».

Zaleez ere gogoratu da Urbizu oharrean; «Bihotz eta belarri asko hunkitu dugun sentipena daukagu, eta zuekin esker oneko agertzea besterik ez zaigu geratzen»

Helduko dira doinu berriak

17 urte zituen Urbizuk Berri Txarrak abian jarri zuenean —aurretik Nahi Ta Nahiez taldean jo zuen Aitor Goikoetxearekin—, eta, orduz geroztik, «etenik gabe» jardun du musikan, eta lehendabizi «afizio» zena «ofizio» bilakatu zaio denborarekin. Alde horretatik, aurrerantzean ere musika egiten segituko duela ziurtatu du: «Adierazteko molde berriak bilatuko ditut, exijitzea zilegi den gutxieneko hori elikatzen jarraitu ahal izateko: kantuak sortu eta jendearekin partekatzeko pasioa, alegia. Helduko dira doinu berriak; noiz eta nola, ezin jakin oraingoz».

Berri Txarrak taldeak 1997an argitaratu zuen bere aurreneko diskoa (Berri Txarrak, Gor), eta jarraian iritsi ziren Ikasten (Gor, 1999), Eskuak/Ukabilak (Gor, 2001) eta Libre (Gor, 2003), taldearen hasierako metal doinuak bestelako rock moldeetara ireki zituzten diskoak. Lan horiekin, gainera, jarraitzaile kopurua handitzen joan zen taldea, eta baita nazioarteko lehen birak egiten ere.

Jaio. Musika. Hil (Gor, 2005) grabatu baino lehen Aitor Orejak taldea utzi zuen, eta, hura ordezkatu ordez, nahiago izan zuten hirukote moduan segitu, eta, handik aurrera, aldaketak aldaketa, egitura hori izan du taldeak. Diskoak oihartzun handia izan zuen, eta taldeak mundu osoan aurkeztu zuen. Hain zuzen ere, bi urte haietako esperientzia Zertarako amestu dokumentalean (Gor, 2007) jaso zuten. Bira amaitu zutenean, Rubiok taldea utzi zuen,eta David Gonzalez sartu zen haren lekuan.

Payola (Roadrunner, 2009) seigarren diskoa lehen aldiz Euskal Herritik kanpo grabatu zuten, Chicagon (AEB) hain zuzen, Steve Albini soinu teknikari ezagunarekin, eta, handik urtebetera, Aitor Goikoetxearen lekua hartu zuen Galder Izagirrek. Urbizu-Gonzalez-Izagirre hirukoak grabatu ditu taldearen azkeneko lanak izan direnak: Haria (Kaiowas Records, 2011), Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza (Only in Dreams, 2014) eta Infrasoinuak (Only in Dreams, 2017).

Aurten, martxoaren 17an, 10.000 lagunen aurrean jo zuen taldeak Barakaldoko (Bizkaia) BECen, eta, orain dela hilabete, azaroaren 3an, San Mames estadioan aritu zen milaka lagunen aurrean MTVk antolatutako jaialdiaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.