Baliabideak liburu dendentzat

'Todos tus libros' egitasmoak Internet bidez saltzeko modua eman die berriki liburu denda askori. Eroslearentzat ere abantailak ditu, guztien fondoak jartzen baitizkio eskura.

Hego Euskal Herriko hainbat liburu denda atxiki dira Todos tus libros plataformara; haien artean, Iruñeko Katakrak —irudian— eta Elkar. IÑIGO URIZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Liburu denden desagertzeko arriskuaz ohartarazten zuten ahotsak geroz eta ozenago entzuten ari zirenean, itxialdiak hamaikagarren ziztada eman zion sektoreari. Ateak itxita, liburu denda asko diru sarrerarik gabe geratu ziren hainbat hilabetez, baina ez irakurzaletasunaren desagerpenagatik; areago, jendeak inoiz baino gehiago jo du aurten liburuetara, egoeraren ezinegona arintze aldera. Arrazoiak bestelakoak izan dira, halabeharrez: aurrez aurreko dendetara joan ezinik, irakurle askok Internet bidez erosi dituzte liburuok, bereziki zerbitzu hori errotuago eta landuago duten plataformetan, hala nola Amazonen. Igo dira berriro pertsianak, baina bigarren itxialdiari erne dago mundu guztia.

Oraingo honetan, ordea, martxoan ez zegoen baliabide bat izango dute dendek eskura: azken hilabeteetan katalogo gisara baino funtzionatu ez duen Todos tus libros (zure liburu guztiak) webguneak Internet bidezko salmenta ere abian jarriko du hemendik aurrera. Espainiako Estatuko liburu dendak batzen dituen egitasmo bat da, CEGAL erakundeak abiatutakoa, eta azken urtean garatuz joan da, aldiro funtzio berriak eskainiz. Adibidez, liburu konkretu baten bila ibiliz gero, plataformaren bidez jakin daiteke egitasmora atxikita dauden liburutegietako zeinetan dagoen eskuragarri. Bada, lehengo funtzioei Internet bidezko salmentarena gehitu zaie; gaur aurkeztuko dute berrikuntza, baina duela astebetetik dago abian.

Todos tus libros-era 170 liburu denda inguru batu dira dagoeneko, eta horietako batzuk Hego Euskal Herrian daude kokatuta. Teknologia berrietara egokitzeko kantuek limurtutakoen artean daude Elkar eta Katakrak. «Bide berriak jorratzeko» aukera ikusten du Elkarreko Gexan Sorsek, nahiz eta Amazonek eta antzekoek «behartuta» ekin ildooi: «Azken finean, estrategia digitalak bultzatzen ari dira hainbat eta hainbat eragile, eta liburu dendak, beren txikitasunean, hortik kanpo geratzen ari ziren». Dena den, sarea ez zaie arrotz Elkarrekoei, euren kabuz ere saiatu direlako euskarri horretara hedatzen: 1998an, Elkar.eus webgunea sortu zuten, baina egitasmoak ez omen du «beharrezko ikusgarritasuna» lortu. Horrenbestez, plataforma berria beste egokitzapen bat da, webguneari eta telefonoz egindako eskaerak etxera eramateko zerbitzuari gehitutako azkena: «Denbora guztian ari gara egokitzen, eta Todos tus libros-ek beste egokitzapen bat dakar. Dendako jardun normaletik harago, komertzio elektroniko txiki bat bezala funtzionatzera garamatza».

Iruñeko Katakrakek lehendik ere bazuen webgune propio bat, salmenta zerbitzua ere eskaintzen zuena, eta, Todos tus libros-en zerbitzu berria eskertzen duten arren, beste liburu denda batzuei bideratuagoa dagoen baliabide bat dela deritzo Xabi Maeztuk: «Agian denda txikiago bati oso ondo etorriko zaio, horrela ez duelako antolatu behar webgune bat salmenta egiteko. Oso abantaila ona da». Katakrakentzat, ordea, beste ezaugarri batzuek egiten dute bereziki erabilgarri plataforma, «ez Amazonek ez beste inork» eskaintzen ez duen alde batengatik, batez ere: «Liburu dendek stocka konpartitzen dute. Hau da, guztien fondoa dago eskuragai webgune honetan. Amazon, adibidez, bitartekaria baino ez da. Hemen, ordea, liburu dendei erosten diezu zuzenean». Ondorioz, plataforma lagungarri zaio baita irakurleari ere, bilaketa bakar batekin hamarnaka dendetako bildumetan arakatzeko aukera ematen baitio.

Bilaketen emaitzen hurrenkera irakurlea dagoen tokian oinarrituta dago, hurbiltasunaren arabera ordenatuta agertzen baitira. Hala, ager liezaioke ezagutzen ez duen baina etxetik gertu duen liburu denda bat, non nahi duen liburua dagoen. Horiek horrela, liburu dendei ikusgarritasuna emateko ere balio du plataformak, baina ez soilik sona gutxikoei, baita aski ezagunei ere, Elkar eta Katakraken kasua azken hori. Areago, hori izan liteke, Sorsen ustetan, Elkarren webguneari falta zaion giltzarria: «Ikusgarritasuna da, azken finean, Interneten arazo handienetako bat. Ozeano handia da, baina tanta guztiek ez dute berdin okupatzen. Zoritxarrez, gure hizkuntza minorizatua da, eta gure herria, txikia; halako plataformek aukera gehiago ematen digute gure izaera eta izana zabaltzeko». Maeztuk ere hori bera aitortzen dio plataformari, beste onura mordoren artean: «Guretzat erakargarria da hor egotea, jende askok bertan bilatzen baititu liburuak».

Denek batera aurrera egitea

Liburu denda bakoitzari egiten dizkion ekarpenak gorabehera, Todos tus libros bada, oro har, indarrak batzeko egitasmo bat ere, Sorsek azpimarratu duenez: «Uste dut denden arteko elkartasuna bultzatzen duela, guztiok dugun behar bati aurre egiten diolako». Denbora gutxi darama webguneak oraindik, baina balorazio «positibo» bat egiteko adina, halere: «Leiho berri bat ekarri digu, lan egiteko beste modelo bat, eta, ekonomikoki oraindik baloraezina den arren, oso berria delako eta bidea egin behar duelako,uste dut mota honetako egitasmoak txalotu eta bultzatu behar direla». Tokiko dendak «babesteko borondatea» aitortzen dio Sorsek plataformari: «Hori da nahi duguna».

Maeztuk ere hitz laudoriotsuak baino ez ditu egitasmoarentzat: «Oso zerbitzu ona ematen du, ongi funtzionatzen du, webgunea azkarra da, eta bilatzailea, ona». Nolabait, liburu saltzaileek duten iritzi hori bera kutsatzen ari zaie erosleei ere, ahoz aho ari baitira plataforma berriaren nondik norakoak helarazten, eta horietako askok agertu omen dutelako dagoeneko Todos tus libros Amazonen ordezkari bihurtzeko asmo irmoa. Hori da, behintzat, Maezturi heldu zaiona: «Nabaritu dugu jende asko ari dela zabaltzen sare sozialetan. Mezu hau heldu zitzaidan: 'Ez erosi Amazonen, erosi Todos tus libros-en'. Amazonen kontrako sentsibilitate bat dagoela esan daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.