Izan ziren horren arrastoak

Ruben Sanchez Bakaikoak 'Hondarrak' eleberria argitaratu du, bere lehen bakarkako lana. Gatazka armatua eta memoria lotu ditu idazleak, familia bereko hiru belaunaldiren bidez

Ruben Sanchez Bakaikoa, bere lehen bakarkako lana duen Hondarrak liburuaren ale bat eskuetan duela, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Memoria eta transmisioa ditu oinarri Ruben Sanchez Bakaikoaren (Gasteiz, 1975) Hondarrak eleberriak. Edo beste modu batera esanda, garai batean zena eta egun geratzen dena. Familia bereko hiru belaunaldiri esker, belaunaldi ezberdinen arteko transmisio «hondarrak» eta gatazka armatuaren iraganeko arrastoak lotu ditu idazleak bere fikziozko lehen lanean. Sanchezek herri baten historiaren kontakizuna egin du liburuan, euskal gatazka, 1936ko gerra, Nafarroako herri txiki baten egunerokoa, kartzelako pasadizoak, familia, oroimena eta Gasteizko 1980ko eta 1990eko hamarkaden kronika bat osatuz. Txalapartak argitaratu du liburua.

Urte asko eman ditu Sanchezek «barruan» zuen korapiloa askatu eta kontatu nahi zuen horri forma eman nahian. «Prozesu luzea izan da. Liburuarekin hasi nintzela ia zazpi urte-edo izango dira, eta buruan orduko eta gaur arteko tartean izan ditudan hondar batzuk bultzatuta idatzi dut liburua». Endekatze prozesuan zen amonaren memoria, eta hori izan zen arrazoi horietako bat; euskal gatazkaren aro berria, berriz, bestea. «Orain, post-gatazka garai honetan, gatazkaren hondarrak geratu zaizkigu, eta bakoitzak kokatu du bere burua modu ezberdin batean. Nik banuen beharra horri buruzko zerbait barrutik ateratzeko. Ez dakit berriro helduko niokeen edo ez, baina esan dezaket honekin behintzat ase naizela».

Lehen unetik zekien Sanchezek zer kontatu nahi zuen, baina ez nola, adierazi duenez. Bilaketa horretan eman du denbora: idazketa albo batera utziz eta berriz ekinez aritu baita urte horietan guztietan. «Zailena seguru asko izan da genero egokia aukeratzea», azpimarratu du. Kartzela giroko nobela da Hondarrak; Garazi Arrula Ruiz Txalapartako editoreak, hain justu, espetxe literaturaren «azpigeneroaren» barruan sailkatu du liburua. «Euskal Herrian oso presente daukagu kartzela, baina oso gutxi dakigu bertako egunerokoaz, esate baterako. Liburuetan ere ez daukagu hainbeste testigantza. Ematen du euskal gatazka literaturan borborka dagoela, baina ez da horrela».

Generoaren aukeraketaz gain, ordea, izan du beste zailtasunik ere: «Fikzioa dela sinetsaraztea, eta guztiari batasun bat ematea, osotasun bat». Idazleak nabarmendu duenez, liburuak «dena du fikziotik», baina, aldi berean, «asko du errealitatetik ere». Izan ere, pertsonaia guztiak dira asmatutakoak, baina izen-abizen batzuk egiazkoak dira, esaterako. Baita istorioaren parte diren hainbat gertakari ere.

Familia bereko hiru protagonisten bitartez osatu du kontakizuna Sanchezek: 1980ko hamarkadaren hondarrean ETAko kide izateagatik kartzelatuko duten Xabier gazteak, Tupa ezizena duenak, eramango du hari nagusia, eta oroimena galtzen ari den amatxi Pilar da beste protagonista. Idazlearen amonaren izena darama pertsonaiak, hain zuzen, omenaldi modura. Bi belaunaldien artean kateatuta dagoen Julia da hirugarren pertsonaia, Xabierren ama. Hala ere, pertsonaia asko dituen nobela da; «eleberri korala» da, idazlearen hitzetan. «Pertsonaia batzuek sartu-irtenak egingo dituzte, esaterako, espetxeko egunerokoetan, Tupa kartzela batetik bestera eramango baitute».

«Kontaketa bizia»

Tupa kartzelan dela hasiko da haren oroimenean arakatzen. Bi hamarkada baino gehiago egingo ditu preso gazteak. Espetxeko egunerokoa Uxue herriarekin tartekatuko du, ordea. Nafarroako herria bera da beste protagonistetako bat, bertan kokatzen baita istorioaren zati handi bat. Bertakoa zen Pilar amona ere. Idazleak berak herriarekiko izan duen loturan sakondu nahi izan du eleberrian, hain zuzen. «Bitxia egin zait beti nola hitz egiten zuen amatxik Uxueri buruz, eta gu joaten ginen apurretan zer ikusten genuen. Berarentzat herria zen gaztetan utzi zuen herri hura, 1950eko hamarkadaren amaieran Gasteizera joan baitzen lanera».

Pilarrek herria utzi zuenean 1.500 herritar bizi ziren bertan, egun 100 inguru baino ez. «Hondarrak hor ere». Uxueren bilakaera hori oso presente dago kontakizunean, Arrulak adierazi duenez. «Kontatzen du herriaren bilakaera hamarkadaz hamarkada, eta nola joan den populazioa galtzen. Lotura du horrek, esaterako, Arabako eta baita Euskal Herriko beste herri txikiekin ere. Oso ongi islatzen da hori guztia endekatze prozesuaren beste adierazpen baten modura». Behin eta berriz egiten dio erreferentzia hondarrei idazleak; hortik dator nobelaren izena.

Idazleak gaietan sakontzeko egindako lanketa nabarmendu du editoreak. Haren hitzetan, «herri baten kontaketa bizia» egin du idazleak, nahiz eta hamarkada askotako gertakariak uztartu. «Liburua arin irakurtzen da. Ahozkotasun handiko elkarrizketak ditu, eta hainbat ahots eta kontaketa txandakatzen dira. Tartekatu egiten dira narrazioan kartzelako gorabeherak, ume baten eguneroko pasarteak, gutunak, solasaldiak... eta horrek ematen dio bizitasuna liburuari. Hori iruditzen zait bertuteetako bat, hain justu: hainbat urteko kontaketa osoa egiten dela, itxuraz arras modu errazean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.