Muntadasen begirada kritikoa

Antoni Muntadasen obrari buruzko erakusketa bat zabaldu dute Gasteizko Artium museoan. Hogei artelan daude ikusgai denera. Dokumentazio gune bat ere eskuragarri jarri dute

On Translation: El aplauso izeneko bideo instalazioa. Telebista ikuslearen pasibotasunari egiten dio kritika. Gaur egun, Artium museoaren bilduma propioko artelana da. ARTIUM MUSEOA.
aitor biain
Gasteiz
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Erne: hautemateak parte hartzea behar du», irakur daiteke, letra zuriz, Artium museoaren ekialdeko fatxadan zintzilik dagoen oihal gorri handi batean. Antoni Muntadas artista kataluniarraren On translation: Warning izeneko obra da, eta artistak berak eguneratu egin du Gasteizko museoak hari buruz antolatutako erakusketarako. Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni izeneko erakusketak 1970eko hamarkadan hasi eta gaurdainoko tartean artistak egindako obrarik esanguratsuenetako batzuk biltzen ditu Iparra aretoan. Hara bilduko diren ikusleei egiten die ohartarazpena oihal handiko mezuak, hain justu, museoaren barrualdea eta kanpoaldea lotuz. Ikusleei gogorarazi nahi die begiratzeak soilik ez duela balio, baizik eta beharrezkoa dela ikusten denarekiko ikuspegi kritikoa izatea eta hausnarketa egitea: perspektiba kritikoa izatea, alegia. Hori baita Muntadasen obren funtsa oinarrian, eta hori bera du ardatz erakusketak ere.

Artistaren ikuspegi «analitikoa eta zeharrekoa» zein den azaltzen du Artium museoak eta Bolognako (Italia) MAMbo museoak elkarrekin ekoitzitako erakusketak, hain zuzen. Nazioarteko arte garaikideko artistarik esanguratsuetakoa da Muntadas, eta haren ibilbideari Euskal Herrian eskaintzen zaion aurreneko erakusketa da. Artistaren unibertsoan arakatu nahi du erakusketak, eta hortik dator izenburua ere. Mark Wigley arkitektoaren esaldi bat du jatorrian, hain zuzen. Haren hitzetan, Muntadas «hiri bat da, pertsona bat baino gehiago; trukerako eremu sare bat, luzaro abian dagoena, norbanako bat baino gehiago». Hortik dator, beraz, elkarrekiko loturen ideia hori.

Cecilia Guida eta Arturo Fito Rodriguez dira erakusketaren komisarioak, eta azpimarra egin nahi izan dute: «Erakusketa ez da Muntadasen atzera begirako bat». Artistaren ibilbide osoa aintzat hartzen bada ere, hark landutako askotariko diziplinetan jarri nahi du mira, haien arteko loturetan eta obretan behin eta berriz errepikatzen diren gaietan. Azken hamarkadetan ondutako lanik ospetsuenak hautatu dituzte horretarako. Guztira, hogei artelanek osatzen dute erakusketa: argazkiak, bideo instalazioak, ilustrazioak, eta bestelako lanak daude ikusgai.

«Globalizazioa, nazioen gaindiko kapitalismoa, boterearen mikrofisika...», askotariko gaiak landu ditu Muntadasek bere ibilbide artistikoan, baina kritika izan da guztien oinarri eta helburu. Botere eta kontrol mekanismoei, espazio publikoaren eta eremu pribatuaren arteko harremanari, nahiz komunikabideek informazioaren «mediatizazioan» duten esku hartzeari buruzko gogoetak proposatu ditu haren artelanetan, publikoaren arreta bereganatzeko asmoz betiere.

Hala berrets daiteke erakusketa honetan ere. Galderak sortuko dizkio ikusleari aretora sartu bezain laster, Projecte/ Proyecto/ Project koadro sortarekin, esaterako. Komunikazioan ohikoak diren galderak artean ere baliagarriak direla erakutsi nahi du artistak pieza horiekin, zehazki.

Baina badira bestelako gaiak ere. Beldurraren eraikuntzari nahiz kontrolerako gailuei egiten die erreferentzia, adibidez, La Televisión izeneko instalazio sortan. Hortxe kokatzen da On Translation: El Aplauso obra. Artium museoaren bildumaren parte da pieza egun, eta telebista ikuslearen pasibotasunari buruzko ariketa kritiko bat da oinarrian. Horrez gain, harreman publiko-pribatuei zein komunikazioaren eta informazioaren ekoizpena manipulatzeko prozesuei ere begiratzen die artistak Architektur/ Räume/ Gesten II eta Palabras, palabras... instalazioen bitartez.

Dokumentazio gunea

Dokumentazio gune batek osatzen du Muntadasen obrari buruzko erakusketa. Museoaren liburutegiaren parean kokatu dute, eta artistaren unibertso propioan sakontzea du helburu. Muntadasen ibilbide artistikoari buruzko datuez gain, artistak garatu dituen azken hiru proiektu handiei buruzko informazioa aurkitu daiteke: Asian Protocols, About Academia eta La construcción del miedo.

Erakusketa ikusgai da dagoeneko. Urtarrilaren 12ra arte izango da Gasteizen, eta Italiara eramango dute ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.