Lau faborito izendapenetan

'Joker' filmak lortu ditu hautagaitza gehien Oscar sarietarako, 11; eta 'The Irishman', '1917' eta 'Once Upon a Time... in Hollywood' lanek, hamarna. Otsailaren 9an banatuko dituzte

itziar ugarte irizar
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Atzean geratu berri dena pelikula bikainak ekarritako urte bat izan dela erakutsi dute Oscar sarietarako izendapenek. Hollywoodeko Akademiak atzo iragarri zuen 92. zinema sarietarako hautagaien zerrenda, eta, izendapen kopuruari behatuta, lau film nabarmendu dira gehien: Todd Phillipsen Joker, Sam Mendesen 1917, Martin Scorseseren The Irishman eta Quentin Tarantinoren Once Upon a Time... in Hollywood. Lauren egileak daude, gainera, zuzendaririk onenaren garaikurra irabazteko hautagaien artean, Bong Joon Ho korearrarekin batera —sei hautagaitza lortu ditu Gisaengchung lanarekin; tartean filmik onenarena, gidoirik onenarena eta ingelesez besteko filmik onenarena—. Otsailaren 9an banatuko dituzte sariak, igandez, Los Angelesko Dolby antzokian (AEB). Iaz hasitako bidetik, aurten ere aurkezlerik gabe egingo dute gala.

Joker da denetan izendapen gehien lortu dituen pelikula: 11. Urteko filmetako bat izan da, ezbairik gabe: Arthur Fleck da protagonista, orduka pailazo gisa lan egiten duen eta gizartearen mespretxu eta zitalkeriari aurre egin nahian dabilen gizona. Joaquin Phoenixek jokatzen du Batmanen unibertsotik eratorritako pertsonaia hori, eta gogor txalotua izan da haren interpretazioa—gizonezko aktorerik onenaren Oscar sarirako ere izendatu dute—. Gaizkiaren erroetan egin nahi du murgil filmak, eta Venezian Urrezko Lehoia irabazita eta urte hasieran Urrezko Globoetako garaile nagusietako bat izanda helduko da Oscarretako lehiara.

Phillipsekin batera, Mendes izan zen Urrezko Globoetako beste protagonista, 1917 lanarekin. Lehen Mundu Gerran girotua dago, eta bi soldadu britainiarrek jasotako hil edo biziko misio batean ardazten da kontakizuna. Hamar izendapen lortu ditu, Scorseseren The Irishman-ek adina. Kritikak laudatu badu ere, askoren harridurarako hura izan zen galtzaile nagusia Urrezko Globoetan —bost hautagaitza zituen, baina bakarrean ere ez zuten saritu—. Netflixek ekoitzi du zuzendari entzutetsuaren lan berria, eta ikusle askok zuzenean telebistan edo sakelakoan ikusi zuten hiru ordutik gorako filmaren estreinaldia —iaz Alfonso Cuaronen Roma besoak zabalik hartu ostean, denera 23 izendapen banatu dituzte aurten Netflixen ekoizpenen artean—.

Tarantinorena da beste hamar izendapen lortu dituen filma. Zuzendariak esana, zinemaren munduari egindako omenaldia da Once Upon a Time... in Hollywood, eta hezur-haragizko pertsonaia ezagun batzuek hartzen dute parte, beraz. Tartean, Leonardo DiCapriok, zeina gizonezko aktorerik onenaren sarirako izendatu duten. Harekin eta Phoenixekin lehian izango diraAntonio Banderas (Dolor y Gloria), Adam Driver (Marriage Story) eta Jonathan Pryce (The Two Popes).

Scarlett Johansson ere Marriage Story filmean egindako lanagatik da hautagaia, emakumezko aktore onenaren kategorian —taldeko emakumezko aktorerik onenaren sarirako ere izendatu dute, Jojo Rabbit filmagatik—. Lehen kategoria horretan, parean izango ditu Cynthia Erivo (Harriet), Saoirse Ronan (Little Women), Charlize Theron (Bombshell) eta Renee Zellweger (Judy).

Oihartzun txikiagoko sarien artean, soinu bandarik onenaren garaikurra jaso dezaketen filmak Joker, Little Women, Marriage Story, 1917 eta Star Wars: The Rise of Skywalker dira. Argazki onenaren saria, berriz, The Irishman, Joker, The Lighthouse, 1917 edo Once Upon a Time in... Hollywood filmarentzat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.