Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Bizipenen eta gogoeten laburpena

Don Inorrez musika taldeak 'Esku hutsik' bigarren lan luzea plazaratu du. Hamar kantuz osatuta dago, eta aurreko lanaren jarraipen gisa deskribatu dute
Don Inorrez taldeko abeslari eta gitarra jotzaile Imanol Ubeda, kontzertu batean.
Don Inorrez taldeko abeslari eta gitarra jotzaile Imanol Ubeda, kontzertu batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2021eko otsailak 26

Esku hutsik datozela adierazi arren, hamar abesti bildu ditu Don Inorrez musika taldeak bere lan berrian: Esku hutsik (Lizarbakar). Bigarrena du, eta Imanol Ubeda eta Karlos Aranzegi taldekideek nabarmendu dute aurreko diskoaren «nolabaiteko jarraipena» dela, power-pop estiloa baita nagusi. Dagoeneko jarri dute diskoa salgai, eta, horrez gainera, plataforma digital guztietan entzun daiteke.

2016. urtean Bide Ertzean taldea desegin zenean hasi zen Ubeda proiektu berria martxan jartzen. Aranzegi bateria jotzailearekin elkarlanean bi urte kantuak sortzen igaro ondoren, Don Inorrez izen artistikoarekin aurkeztu zuen Ubedak bakarkako ibilbideko lehenengo diskoa: Mugiro bila. 2019an bi kantuz osatutako Dardara hura singlea argitaratu zuen, eta atzo, berriz, Esku hutsik izeneko lan luze berria. Ubedak eta Aranzegik Youtuben zabaldutako bideo baten bitartez eman dituzte lan berri horren inguruko xehetasunak.

Aurreko diskoaren urratsei jarraituz, Cadizeko (Espainia) El Puerto de Santa Maria herrian grabatu zituzten abestiak iazko udan, Paco Loco ekoizlearen gidaritzapean. Gainera, aurreko diskoko formula bera erabili dute, eta musikari talde berbera mantendu dute: Ubeda eta Aranzegiz gainera, Jacob Reguilon (baxua) eta Loco (gitarra, teklatuak) daude.

Hasieran, entsegu lokalean landutako oinarriak eta erritmoak grabatu zituzten, «buelta askorik eman gabe», eta gero hasi zen kantuen osatze prozesua. «Paco Locorekin lan egiteko modua nahiko irekia da: zuk ideia bat ematen diozu; berak ulertu egiten du, eta jario handiz proposamenak botatzen ditu», dio Aranzegik. Hala ere, Ubedak azaldu du Cadizen bost egun baino ez zituztenez igaro ahotsak Arantzazuko (Nafarroa) Mamia estudioan grabatu zituztela: «Cadizen ez zigun astirik eman ahotsak grabatzeko; hortaz, Jonan Ordorikaren estudioan grabatu genituen ahotsak, urrian, patxada eta denbora gehiagorekin». Gero, bi estudioak elkarren artean «koordinatu» behar izan dira, eta, azkenik, Cadizen egin dituzte nahasketak eta masterizazioa. «Pacok nahasketak Cadizen egiten zituen, eta gero guri bidaltzen zizkigun guk gure iritzia emateko». Aranzegik azaldu du pandemiaren ondorioz distantzian lan egitera «ohitu» behar izan dutela, baina, aldi berean, esperientzia «berezia» izan dela: «Zerbait egiteko gogoa eta ilusioa daukazunean, helburua bete egiten da, era batera edo bestera».

Hitzak eta melodiak

Pello Lizarralde idazleak idatzitako hitzek eman diote izenburua diskoari. Ubedaren alaba jaio zenean idatzitako abestia da, baina, bere hitzetan, beste arrazoi bat egon da diskoa horrela izendatzeko: «Musikariok eta orokorrean musikaren sektorea nola dagoen azaltzeko balio du diskoaren izenburuak». Aitortu du musikaren inguruan aritzen diren langileen egoera «nahiko prekarioa» zela orain arte, baina, osasun krisiaren ondorioz, egoera «askoz zailagoa» da orain: «Lehen, gauza gutxi genituen eskura, eta orain, esku hutsik geratu gara». Ubedak idatzi ditu kantu guztien hitzak, batenak izan ezik: Garbiñe Ubeda idazlearenak dira Auskalopitekus abestiarenak. Horrez gainera, Eugenio Montaleren olerki zatiak txertatu ditu pare bat abestitan.

Hitzei dagokienez, Ubedak azaldu du «pauta batzuei» jarraitu dietela. «Azken bi urteetako bizipenen, pasadizoen eta gogoeten laburpen moduko bat da diskoa». Autoparodia, ironia, pandemiak eragin duenari buruzko hausnarketak eta kutsu pertsonalagoa duten abestiak bildu dituzte diskoan. Horrekin batera, rock-and-rollaren gaurkotasunaren aldarria ere egin dute. Diskoa zabaltzen duen Barre ala negar abestian, kasurako, Ubedak bere buruari galdetzen dio ea euren kantuak entzungo dituen inor al dagoen kanpoan, lekuz kanpo sentitzen delako. «Arruntegia top zerrendan sartzeko; zaharregia gaztetxeetan jotzeko» bezalako esaldiak gailentzen dira, eta kutsu britainiarra agerikoa da lehenengo abesti horretan.

Zuzenekoetarako gogoz

Don Inorrez taldeko musikariek aurreratu dute zuzeneko kontzertuetara itzultzeko «gogoz» daudela: «Jotzeko gogoz gaude, hori baita gure ingurune naturala», dio bateria jotzaileak. Oraingoz, ez daukate kontzerturik aurreikusita, baina beraiekin harremanetan jartzeko deia egin die elkarte eta eragileei. Zuzenekoetan ere orain arteko talde berbera mantenduko dute: alegia, Ubedaz eta Aranzegiz gainera, Ruben Caballero (gitarra) eta Fernando Neira (baxua) arituko dira taula gainean. Horrekin batera, Ubedak azpimarratu du etxean ere gozatu daitekeela diskoaz: «Garai arraro hauetan zuzenekoez gozatzeko aukerarik ez badugu ere, grabatutako musikaz goza dezagun».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal kantuan, bertsokideak atzean dituela. ©BOB EDME

Lehoiaren ahoan sartu du burua

Miren Mujika Telleria

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako saioa, eta, lehen itzuliko puntuak batuta, ia ziurtatua du Iruñerako sailkatzea. Datorren astean argituko da nortzuk ariko diren finalean
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
'Bilketa.eus' atariko pantaila irudi batzuk ©BERRIA

Artxiboetan barna sartzeko

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Baionako mediatekak zutik eman 'Bilketa.eus' ataria berritu dute. 26.000 dokumentu biltzen ditu digitalizaturik, eta ikerketa bide berriak eskaintzen ditu. Bilatu nahi den hitz oro kausi daiteke edozein dokumentutan. Liburu zaharrak, ikonografiak, prentsa zaharra… denetarik atzeman daiteke.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.