Albistea entzun

Zoriontasunaren itzalpeko kezkak

Asel Luzarragak 'Malthusen ezinegona' nobela kaleratu du. Berrehun urte barruko gizarte bat irudikatu du, ustez asebeteta dagoena. Hirugarren lan distopikoa du idazleak, eta ziklo bat ixtera dator
JON URBE / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko ekainak 4

«Beti imajinatzen dugu hemendik berrehun urtera gizartea desastre bat izango dela: gainpopulazioa, lehengaien agortzea, larrialdi klimatikoa, beroketa globala, krisi ekologikoa… Guztia txarrera joango dela pentsatzen dugu. Eta, aldiz, liburuan azaltzen den gizarte hau zoragarria da: denak bizi dira zoriontsu, lasai, lan egin beharrik gabe, dena dute eskura; baina, hala ere, problemak sortzen dira». Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak azaldutako agertoki horretan kokatzen da Asel Luzarragaren (Bilbo, 1971) nobela berria: Malthusen ezinegona. Zientzia fikzioa eta distopia uztartzen dituen istorio bat osatu du idazleak bere hamargarren liburuan, utopiaren eta zoriontasunaren itzaletan barneratuz.

Malthus da kontakizunaren pertsonaia nagusia, eta haren begietatik jasoko du irakurleak XXIII. mendeko gizarte «perfektu» hori. Ustez asebeteta dauden milioi bat herritarrek osatzen dute; izan ere, eta itxura batean behintzat, gaur egungo «gaitz guztiak gaindituta» dituen gizarte bat da, idazlearen hitzetan: «Ez dago armarik, ez dago kartzelarik, ez dago deliturik ere... Gizarte baketsu bat da. Ez dute lanik egin behar, ez eta erabaki politikorik hartu behar ere. Dena da bizi, ondo pasa, ez arduratu...», zehaztu du Luzarragak.

Baina erosotasun horrekin deseroso sentitzen da Malthus, protagonista: Rara avis bat da, idazlearen arabera, «barruan borborka sumatzen duen botere nahia nola ase ez dakien» pertsona bat. «Malthusek zerbait falta du, eta falta duen hori besteen gaineko boterea erabili ahal izatea da», azaldu du Luzarragak. Izan ere, Malthusek apurka ezagutu ditu gizarte horren «arrakalak eta gezurrak», eta horrek bide emango dio askotariko gogoetak egiteko: adinaz, denboraren kudeaketaz, bizitzaren helburuaz, lanaz, zoriontasunaz, sormenaz, arteaz… «Kezka horiek guztiak ere Malthusen buruan daude. 'Nora ekarri gaitu ustezko oparotasun honek?', hausnartuko du».

Gizarte hori iraultzeko plan bat garatuko du, eta, horretan dela, etengabeko aurkikuntzak egingo ditu: hiriak deskubritzen dituen moduan deskubrituko baititu izaki basatiak ere, «ezabatze handia» deitutako gertaera historikotik ihes egin zuten «azpigizakiak», eta aurkituko ditu, halaber, historia ofizialean jasota ez dauden objektuak, pasarteak, pentsamenduak... «Horrek balioko dio gauza batzuk aurrez aurre ikusteko», esan du Luzarragak. «Hau da, atzera eta aurrera begira arituko da pertsonaia». Izan ere, egun bakarrean gertatzen da istorioa, baina iraganeko gertaerak ere kontatzen ditu, atzera saltoak eginez; zehazki, azken hogei urteetako gizakien ibilia aztertuko du protagonistak.

Eta bide horretan Judith ere agertuko da, protagonistaren «ispilu lana» egingo duen pertsonaia. «Kontrapuntua da», adierazi du Luzarragak. «Hausnarketa paraleloak ditu, beste ildo eta zentzu batekoak, baina Malthusen buruan dauden gauza batzuk Judithen buruan ere badaude, beste modu batean ikusten badira ere».

Pentsarazteko lana

Mendigurenek azpimarratu du «asko pentsarazten» duen nobela «kontundentea» dela Malthusen ezinegona. Distopia handien tradiziotik edaten duen lana da, eta, editorearen hitzetan, nabarmena da Aldous Huxleyren itzala «batez ere, mundu berriari eta gizarte zoriontsuari egin zaizkion erreferentziengatik». Hala aitortu du Luzarragak berak ere: «Aurreko lanetan ere bazegoen Huxleyren eta [George] Orwellen eragina, eta esango nuke hemen ere badagoela zerbait; itxura batean gizarte libre bat delako, baina, aldi berean, administrazio nagusi batek dena programatuta eta dena erabakita daukalako».

Ideia horrek eta sortu duen mundu ustez utopiko horrek eragin dio zer pentsatua idazleari berari ere. Ardurarik ez izatearen eta zoriontasunaren arteko talkaren inguruan hausnartu du: «Nire kezka da noraino bizi gaitezkeen zoriontsu, lasai, sortzaile izan barik, lan egin barik». Friedrich Nietzsche filosofoaren botere nahiaren kontzeptua dago kontakizunaren atzean, idazleak adierazi duenez.

Ziklo bat itxi

Iragan urrian piztu zitzaion kontakizuna sortzen hasteko lehen «txinparta»; «sukar» moduko bat izan zuela azaldu du egileak, eta liburua idazten «obsesionatuta» egon zela lau hilabetez. Hain zuzen, hirugarren nobela distopikoa du Luzarragak Malthusen ezinegona, eta segida baten «azken katebegia» da. Izan ere, aurrez, beste bi eman ditu: Karonte (2005, Elkar) eta Bioklik (2018, Elkar).

Etorkizun hurbileko gizarte teknifikatu bat irudikatu zuen aurrenekoan idazleak, «gaur egun gaindituta legokeen etorkizun bat»; bigarrengoan, berriz, etorkizun urrunago bat jaso zuen, 2044ko «Bilbo posturistikoan» kokatu baitzuen kontakizuna. Hirugarren honetan, ostera, urrunago joan nahi izan du, «ikusiko ez dugun» bi mende aurreragoko gizarte bat irudikatuz. Bada, «ziklo distopikoa» itxi nahi izan du argitaratutako lan berriarekin. «Unibertso baten parte garrantzitsua da liburu hau».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Sorkuntza jada ez da nire munduaren zilborra»

Aitor Biain

Ez du diskorik egin plazan egoteko; plazan dago jada. Baina '#itsasoadabidebakarra' bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, pertsonala bezain kolektiboa den lana. Azken urteetako bizipenetatik abiatuta ondu du, eremu abisaletik ur azalera ateratzeko bidea oinarri hartuta, eta Kubatik joan-etorria egin duten kantuekin.
Gaur egungo musikariez inguratu da John Cale <em>Mercy</em> disko berria ontzeko. ©MADELINE MCMANUS

Erortzen ari den munduaz

Mikel Lizarralde

81 urte betetzear dela, John Calek segitzen du pauso bat aurretik, 'Mercy' bere azken diskoak erakusten duenez. Klasizismoaren eta abangoardiaren artean beti.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...