Jazz egarria asetzeko prest

Iazko etenaren ondotik, bihar hasiko da Gasteizko 44. Jazzaldia. Egitarau zabala prestatu dute, izen handiko musikaririk ez badago ere. Iradier Arenak ordeztuko du Mendizorrotza

Maciej Obara saxofonista poloniarrak itxiko du aurtengo jaialdia. BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Jazz doinuak plazak berrartzeko bidean dira Gasteizen ere. Iazko etenaren ondotik, eta Getxoko (Bizkaia) jaialdiari lekukoa hartuta, bihar ekingo diote Gasteizko 44. Jazzaldiari. Izurriaren testuingurura egokitutako jaialdia izango da aurtengoa, izen handiko musikaririk gabe eta ezohiko kontzertu guneekin. Baina, zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo, jaialdiaren arduradunek erabaki dute gurpila berriz martxan jartzea, zaleen jazz egarria asetzeko asmoz. Igandera arte iraungo du jaialdiak.

Azkeneraino saiatu ziren iaz, baina, Donostian ez bezala, Gasteizen ez zuten jazz jaialdirik egin. Uztailaren 13tik 18ra bitarte zen egitekoa, eta egitaraua ere prest zuten, baina antolatzaileek bertan behera utzi zuten azkenean, pandemiari aurre egiteko neurrien ondorioz. Ez zuten jazzarekiko lotura guztiz eten, ordea. Jaialdiaren ordez, zortzi kontzertuko ziklo bat egin baitzuten, The Garage Club aretoan, festibala egitekoa zen egunetan. Nazioarteko izen handiko musikarien ordez musikari gazteagoak aritu ziren: hala nola Ernesto Aurignac saxofonista, Javier Moreno kontrabaxu jotzailea eta Abe Rabade pianista, besteak beste.

Bada, iaz aritzekoak ziren musikari batzuk etorriko dira aurten, baina ez guztiak. Jaialdiak gutxi-asko bere ohiko moldea berreskuratuko badu ere, jazzaren izarrak ez dira Gasteizera itzuliko oraingoz. Hutsune nabarmenena, agian, Branford Marsalis saxofonista estatubatuarrarena da; ez du joko jazzaldian. Ia mende erdiko historian izen handiko jazz musikariak aritu izan dira jaialdian, baina aurtengo egitarauak ez du halako distirarik izango. Nolanahi ere, egitarau zabala eta oparoa izango da, eta bertako nahiz nazioarteko musikariak ariko dira.

Antolatzaileen hitzetan, jazz musikarekiko «leialtasuna» lehenesten du aurtengo programak, eta «talentu berriak ezagutarazteko» modua emango du. «Oso kartel orekatua da, gaur egungo jazzaren argazki ona egiten duena», Iñigo Zarate zuzendariaren esanetan. Eta «superizar mediatikorik» izango ez bada ere, «musika izarrak» egongo direla nabarmendu du. Hain zuzen, proposamen nagusien artean daude Antonio Sanchez eta Anne Paceo, Thumbscrew hirukotea eta Maciej Obara saxofonista.

Erritmoa eta melodia

Bateriaren birtuosoak dira aurreneko biak. Esaterako, Paceok askotariko musikak uztartzen ditu. New Yorkeko underground eszena ardatz hartuta, musikaren, erritmoaren eta melodiaren arteko mugak lausotzen ditu zuzenekoetan. Sanchez haren ondotik ariko da. Alejandro Gonzalez Iñarrituren Birdman filmari esker egin zen ezagun askorentzat bera arduratu zen soinu banda sortzeaz, baina ordurako ibilbide sendoa ondua zuen mexikarrak. Jazzaren arloko izen propio askorekin aritutakoa da, besteak beste, Gary Burton, Chick Corea, Danilo Perez eta Pat Methenyrekin, eta bost Grammy sari irabazi ditu.

Thumbscrewek ere ia hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dauka. Mary Halvorson gitarrista buru, Tomas Fujiwara bateria jotzailearekin eta Michael Formanek kontrabaxu jotzailearekin batera, jazzeko hirukote berritzaileenetakoa osatzen dute egun. Sei disko kaleratu dituzte elkarrekin, baina zuzenekoetan inprobisazioari bide eman zaleak dira.

Maciej Obara saxofonistak emango dio amaiera jaialdiari. Laukote gisa izango da Gasteizen; harekin batera ariko dira Dominik Wania pianoan, Ole Morten Vagan kontrabaxuan eta Gard Nilssen baterian. Dagoeneko hamar disko plazaratuta ditu musikari poloniarrak; azkenekoa, Three Crowns, 2019aren azkenetan kaleratu zuen, eta, iaz, pandemiaren erruz, ez zuen aukerarik izan zuzenean aurkezteko.

Horiek izango dira arreta gehien erakarriko duten musikariak, baina Gasteizko Jazzaldiak izango du zer eskaini bost egunez. Jazza beste molde batzuetara eramango duten musikariak ere izango dira: Pablo Martin Caminerok flamenkora hurbilduko du jazza, Moises Sanchezek musika klasikora, eta The Sey Sisters hirukoteak musika beltzera.

Musikari gazteak, berriz, jazza gazteengana hurbiltzeaz arduratuko dira: hala nola Gasteizko Luis Aranburu musika eskolako Fran Serrano boskotea, Jesus Guridi kontserbatorioko Dan in a Box taldea eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Spa taldea. Letter One Rising Stars Europako lehiaketako jazz sarien irabazleak ere ariko dira: Itamar Borochov tronpetista eta Kathrine Windfeld piano jotzailea, hurrenez hurren.

Iradier Arena

Aurtengo jaialdiaren beste berritasuna kontzertu guneena izango da: jaialdiaren ikurretako bat den Mendizorrotzako kiroldegiak ez du hartuko ekitaldirik. Aurten, Iradier Arenako agertokiaz baliatuko dira eguerdiko eta iluntzeko kontzertu nagusiak egiteko. Arratsaldeko kontzertuak, berriz, Principal antzokian izango dira, ohiko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.