Albistea entzun

Bizitza irudiei eta bizia marrazkiei

Jose Felix Gonzalez Placerren lanak bildu ditu Gasteizeko Artiumek. Film laburrak, marrazkiak eta dokumentuak dira, familiak museoari dohaintzan eman dizkionak
Film laburrez gain, marrazkiak, koadroak, dokumentuak eta bestelakoak ikus daitezke erakusketan.
Film laburrez gain, marrazkiak, koadroak, dokumentuak eta bestelakoak ikus daitezke erakusketan. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko irailak 28 - Gasteiz

Hiesarekin kutsatu, eta gaixotasunak eragindako albo kalteen ondorioz hil zen Jose Felix Gonzalez Placer artista. Berrogei urte zituela zendu zen; 1951 eta 1991 bitarteko urteak, halere, nahikoa izan zituen ibilbide artistiko oparo bat garatzeko. Margolaritzan, marrazketan, serigrafian edo argazkigintzan aritu zen, besteak beste, eta animazio filmen aitzindarietako bat izan zen Euskal Herrian. Gasteizko Artium museoak aitortza egin nahi izan dio artistari, eta hil aurreko urteetan ekoitzitako filmak eta ikus-entzunezko lanak egiteko erabili zituen hainbat marrazki, lan grafiko eta argitaratu gabeko dozenaka dokumentu eta margolan bildu ditu erakusketa batean. Etxegarai'ko Goti izenpean, urtarrilaren 16ra arte izango dira ikusgai.

Gonzalez Placerren mundu artistikora egindako «lehen hurbilketa» besterik ez da erakusketa, Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariaren hitzetan: «Ikusgai dauden filmak, dokumentuak, margolanak... pista batzuk baino ez dira». Artistak bizi oso bat eskaini baitzien marrazkiei, irudiei eta filmei. Nahasian doaz artea eta bizitza bere kasuan, eta, Herraezek nabarmendu duenez, ikuspegi hori baliagarria da orduko teknika artistikoei ez ezik, bizi izan zituen garaiei ere begiratzeko. «Bere lanen bitartez bizi izan zituen urteez eta une historikoez hitz egiten duten artista horietakoa da Jose Felix Gonzalez Placer; garai baten lekuko da».

Horregatik antolatu dute erakusketa Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian erakusketa nagusiaren azterketa kasu gisara. Hau da, Gonzalez Placerren obren bidez 1977 eta 2002 artean Euskal Herrian izan ziren jardun artistikoetan, kultura adierazpenetan eta prozesu historikoetan sakondu asmo du museoak. «Gonzalez Placerren lanek 1980ko eta 1990eko hamarkadetara hurbiltzen lagunduko digute, eta ez soilik ikuspuntu plastiko batetik, baizik eta garai hura markatu zuten askotariko gaiekin, hala nola hiesaren agerpenarekin», azaldu du Herraezek.

Erakusketaz gainera, Jesus Alcaide kritikari eta komisarioaren testuetan oinarritutako argitalpen bat ere kaleratu du museoak.

Marrazketa konpultsiboa

Enrique Martinez Goikoetxea komisarioak azaldu du zein izan den erakusketari Etxegarai'ko Goti izena jartzeko motiboa: «Etxegarai Madrilen bizi zen kalearen izena da; Goti, aldiz, senide eta hurbilekoek hari deitzeko erabiltzen zuten izena». Gainera, ezizen horrekin sinatzen zituen lan asko eta asko, eta artistak hala deitu nahi izan zion animazio filmak egiteko sortu nahi zuen ekoiztetxeari ere: Etxegarai'ko Goti.

Hain zuzen, Gonzalez Placerrek egin zituen azken lau animazio filmak jasotzen ditu erakusketak: Narciso (1987); Looking for Ground (1987); Tiempos convencionales (data ezezaguna) eta 20 días de amor (1991). Eguneroko ekintzak ikus daitezke horietan, marrazki eskematikoz, fotokopiaz, testuz eta orban abstraktuz osatuta. «Esperimentazioan oinarrituta daude haren lanak, batez ere. Eta pertsonaia nahiz artista ugari agertzen dira; horietako askori aipamena egiten die gainera, hala nola Francis Baconi, David Hockneyri eta Joseph Beuysi», zehaztu du Martinezek.

Ikus-entzunezko pieza horiek aretoan bestelako koadro, grabatu eta marrazkiak dituzte inguruan. 30 bat pieza daude ikusgai denera, «testuinguru bat» osatzeko asmoz. «Modu konpultsiboan marrazten zuen Jose Felixek [Gonzalez Placerrek], eta horrek eraman zuen gero marrazki horiei mugimendua eman eta animazio zinemara urratsa egitera», azaldu du Martinezek.

Argitaratu gabeko dokumentuak eta marrazkiak ere ikus daitezke aretoaren erdian dauden hiru erakusmahaietan. Zirriborroak, idatziak, storyboard-ak eta animazio proiektuei buruzko oharrak dira gehienak. Horietako batzuk EHUko Arte Ederren Fakultatean irakasle izan zen garaikoak dira, gainera; hau da, artistaren bizitzaren hondarrekoak.

Dokumentu horietan dagoeneko nabaria da hiesaren eragina, hain zuzen. Gaixotasunari buruz zuzenean hitz egiten hasi baitzen lanetan artista, izan kolorearen bitartez gorria erabiltzen zuen asko, edota zuzeneko aipamena eginez. «Gaixo zegoela jakin zuenean pentsatu zuen modu irekiagoan hitz egin behar zuela homosexualitateari buruz, nola bizi horrekin eta nola ikusgarri egin gizartean... eta hori bere lanetan islatzen zuen, sexu identitateari buruz edo hiesari buruz hitz eginez», adierazi du Martinezek. Izan ere, artistaren anai-arrebek gogorarazi dutenez, «oso gogorrak» izan ziren hil aurreko urteak harentzat: «Gaixotasuna gogorra izan zen, baina estigma are okerragoa».

Dohaintza

Artistaren familiak Artium museoari dohaintzan emandako ondare oparoaren parte dira obrak. Horietako batzuk museoaren biltegian zeuden 2006az geroztik, gordailu akordio bati esker, baina aurrerantzean Artium bera arduratuko dira haren artelan, zirriborro, dokumentu eta bestelako materialak gorde, katalogatu, ikertu eta ezagutzera emateaz. Denera, 150 pieza baino gehiago jaso ditu museoak. Artiumen bertan, erakusketa aurkezteko agerraldian egin zuten akordioa publiko bi aldeek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Irrintzi eta Jose Ibarrola Agustin Ibarrolak margotutako 'Gernka' koadroa atzean dutela ©Aritz Loiola/ Foku

Ibarrolaren 'Gernika' erakutsiko du Bilboko Arte Ederren Museoak

Iñigo Astiz

Agustin Ibarrolaren 'Gernika' koadroari eta haren testuinguruari buruzko erakusketa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Erakundeak 1980ko hamarkadan Picassoren 'Gernika' hartzeko aurkeztutako aurreproiektua ere jarri dute ikusgai

Victor Arrizabalaga eskultorea, Angurretan. / ©Monika del Valle, Foku

Harri zaharren erabilera berriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

   
Victor Arrizabalaga eskultoreak arte gune bihurtu du 1970eko hamarkadatik ustiatu gabeko Mañariko Angurreta harrobia. Arte garaikidearentzako leku bat izatea da helburua, baina ohiko kultur ekitaldiak ere hartuko ditu. Bisita gidatuak eta Laukoteren kontzertua izango dira gaur.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Paparra erakusteko moduan dago komikigintza»

Gorka Arrese

Marrazkilaria, gidoilaria eta editorea da Dani Fano (Donostia, 1968). 'Sasi artean Elgeta' albuma argitaratu du berriki, Ekaitz Agirre 'Garluk' margolariarekin eta Koldo Izagirre gidoilariarekin batera. Ikastolen Elkartearen 'Xabiroi' komiki aldizkaria gidatzen du 2005etik hona.
Amets Arzallus ofizio guztietan nabarmendu zen, atzo, Maulen. ©BOB EDME

Amets Arzallus, lehen finalista

Hodei Iruretagoiena

526 puntu eskuratuta, Xilabako finalera pasatu da Maulen jokatutako lehen finalerdian, ariketa guztietan beretik emanda. Maddi Ane Txoperenak egin du bigarren

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna