Albistea entzun

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera
MAIALEN ANDRES / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko abenduak 1 - Donostia

Walden itzuli du Danele Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989), hitzaurrea egin dio Antonio Casado da Rochak (Errenteria, Gipuzkoa, 1970), eta Katakrak etxeak argitaratu du. Liburu politikoa, poetikoa eta polisemikoa dela iruditzen zaio Casado da Rochari. XIX. mendeko industria sistemaren aurrean alternatiba egingarri bat proposatu zuela uste du Sarriugartek. «Naturari begiratzen irakasten duen liburua» da Hedoi Etxarte editorearentzat.

Ralph Waldo Emerson poetak 1844an lur batzuk erosi zituen Walden aintziraren aldamenean (Concord, Massachusetts, AEB), eta Henry David Thoreau adiskideari utzi zizkion, han egoteko, ibiltzeko eta idazteko.

Thoreauren liburu ezagunena da Walden (1854). Idazleak bere eskuez egindako pinuzko txabola batean 1845eko uztailetik 1847ko irailera arte basoan igaro zituen bi urteen, bi hilabeteen eta bi egunen kronika da, landare jangarriak aldatzen, urak aztertzen, fauna eta flora deskribatzen, pentsatzen, irakurtzen, idazten, tximiniako suari egurra botatzen.

Gizarte industrialari eta haren sistemari egindako kritika bat da. Thoreauk iradokitzen du naturarekin bat eginik bizitzea dela gizaki librearen benetako bizimodua; halaxe ezagutuko ditu naturaren ondasunak eta baliabideak, naturaren arauak eta ordainak.

Thoreau ez zen toki urrun eta babesgabe batean lekutu eta ezkutatu. Concord herria kilometro pare batera zeukan: lagunengana joaten zen sarritan, eta lagunak txabolara bisitan joaten zitzaizkion lantzean behin. Liburuan gutxienez badira 25 pertsona han ingurura hurbiltzen zaizkionak. Ez zuen eremita bizimodurik egin.«Egunero, edo bi egunean behin, herrira joaten nintzen oinez», idatzi zuen Thoreauk, «han etengabe gertatzen diren txutxu-mutxuen berri izateko; ahoz aho ibiltzen dira, edo egunkariz egunkari bestela, eta hostoen xuxurla edo igelen kantua bezain suspergarriak dira, dosi homeopatikoetan hartuz gero». Beraz, esperimentu bat izan zen: filosofikoa, politikoa, ekonomikoa, mistikoa, naturazalea, begetarianoa...

Auzoak esnatzeko

Liburuak hemezortzi kapitulutan biltzen ditu egunerokoaren kontakizuna, naturaren deskribapenak, gogoetak eta poemak. Lehen kapitulua da luzeena, Ekonomia deritzona, ia 75 orrialdekoa. Gainerakoak laburragoak dira, 25 eta 10 orrialde artekoak, gutxi-asko. Liburuaren hastapenean esaldi hau paratu zuen: «Ez da nire xedea oda bat idaztea abaildurari buruz: harropuzkerian aritu nahi dut gogotik, nola aritzen den oilarra goizetan, makila baten puntara igota, besterik ez bada nire auzoak esnatzeko».

«Bizitza eraldatu didan liburu bat da», aitortu du Antonio Casado da Rocha idazleak. «Inoiz agortzen ez den iturri bat da Walden».

Euskal Herrian ere interesa aspaldi piztu zuela azaldu du: «Justo Garate euskaltzale bergararrak erbestean itzuli zuen gaztelaniara», Argentinako Tandil hirian, eta 1949an argitaratu zuen.

«Ekologistentzat interesa izan du beti. Baita intsumisio mugimenduko jendearentzat ere. Edo filologoentzat. Ertz asko dituen liburua da, polisemikoa da». Thoreauren liburu landuena da Walden. «Gertuko politika bat ageri da, gauza txikien politika bat, politika positiboagoa bere Desobedientzia zibila obran baino. Handiaren printzipio gidaria txikian aurkitzea du asmoa: Thoreauk hosto txiki batean aurkitzen du geografia oso bat». Emersonen inguruan egituratutako transzendentalismo korrontearen intuizio nagusietako bat omen zen txikian handia topatzea, eta handian txikia. «Walden liburu politiko gisa aldarrikatu nahi nuke».

Kontakizunak kutsu poetiko berezia duela nabarmendu du Casado da Rochak. «Thoreau poeta izan zen, eta haren prosa ere oso poetikoa da tarteka. Polifonikoa da testua, mugimendu desberdinak dituen sinfonia bat bezalakoa».

Zehatz-mehatz kontatzen

Sarriugarterentzat lan handia izan da liburu mardul hori itzultzea, «baina gozagarria». Asko eskertu ditu Koro Navarrok egin dizkion proposamenak eta zuzenketak.

Erronka nagusia izan da Thoreauren estiloak duen «musika tonuari eustea». Testua hain polisemikoa izanik, saiatu da, ahal zen neurrian, «adiera aukera diferenteak» zabalik uzten.

Thoreauk alternatiba bat eskaini nahi zuen, Sarriugarteren ustez: «Bizi gaitezke beste era batera: gauza gutxiagorekin, gutxiago kontsumituz. Egingarria dela iradokitzeaz batera, frogatu nahi bat nabaritzen da dena zehatz-mehatz kontatze horretan». Deskribapen xeheak egiten ditu, «beti hausnarketekin» tartekatuta, eta «aldika umore tantez».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.
Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Haranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du
Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.