Lurralde zati baten polifonia

Irene Sola katalanaren 'Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak' lan saritua euskaratu du Joxan Elosegik. Lur eremu batean batzen diren ahal beste ahots bildu nahi ditu eleberriak

Joxan Elosegi eta Jorge Gimenez, atzo, Donostian; atzeko pantailan, Irene Sola idazlea etxetik. GOTZON ARANBURU / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Mundu zati bat hartu, eta hura sakon begiratzea, hitzekin piztea, eta ahal beste ikuspuntutatik azaltzen ahalegintzea, mundu zati horrek bil ditzakeen ahal beste ahots ekarriz. Izan lur horretan bizi direnenak, izan bizi izan zirenenak, baina baita laino zein haitzenak ere, izaki mitologikoenak, inguruak gordetzen dituen ezkutuko ahotsenak. Ideia hori du ardatz-ardatzean Irene Solaren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak eleberriak: istorio bat posible den ikuspuntu guztietatik kontatzeko nahia. Iaz eman zuen katalanez jatorrizko bertsioa, eta Anagrama Eleberri Saria eskuratu zuen harekin; gaztelaniazko itzulpenarekin ere saritu diote lana, eta jaso berri du 2020ko Europako Batasuneko Literatur Saria ere. Joxan Elosegik ekarri du orain euskarara, eta Alberdaniak plazaratu du. Bertako editore Jorge Gimenezek gogora ekarri ditu Solak aurrez jasotako sari sorta eta arte plastikoen eremuan duen jarduna: «Artista erabatekoaren ametsaren atzetik dabil».

Pirinioaurreko eremu bat hautatu du Solak istorioa kokatzeko, «parez pare begiratzeko» eta hura ahal beste ahotsetatik kontatzeko. Atalka joan da gutxi-asko ikuspegiak tartekatzen, eta nahasian eman ditu, beraz, orkatzen, lainoen, pertsonaia mitologikoen, bertako biztanleen eta gehiagoren ikuspegiak, denen protagonismo maila ahal beste berdinduz. «Mundua begiratu nahi nuen ahal beste begiradatatik; lurralde bat ulertu berau osatzen duten geruza, arrasto, istorio guztiak aintzat hartuta, lur beraren gainean pilatu direnak. Eta hor gertakari errealek, historikoek dute garrantzia, baina baita mitologikoaren geruzak ere».

Polifonia lantzearekin bat,ahotsari berari buruzko gogoetari ere heldu dio egileak eleberrian. Nork kontatu ahal izan dituen berari gertatuak eta nork ez. Sorginen kasuan, esate baterako: 300 urte atzera eleberriaren lurraldean bahituak eta erailak izan ziren andre haien ikuspuntua berreskuratzen saiatu da egilea. Garai hartan idatzita gelditu ziren hamaika dokumentu aztertu ditu, baina, han irakurritako den-dena «gizonen esku kolpez idatzita» gelditu denez, bizipen horiek bestela berreskuratzen saiatu da. Eta berdin laminen pareko izaki mitologikoen gainean nondik idatzi den aztertu duenean ere. Alde horretatik, begirada «kritiko eta feminista batetik» idatzitako eleberria dela aipatu du Solak. «Jakitun istorio guztiak norbaitek kontatzen dituela eta norbait hori, badakigu, boterea duena izaten dela. Beraz, hor badira milaka ahots ez zaizkigunak iritsi».

Bizitza errealaren magia

Ahots horien guztien artean, «lur azpiko ibai bat bezala» doa garatuz trama, bi heriotza bortitz jasango dituen familia baten inguruan. «Ez dizuet spoiler-ik egiten esaten badut lehen atalean, lainoetatik idatzita dagoenean, hauek nola deskribatzen duten tximista batekin erail dutela familiako aita. Heriotza hori ikaragarri gogorra izango da familiarentzat, eta, aldi berean, guztiz garrantzirik gabekoa mendiaren parte diren beste guztientzat». Ibaiak emaztearen eta bi seme-alaben atzetik jarraituko du, eta haiek, haztean, beste pertsonaia zentral baten lagun egingo dira: Jaume, eleberriaren azken-azkenetan hartuko duena hitza.

Gimenezek nabarmendu duenez, magia da eleberri guztia inguratzen duen elementu aipagarrienetako bat. Ez genero fantastikoari lotua, ezpada «bizitza erreal eta egunerokoari» lotua dagoen magia. Izenburuak ere horri keinu egin dakiokeela aipatu du editoreak. Eta idazleak osatu: «Izenburuak magiari egiten dio erreferentzia, baina baita literaturari ere, hitzek eta irudimenak duten indarrari. Hori da niretzat literatura: gai izatea paper soilaren gainean eraikitzeko sortu nahi dituzun munduak, pertsonaiak. Eta gero, noski, bestaldean irakurle bat izatea hori dena aktibatuko duena, erreal egingo duena bere irudimenean».

Mendian gertatzen da dena, eta mendia bera era ezohikoan agertu du egileak. «Denak daude irrikan beren istorioa kontatzeko, eta mendia da bakarra zera dioena: 'utzidazue bizitzen, komeni zaizuena nik lo egitea da, hemen duzue nire bizkarra, egin dezakezue etxe bat bertan, baina ez dizue zertan axola behar nire ahotsak, nire ikuspegiak'». Irudiz eman du haren mugimenduen berri, eta poemak eta hizkuntza ezberdinak ere baliatu ditu narrazioa osatzeko, «ahotsak eta mundua pentsatzeko moduak» ikertzeko asmoari lotuta. Itzultzaileak ere narratzeko modu ezberdin horri egin dio azpimarra: «Berezko estilo handiko idazlea da; literatura, bereziki, nola kontatzen den baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.