Umorearen zauriaz, feminismotik

Ane Labaka Mayozek 'Algara mutilatuak' eman du argitara. Umorea emakumeen gorputzetatik nola «erauzi» den ikertu du idazle eta bertsolariak lanean. Susaren Lisipe bilduma feministaren bederatzigarren liburua da

Jule Goikoetxea eta Ane Labaka atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
aitor biain
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Umorea du ardatz eta oinarri Susa argitaletxearen Lisipe pentsamendu feministaren euskarazko bildumaren bederatzigarren liburuak. Ane Labaka Mayoz idazle, bertsolari eta sortzaileak emakumeen gorputzetatik umorea nola ezabatu, «erauzi» den ikertu du Algara mutilatuak lanean. Ezaguna ez izangatik ere «ohikoa den mutilazioaz» dihardu liburuak, Jule Goikoetxeak adierazi duenez. «Mutilazioaz dihardu, bai arlo sinbolikoan, bai arlo kulturalean eta materialean, eta, beraz, mutilazio gorpuztuez doa liburua. Baina mutikotzeaz ere badoa, umorea mutikoena izan delako». Bera arduratu da editore lanak egiteaz.

Umorearen bueltan aritu da Labaka azken urteetan. Ikerketagai izan du arlo akademikoan, esaterako, eta tresna gisa erabili du sormenerako, nola antzerkian hala bertsotan edo bestelako lanetan. Eta bide horretan jasotakoaren ondorio da liburua. «Hasi nintzen begiratzen zen ikertu zen feminismoaren eta plazandreen inguruan, eta ohartu nintzen umorea bazela gai bat askotan aipatzen zena, baina beti zeharka izaten zen, eta inork ez zion heltzen. Horregatik aukeratu nuen gaia».

Bereziki ikertu nahi izan du genero-sistemak umorearen garapenean duen eragina, baina baita genero-sisteman umorearen erabilera zenbateraino den erresistentzia edo transgresiorako bide. Eta arreta berezia jarri dio bertsolaritzari, gainera. Izan ere, umorea maskulinitatearekin lotu izan da oro har gizartean, eta baita bertsoaren alorrean ere. Hala egiaztatu zuen, esaterako, lagun batek aipatu zionean bertso saio batera «gizonezko bertsolari konkretu bat» gonbidatuko zutela, «umore pixka bat» jar zezan. «Isilik geratu nintzen, eta, lagunak esan zidanez, dena esan nion begiradarekin», adierazi du Labakak.

Baina uste hori oso errotuta dagoela egiaztatu zuen gerora ere Euskal Herriko helduen hainbat bertso eskolatan gaiari buruz ikastaroak ematen aritu zenean. Ikastaro horietan, bertaratutakoei eskatzen zien burura zetorkien lehen bertsolari umoretsuaren izena idazteko. Izenak generoka bereizten zituzten gero. «Eta han oso argi ikusten zen: zutabe bat izenez betetzen zen berehala, espero zitekeen moduan izen gehienak ziren gizonezkoenak—hildakoren bat edo beste ere bazegoen tartean—, eta, aldiz, emakumezkoei zegokien zutabea huts-hutsik geratzen zen beti. Hutsune hori gogoan dudala idatzi nahi izan dut liburua. Irudi huts hori gogoan, eta gorputzean emakumeen barre hotsez betetako plaza nuela».

Bizipenetik zauri propiora

Ikerketa osatzeko hainbat emakumeren bizipenak eta iritziak jaso ditu. Horien artean daude, esaterako, Beatriz Egizabal, Idoia Torregarai, Aitziber Garmendia eta Irantzu Varela. Eta baita oholtzakide izan dituen Alaia Martin, Uxue Alberdi, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita, Ainhoa Agirreazaldegi, Amaia Agirre, Nerea Ibartzabal, Maialen Lujanbio eta Maite Berriozabal ere. Guztiak dira umorean arituak, «eta, beraz, adituak» diren emakumeak, nor bere arloan bada ere. «Opari bat izan zen haiekin hitz egitea, eta umoreari buruz ikuspegi orokorrago bat lortzen lagundu zidaten», azpimarratu du Labakak.

Eta, hain zuzen, elkarrizketa horiek entzun eta transkribatu ahala ohartu zen idazlea umorea aztergaitzat hautatzeko erabakia ez zela hasieran uste bezain «ausazkoa» izan. «Hasieran konbentzituta nengoen, ikergaitzat umorea hartu nuenean, hautaketa hori ez zetorrela zauri propio batetik; sinesten nuen, beste edozein gai bezala, ikertu gabe zegoelako aukeratu nuela. Baina elkarrizketatuek ispilu bat jarri zidaten aurrean, eta ikusarazi nik zer min propio nituen umoreari lotuta», azaldu du idazleak. «Ordutik, zauria gatzez laztantzearen parekoa izan da prozesua; aldizka barea, aldizka errea».

Elkarrizketatuen kontakizunaren mapari «marko teoriko bat» erantsi dio idazleak, halere. Uxoa Anduagari irakurritakoekin osatu du marko hori, haren tesiak jasotako ideiekin, zehazki. Herri barrez: Umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua izeneko tesia idatzi zuen Anduagak 2016an, eta ikerketa hartako pasarteak eta elkarrizketatuen hitzak uztartu ditu Labakak liburuan. Anduagak berak idatzi du liburuaren hitzaurrea. Jule Goikoetxeak, berriz, material guztia ordenatzen lagundu dio idazleari, «zorroztasunez eta mimoz».

Material hori guztia bost ataletan banatu du liburuan. Lehenengo kapituluan umorearen joko arauez idatzi du, eta, bigarrenean, berriz, umorearen noranzkoez eta norabideez. Hirugarren atalak umorearen mugak ditu hizpide, eta laugarrena Jendaurreko umorea izeneko atala da, eta, nolabait, bertsolaritzaren esparruan ardazten da. Azken atalak, ostera, umore berriei buruz dihardu; «umorea eraldaketarako arma politiko gisa erabiltzearen beharraz; umorea boterea dela berresteaz». Mezu horrekin, eta kantuan amaitu du aurkezpena Labakak, hain zuzen ere: «Beharbada amorruz/haserre, orroka/ baina umorez egin/ dezagun borroka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.