Gizaki berdeen erresistentzia

Amaia Apalauzak Ursula K. Le Guinen 'Oihan hitzean mundua' eleberria itzuli du. Zientzia fikziozko kontakizuna Vietnamgo gerraren sasoian idatzi zuen. Igela etxeak argitaratu du

JON URBE / @FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Terra planetakoek kolonizatu egin dute Athshe, eta hango gizaki guztiz baketsuak esklabotzara behartu dituzte, basoko egurra ustiatzeko. Davidson militarrak bortxatu eta hil egin du Selverren emaztea, eta zapalketa egoera jasanezina iraultzearren Selverrek borroka masiboa sustatuko du, Terrako kolonizatzaileek Athshetik alde egin dezaten.

Ursula K. Le Guin eleberrigile estatubatuarraren (Berkeley, AEB, 1929 - Portland, AEB, 2018) Oihan hitzean mundua (The Word for World is Forest) nobela euskaratu du Amaia Apalauzak. Igela argitaletxeak plazaratu du udan. Le Guinek hogei nobela baino gehiago idatzi zituen, eta ehun bat ipuin. Oso ezaguna eta berritzailea izan zen fantasiazko eta espekulazioen zientziazko literatura idazteagatik.

Ursula Kroeberrek, 1953an, Charles Le Guin historialari frantsesa ezagutu zuen Europara zihoan Queen Mary itsasontzian, eta, urte hartan bertan Parisen ezkondu zirenez gero, harengandik hartutako abizena erabili zuen.

Oihan hitzean mundua zientzia fikziozko nobela bat da, AEBetako armada Vietnamen gerra egiten ari zen garaian idatzia eta 1972an plazaratua. Argitaratu aurretik, Little Green Men (Gizaki berde txikiak) izenburua zeukan kontakizunak.

Hiru pertsonaia nagusiak

Zortzi kapituluz osatuta dago istorioa, eta kontalari orojakile batek hiru pertsonaia nagusien ikuspegitik kontatuta dator: Don Davidsonen perspektibatik azaltzen ditu lehen, laugarren eta zazpigarren kapituluak; Rai Liubov delako batenetik hirugarrena eta bosgarrena, eta Selver protagonistarenetik bigarrena, seigarrena eta azkenekoa.

Davidson kolonoen kapitaina da, ustiaketa gerta dadin Athshe zanpatzen duena. Liubov kolonoa eta antropologoa da, eta Terra eta Athshe lurraldeetako hizkuntzen arteko hiztegi bat osatzen dihardu. Eta Athsheko herritarra da Selver, antropologoaren zerbitzaria eta interpretea.

«Itzulpen guztiek dituzte beren berezitasunak eta koskak», aitortu du Apalauzak. «Itzulpen honek eskatu dit sekula baino erabaki gehiago hartu behar izatea», bai termino asmatuak euskaratzeko garaian, bai doinu eta erregistro ezberdinei neurria hartzeko tenorean.

Iruditzen zaio Le Guinen prosa ez dela konplexua eta oso apaindua, «baina bere soiltasunean poetikoa da». Izan ere, Selver protagonistaren ikuspuntutik kontatutako pasarteak naturari lotuta daude, eta «lirikotasun berezikoak» dira. Davidson militar bortitz, harroputz, misogino eta arrazista bat da; «mespretxuzko hizkera darabil, madarikazioka, irainka». Eta Liuboven kapituluek bestelako kutsu bat dute: «Antropologoak Athshe planetako biztanleekin enpatizatu egiten du, eta kontraesan etikoak sortzen zaizkio». Pilulak hartzen baititu, eldarnioak dauzka noizean behin. «Pasarte horietan hitz jokoak, itxuraz esaldi zentzugabeak eta errimak daude, eta, jolaserako aukerak bezalaxe, lan handiak eman dizkit».

Apalauzak zailtasunak izan ditu nobelaren izenburuarekin. «Ingelesez aditza dauka, eta esaldia osatzen du. Baina euskaraz ez gaude halakoetara ohituta. Hoskideak ditu, gainera, word eta world hitzak, eta, beraz, musikaltasun bat. Nire buruhaustea izan da edo literalki itzultzea, edo poetikotasun bat ematea. Hogeitaka aukera sortu genituen lagunenartean, honetara iritsi arte».

Itzulpena egiteko jende askoren kolaborazioa izan du Apalauzak, eta haien guztien artean eskerrak eman dizkio Blanca Busquets itzultzaileari, oraindaino Le Guinen zazpi nobela katalanez eman dituenari. «Eleberria itzultzen biok ia aldi berean jardun dugu. Harremanetan egon gara, eta iritzi truke aberasgarria izan dut harekin». Raig Verd argitaletxeak El nom del món és bosc izenburuarekin plazaratu zuen maiatzean.

Gainera, Arrate Hidalgok hitzaurre labur bat erantsi dio liburuari; Iban Zalduak, gibelsolasa, eta Leire Urbeltzek, azaleko irudia.

Oihan hitzean mundua eleberria plazaratu aurretik, Armiarmak sarean emanak zituen Le Guinen Legez kanpokoa ipuina, Jasone Larrinagak 2013an itzulia, eta lau poema, Hedoi Etxartek 2020an euskaratuak. Igelaren asmoa da hurrena Le Guinen Iluntasunaren ezker eskua (The left hand of darkness, 1969) nobela argitaratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.