Euskal sustraiak hilarrietan

Idoubeda Oros taldeak, Euskaltzaindiarekin batera, Sorian topatutako sei hilarri jarri ditu ikusgai San Telmo museoan. Urtarrilaren 16ra arte egongo da erakusketa, klaustroan

Joakin Gorrotxategi ezkerrean, atzoko aurkezpenean, erakusketara bildutakoei azalpenak ematen. JON URBE / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Donostiako San Telmo museoak, Euskaltzaindiak eta Idoubeda Oros egitasmoak Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian izeneko erakusketa antolatu dute elkarlanean. Bertan, Soriako Tierras Altas eskualdean (Espainia) aurkitu dituzten eta euskal jatorridun izenak dituzten sei hilarri jarri dituzte ikusgai, Euskal Herrian aurrez aurkitutako beste batekin batera. Proiektuan parte hartu duten talde guztietako ordezkariak bildu ziren atzo aurkezpenean. Urtarrilaren 16ra arte bisitatu ahalko da erakusketa, eta, harekin batera, bi bisita gidatu eta bi konferentzia ere egingo dituzte, baita familian egiteko tailer bat ere.

Erakusketak bi osagai ditu. Batetik, zazpi hilarriak daude; haietako sei Soriako Tierras Altas inguruan topatu zituzten, eta bestea, Andrearriaga izenekoa, Oiartzunen (Gipuzkoa). Bestetik, pieza bakoitzaren aldamenean plaka bat jarri dute, zeinetan Idoubeda Oros taldeko Joakin Gorrotxategi irakasle eta euskaltzain urgazleak egindako azterketa eta iruzkin linguistikoak dauden. Eduardo Alfaro arkeologoa Gorrotxategirekin ibili da lanean, eta, hark azaldutakoaren arabera, hilarriok «oso bereziak» dira: «Heriotzari buruzko errituak eta sinesmenak ezagutzeko parada ematen digute».

«Piezaz piezako bidaia bat»

Alfarok eta Gorrotxategik bisita gidatu bat eginez eman zituzten azalpenak. Hain zuzen, ibilbidea «piezaz pieza doan bidaia» gisa definitu zuten bi adituek.

Lehen piezak Antropomorfoa izena du: Alfarok azaldu zuen hilarri «ia simetrikoa» dela; gainera, nabarmendu zuen hilarriko giza siluetari nabaritzen zaizkion bi puntuak «emakumetasunaren agerkaria» direla.

bigarren hilarria, berriz, Saturninus deiturikoa, lehenengoa baino «ohikoagoa» da, Alfaroren aburuz: «Soria aldean, irudi patroi berari jarraitzen dioten 29 hilarri inguru topatu ditugu». Hiru atalez osatutako harria da: goian, hildakoaren burua du, alegia, erromatarren ohiturei jarraitzen dien heriotza erretratua da; behean, lau hankako animalia bat du (gizonen hilobiek zezenak erakusten zituzten normalean, eta emakumeenek, berriz, oreinak); eta erdian, hildakoaren izena dakarren esaldia dauka.

Hirugarren piezaren esanahia azaltzeko, Andrearriaga izenekoarena, Koldo Mitxelenaren Guipuzcoa en la época romana (Gipuzkoa erromatarren garaian) liburura jo zuen Gorrotxategik: «Soldaduentzat egindako epigrafea dela dirudi, heroismoa adierazteko helburua izan zezakeena». Laugarren eta bosgarren piezetan emakumeen hilobien adibideak erakutsi zituen adituak: «Baliteke Antestia [laugarrena] guraso batzuek beren alaba gazteari egindako hilarria izatea. Sesenco-k [bosgarrena], berriz, hildakoaren eta haren aitaren izenak besterik ez ditu, baina Akitaniako -co forma Soria aldera ere iritsi zela erakusten du».

Erakusketa osatzen duen zazpigarren eta azken hilarria, Laurce, 2014an aurkitu zuten, eta interpretazio «zinez zaila» du, Gorrotxategiren esanetan. «Orein bakarraren irudiak emakume bakar baten hilobia zela adierazten du, baina azpialdean dagoen zortzi lerroko testuan gizon izen ugari daude». Izenon jatorria ezezaguna izanagatik ere, «baliteke horietako bat hilarriaren egilearena izatea», ondorioztatu du: «Badago materialik, beraz, ikertzen segitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.