Etorkizuneko balizko gerra bat

Eneko Barberenak distopia bat eraiki du 'Afrikanerrak' eleberrian; migrazioa kontrolatzeko, Europar Batasunak Afrika iparraldea inbaditzen du. Indiferentziari tiraka osatu du lana

Eneko Barberena, Afrikanerrak nobela eskuetan, Donostiako Parte Zaharrean, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Indar berezi bat aurreratzen du Eneko Barberenaren (Arrasate, Gipuzkoa, 1983) Afrikanerrak lan berriaren azalak. Pantaila baten barruko irudi bat ageri da, zuri-beltzean; tanke bat eta alanbre-hesi puska bat. Hiru dimentsioko betaurrekoak jarrita ikusteko dago diseinatua; horiek jarrita, irudiak gorputza hartzen du, sakonera. Halakoa delako barruan datorrena ere, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen esanetan: «Sakona. Geruza askokoa». Kontakizunarekin ere badu lotura estetika horrek: etorkizun hurbilean kokatutako distopia bat idatzi du Barberenak, non Europar Batasuneko tropek Afrika iparraldeko lurrak mendean hartzen dituzten, legez kanpoko migrazioa kontrolatzeko.

Aurretik hainbat lan plazaratuak ditu Barberenak, baina honetan heldu dio estreinakoz eleberriaren generoari, iaz Agustin Zubikarai saria irabazi ostean. Indiferentziaren galderatik abiatutako lan bat da, egilearen hitzetan; «erantzun bilaketa bat». Bi plano ageri dira: Europak Afrika iparraldean pizten duen gerrarena bata, eta gatazka urrunetik bizi dutenengan gerrak uzten duen eragina bestea.

Bi plano, eta hiru ahots. Afrikako gerratik heltzen dena da hiruretan lehena. Soldaduek kronikak idazten dituzte blog batean,Debagoiena Konpainiaren Egunerokoan, eta ia atal guztien artean tartekatu ditu egileak. Horiek idazteko, «tonuan asmatzeko», Ipar Euskal Herriko hainbat soldaduk Aljeriako gerratik bidali zituzten kronikak baliatu ditu: «Aljerian aritu ziren Iparraldeko hainbat soldaduk izan zuten abertzaletasun puntu bat, sinesten zuten beren misio humanizatzailean; hauek ere ildo beretik doaz. Konbentzituta daude Europako Batasunak mesede egiten diela Ipar Afrikakako biztanleei. Gerra propaganda egiten dute».

Beste bi ahotsak Eiderrena eta Aitorrena dira, Arrasaten (Gipuzkoa) bizi diren senar-emazteena. Eider herriko liburutegiko langilea da; Aitor, Gasteizko eskola publiko bateko irakaslea. Haiekin gertutasunez baina aldiro «egurra emanez» jokatu duela iruditu zaio Mendigureni, pertsonaia «zinikoak» eraiki dituela. Eta ñabardura Barberenak: «Nik esango nuke bi pertsonaia hauek kritikoak direla ingurunearekin, ezkorrak. Zinikotasuna hondamendi bati aurre egiteko lortzen duten tresnetako bat da; babes bat». Ikuspegi horretatik egiten dute inguruaren interpretazioa, eta idazleak adierazi du kasu askotan «haien zapatetan jartzea deserosoa» egin zaiola. «Pertsonaia antipatikoak dira. Ez dute espektatiba handirik, eta hortik egiten dituzte irakurketak».

Mendigurenen arabera, ekintza ugari bai, baina gogoetek ere pisua dute narrazioan: kulturaren, kontsumoaren, aberriaren, aisiaren eta abarren gainekoek. 40 urte ingurukoak dira pertsonaia nagusiak, eta belaunaldi baten gaineko argazkia jasotzeko asmoa ere ikusi du hark Barberenaren lanean. Idazleak, ordea, azaldu du ez duela aitzinasmorik izan horretarako. «Esaterako, hezkuntza agertzen da, hezkuntza delako gure amets generazionala, irakasle izatea. Badago interes bat hor, eta gehiago jarraitu nahi izan diot horri, nire belaunaldia bere horretan erretratatzeari baino».

Etxarteren hitzaurrea

Hedoi Etxartek egin dio hitzaurrea nobelari, eta, distopiaz aritzean, Barberena «etorkizunaz» ari dela defendatu du, besteak beste. Istorioaren alde bat zehazki Arrasaten kokatu izanari ere egin dio azpimarra Etxartek, baina zalantza agertu du Barberenak: «Izan zitekeen Euskal Herriko beste edozein eskualde». Abiapuntutik amaierara, gogoan galdera bat izan duela azaldu du: « Zelan bizi zintezke jakinda gerra bat dagoela? Jakinda herriko gazteek bertara joateko aukera dutela? Bada, hein batean, gu bizi garen moduan, jakinda Mediterraneoan tragediak gertatzen ari direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.