Dantza aterabide izan dadin

Modus Operandik bigarren diskoa kaleratu du: 'Dantza gaitezen hil arte'. Askotariko musika estiloak uztartu dituzte hamar kantutan, eta musikari berriak batu dira taldera
Musikari berriak batu dira taldera. Irudian, Modus Operandi osatzen duen seikotea.
Musikari berriak batu dira taldera. Irudian, Modus Operandi osatzen duen seikotea. DANIEL FERNANDEZ/BAGA-BIGA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2020ko abenduak 24

Unerik zailenetan ere ez dago beste aukerarik: dantzatzeak soilik balio du. Ideia hori izan du iparrorratz Modus Operandi taldeak azken urtean, eta horren erakusgarri da disko berria: Dantza gaitezen hil arte (Baga-Biga). Pandemiak erabat baldintzatu duen lan bat bada ere, baikortasun horrek blaitzen dituen hamar kantu bildu dituzte disko berrian, askotariko doinu, erritmo eta estiloak uztartuta. Garai makurretarako dantzarako gonbita izan nahi dute.

2018an sortu zen Modus Operandi, estreinako diskoa argitaratzearekin batera, eta, urtebetean 45 kontzertu baino gehiago eman zituen guztira, Euskal Herrian bertan eta kanpoan. Hasieratik, ordea, zailtasunez eta erronkaz beteriko bidea izan du taldeak: «aldapatsua» izan zen hasiera lehenengo lanarekin, eta «oztopoz beterikoa» izan da orain, bigarrenarekin, Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak aitortu duenez. Izan ere, askatu beharreko korapiloak aurkitu dituzte bidean behin eta berriz.

Taldearen osaketa izan zen horietako lehena: Enrikko Rubiños bateria jotzaileak lehenengo, eta Julen Barandi Txiki baxu jotzaileak ondoren, taldea uztea erabaki zuten. Bi kide horiek utzitako hutsunea bete dute Josu Erbitik —Iseo, Tximeleta eta Txarrena taldeetan aritutakoa— eta Joseba San Sebastianek —Sen taldean aritutakoa—. Diego Martinez saxo jotzailea ere batu zaie Ruben Anton, Andoni Garcia Matxain eta Iñaki Ortiz de Villalbari. «Taldeak bultzada berri bat hartu zuen kide berriekin, eta gogotsu hasi ginen disko berria prestatzen; irrikan geunden».

Konfinamendu garaian ekin zieten kantu berriei, Internet bidezko sormen prozesuetan. «Iñakik ideiak bidaltzen zizkigun Whatsapp bidez, adibidez, melodia batekin-edo, eta nork bere etxean lantzen zituen gero», esan du Erbitik. Bera arduratu da diskoa grabatu, nahastu, ekoitzi eta masterizatzeaz, Berriobeitin duen (Nafarroa) Drum Groove estudioan.

Udan, entseguei berrekin ondoren etorri zitzaien bigarren korapiloa, ordea: zer egin diskoarekin, argitaratu edo ez? Eta kaleratzekotan, noiz? Ortiz de Villalba: «Egoera kaotiko eta muturrekoa zen. Mundu guztia egoerari bizkarra ematen ari zitzaion. Durangoko Azokarik ere ez zela izango pentsatzen genuen, eta diskoa zuzenean defendatzeko kontzerturik ere ez».

Baga Biga ekoiztetxeak ere hainbat disko beranduago kaleratzea erabaki zuen, egoerak baldintzatuta. Ritxi Aizpuru ekoizleak eman du azalpena: «Barruan eztabaida handia izan genuen. Denok egin genuen zalantza. Gure lantaldearen zati handi bat aldi baterako erregulazioan dago, gainera, baina ulertzen genuen ezin ginela geldirik egon. Existitzen jarraitu behar dugu». Aurrera egitea erabaki zuten, bada, eta aste batzuetako atzerapenarekin, baina kaleratu egin zuten Modus Operandiren diskoa. «Ezin da mundua geratu», azpimarratu du abeslariak.

«Disko ausarta»

Lehenengo diskoaren aldean, aldaketa eta berrikuntza ugari ditu lan berriak, nolanahi ere, eta doinuan antzeman daiteke hori nagusiki. Taldeak horren berea dituen ska doinuetatik erabat aldendu gabe, musika estilo eta erritmo berriak jorratu baitituzte oraingoan: punka, rocka, salsa, musika latinoa, reggaetona edo funka nahastu dituzte abestietan. «Dena koktelera batean sartuta dago. Lehenbiziko diskotik aldaketa izugarria da», azaldu du Aizpuruk.

Bada, Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak aitortu du nahita egin dituztela proposamen horiek: «Hasi ginenean kantuak sortzen, ikusi genuen diskoa beste isuri batzuetatik zihoala. Baina guk geuk nahi genuen bide horietatik joatea». Hori berretsi du Erbitik ere. «Oso argi genuen zer egin nahi genuen diskoa grabatzen hasi aurretik ere, aurretiazko lan asko egin baikenuen. Hala ere, disko ausarta da. Aldaketa handia dago aurrekoaren aldean».

Gauza bera gertatzen da hitzekin. Maitasuna da kantuetan hizpide nagusia, baina, abeslariak aletu duenez, badira bestelakoak ere: desamodioa, salaketa soziala, desobedientzia... «Musika alternatiba bat da gure penak itotzeko eta mundua beste modu batera ikusteko, are gehiago bizitzen ari garen egoera honetan». Diskoaren izenburuak ere asmo horri egiten dio erreferentzia, hain zuzen ere —diskoko kantuetako baten izena ere bada—: «Gauzak beste era batera ikusi behar ditugu».

Ortiz de Villabak idatzi ditu kantu guztien hitzak, batenak izan ezik: Karmele Jaio idazlearenak dira Zurekin kantuarenak. Diskoan parte hartu dute, halaber, Nerea Loron La Furia rap abeslariak eta Bad Sound System taldeko Iñaki Otxandorena Moro-k. Ahotsa jarri diete Amor dulce y salado eta Zure ondoan kantuei. Musikari dagokionez, berriz, Jorgitok gitarra espainola jo du Dámelo abestian, eta Gorka Pastorrek teklatuak eta sintetizadoreak grabatu ditu pieza guztietan. Elena Tormorena da diskoaren azaleko irudia.

Taldea unerik «gozoenean» zela iritsi zen pandemia. Katalunian eta Suitzan kontzertuak ematekoak ziren aurten, baina bertan behera utzi behar izan zituzten. Bada, hirugarren korapiloa azaldu zaie orain bidera: kontzerturik izango dute? Oraingoz bakarra dute lotua: urtarrilaren 15ean izango da, Bilboko Santana aretoan. Baina ari dira zerrenda hori osatu nahian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Hau deserosotasun baten kronika da»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Barruan sentitzen zuen ekaitza aztertzeari ekin, eta 'Galerna'-z erditu da artista. Bere identitateari eta gizarteari buruz galdezka hasi, eta hamaika galdera berri sortu zaizkio. Tabakaleran ditu ikusgai; liburuan ere eman ditu. Erantzun bila segitzen du.
Mary Shelley idazlea, John Opie artistak ondutako erretratuan. ©BERRIA

Azken gizakia gizakiaren azkenean

Joannes Jauregi

Otsailean 170 urte izango dira Mary Shelley hil zela. 'Frankenstein' du lanik ezagunena, baina, 2021 honetan, merezi du haren beste lan bati ere erreparatzea, lotura garbia baitu 2020tik mundua hartua daukan pandemiarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.