Berez gertatzen den arte segitu

Bizilagunak egitasmoak atzerrian sortutakoak eta hemen jaiotakoak elkartuko ditu bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bazkariko mahai bueltan.

Bi familia elkar besarkatzen, aurreko aldi batean. SOS ARRAZAKERIA GIPUZKOA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Auzokide izanik elkarren berri ez duen jendea batzeko aitzakia da Bizilagunak egitasmoak igande honetarako proposatzen duen bazkaria. Elkar ezagutzeko nahitik abiatu zuen SOS Arrazakeria elkarteak, Imanol Legarda kideak azaldu duenez. Arrazakeriaren kontrako lanketan erabiltzen den teoria «ohikoa» aipatu du: kontaktuarena. Gorroto delitu ugari elkar ez ezagutzearen ondorio dira, haren ustez.

Bizilagunak egitasmoa egiteko ideiaren hazia 2012an erein zuten, Pragan. Andrazko batek gazte migratu bati oihukatu zion haren herrialdera itzul zedila. Oihu horrek harriduraz harrapatu zuen erasoa jasan zuen emakumea, eta ondorioztatu zuen erasotzaileak ezagutu izan balu ez liokeela hori oihukatuko. SOS Arrazakeria taldeak erabaki zuen ariketa Euskal Herriratzea. «Estrukturalki horrela konpondu ezin diren arazo asko daude, baina bazkari soil batek izugarrizko eragina dauka. Ez bakarrik migratuen harreran, baita aurreiritzi asko apurtzekoan ere», azaldu du Legardak.

Azken bi-hiru urteen ondoren «normaltasunera» itzuliko direla esan du antolatzaileak, formatu «tradizionalean» bazkalduko baitute aurten: «Familia batek izena ematen duenean, izan migratzaile zein hemengoa, haiek aukeratzen dute anfitrioi izan nahi duten edo ez, ala berdin zaien. Horrela, guk familia bikoteak egokitzen ditugu, eta baten etxean elkartzen dira». Familia hitza erabili du elkar ulertzeko, baina zehaztu du ez dutela zertan familia tradizionalak izan.

Hitzordu guztiak bihar izango dira, 14:00etan, 112 etxetan. Guztira, 1.550 bazkaltiar izango dira. Araban, 38 bazkari egingo dituzte: Gasteizen, Amurrion, Artziniegan, Asparrenan, Agurainen, Kanpezun, Langraizen, Laudion, Urkabustaize, Oionen eta Bastidan. Bizkaian, hemeretzi: Bilbon, Alonsotegin, Portugaleten, Durangon eta Getxon. Eta Gipuzkoan, 55 mahai izango dira: Donostian, Errenterian, Hernanin, Lasarten, Orion, Urretxun, Arrasaten, Ordizian eta Tolosaldeko zenbait herritan. Hain zuzen ere, Tolosako bazkari baten prestaketan arituko da Nadir Gutierrez. Iaz dinamizazioan aritu zen lagun baten bitartez izan zuen ekinbidearen berri: «Nire izena eman zuen ia galdetu gabe; gazteen arteko bazkari batera heldu nintzen zertara nentorren oso ondo jakin gabe». Asko gozatu zuela aitortu du, eta horrek bultzatu duela aurten ere.

Fran Valmaña getxoztarraren familiak hirugarren aldia du anfitrioi gisa. Duela sei urte itzuli ziren Euskal Herrira bizitzera, atzerrian zenbait urte igaro ondoren. Heldutako tokian «harrera ona» izateari garrantzitsua irizten dio, «beti da eskertzekoa»: «Zor moduko bat daukagu, oso ondo tratatu gaituztelako. Guretzat, garrantzitsua da baloratzea eta ikustea hemen zer daukagun eta nola bizi garen».

Ez dira ausazko espazioak

Bi kasuetan, bazkaritik harago luzatu da harremana. Gutierrezek aipatu du iaz otordu batean hasi zena lagun kuadrilla bat dela orain. Talde motorea eratu dute elkarrekin, Tolosaldean egitasmo hau zabaltzeko, baita Erregulaziorako Herri Ekimen Legegilearen inguruko batzarra osatzeko ere: «Dena den, aisialdian ere planak egiteko elkartzen gara gehienbat». Valmañak ere harremana dauka jankideekin mahaitik kanpo: «Kalean agurtu eta informalki zerbait hartzera joateko aitzakia hutsa sortzea gozagarria da». Biek adierazi dute «berez» ez liratekeela horrelako espazioak sortuko oraingoz. Gutierrezek esan du: «Aukera ematen digu beste modu batera egongo ez ginatekeen herriko jendearekin egoteko».

Horrekin ados dago Legarda ere: «Tamalez, oraindik beharrezkoa da horrelakoak behartzea, ez delako naturaltasunez gertatzen. Tamalez esaten dut Ikuspegik [Immigrazioaren Euskal Behatokiak] txostenean emaitza onak atera dituen arren ez dugulako pentsatu behar arazorik ez dagoenik. Gorroto delituak handitu egin baitira». Azpimarratu du norbanako bakoitzak dituela bere aurreiritziak eta «mundua ikusteko modu ezberdinak», eta horiek mahai bueltan aldatzea baino «modu hoberik» ez dagoela: «Oso modu sinplean, egun bateko konpromisoan, modu polit eta erraz batez, ondorio on asko lor daitezke».

Norberak bere etxeko janaria prestatuko du bazkaltzeko. Valmañaren familiak Euskal Herrian aski ezagunak diren patata tortilla, urdaiazpikoa eta hotzari eragingo dion salda beroa. Gutierrezek, ostera, txahala, artoa eta patatekin osatutako Boliviako platera egingo du. Nigeriar jatorria duten ama-semeak gonbidatuko ditu bazkaltzera, eta, esan diotenez, haien kontu joango da postrea. Valmañak, janariari baino gehiago, hitz egingo dutenari jarri nahi dio arreta, atsegina baitzaio bazkalondoan solastatzea: «Nork bere bizitzaren inguruko pasadizoak kontatu, eta gustura joango zaigu eguna».

Astean behin, hitzordua

Aurrera begira, boluntario gehiagok izena ematea dute eskari hirurek, proiektua egonkortu eta sustraitu dadin. Legardak aipatu du horretara bidean badirela «jarraipen luzeagoko proiektuak»: «Izan harrera izenekoa, adibidez. Hor, sortzen diren harremanek segi egiten dute. Zuzeneko harrera bat da, iritsi berriak ez diren errefuxiatuei herria ezagutarazteko». Oinarrizko beharrak asetuta dituen jendea dira, baina akaso herria asko ezagutzen ez dutenak edo gutxiago hemengo jendea. Legardak azaldu du boluntario modura izena ematen duenak urte osoan hitzordu bat egiten duela astean behin pertsona horrekin. Elkar ezagutzeko ez ezik, elkar laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.