Salatu ezinaren indarkeria

Francisco Castroren 'Isiltasun urte luzeak' argitaratu du Alberdaniak, Mitxel Muruaren itzulpenarekin. 36ko gerratik gaurko egunetara datorren hari batek josten du eleberria

Mitxel Murua itzultzaileak ekarri du euskarara Francisco Castroren Isiltasun urte luzeak eleberria. Irudian, Murua, Donostiako Parte Zaharrean. GORKA RUBIO / EFE.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Askotan esaten da nobela gehiegi daudela gerra zibilaren inguruan. Baina nik bi gauza esango nituzke: hau ez dela gerraren gaineko nobela bat, istorio guztia dagoen markoa dela gerra; eta, batez ere, asko dugula oraindik errebisatzeko gure historiaren inguruan». Egiteko horretan idazleek ere beren ardura dutela uste du Francisco Castro idazle galiziarrak (Vigo, 1966), eta hor kokatu du bere nobela berria: Isiltasun urte luzeak. Mitxel Muruak euskaratu du, eta Alberdaniak argitaratu.

Tantos anos de silencio da eleberriaren jatorrizko izena, eta azken hitzari, isiltasunaren ideiari, jarri dio azpimarra egileak: «Bando garailekoek hori nahi izan dute: isiltasunaren kontakizun bat inposatu. Biktimei lur tonak jaurti zitzaizkien gainera, eta lurra bota ez zitzaienei isiltasuna jaurtitzen zaie, hitz egin ezina». Baina hitza «sendagarria» da idazlearentzat, eta, horregatik, garrantzia eman dio liburuan. Pertsonaia baten bitartez egin du: Ramon Gandara poeta errepresaliatuaren bitartez. Pertsonaia nagusietako bat da hura, Dario Rocha militar frankistarekin batera. Umezurtzak dira biak, Emilio Varela medikuaren etxean hazitakok. «Ogia bai, baina ametsak eta hitzak ere» eman zizkien jaten hark, liburuan esaten denez. Denborak aurrera egingo du, ordea; egoera politikoa irauli egingo da, eta biak medikuaren alabarekin maiteminduko dira, Ana Varelarekin. Pisua hartuko du horrek kontakizunean. Castro: «Esango nuke batez ere maitasun nobela bat dela hau. Errepublika eta haren idealak maitasun idealak izan ziren: gizateria, kultura, hezkuntza... Faxismoak aurrean eraman zuen guztiarekiko maitasuna».

Hariaren muturretako bat da hori, 36ko gerraren hastapenetan kokatzen dena, Galiziako herri txiki bateko jauretxe batean. Beste muturra gaurko egunetan korapilatzen da. Ikerketa batek lotzen ditu biak, inolako identifikaziorik gabe lurpean sartua izan zen jendearen bilaketak. Anxela historia ikertzailea bihurtuko da protagonista orduan.

Bi planoak, halere, leku berean kokatzen dira: «Flaviako Pazoan», medikuaren etxean. Gerrak eztanda egin aurretik, Varelak «edonorentzako leku ireki bat» bihurtu zuen jauretxea; herri liburutegiak zabaldu zituen, Espainiako Bigarren Errepublikaren testuinguruan aberastasuna «herriaren zerbitzura» jarri, Galiziako eragile abertzaleen jarduna babestu... Baina hori guztia kontra etorri zitzaion 36ko altxamendu frankistarekin. Idazleak gogoratu du frankismoan «kontzentrazio esparru moduan» erabili zirela halako etxe asko Galizian.

Idazleak atal guztietan tartekatu ditu bi planoak. Berdin garatuko da ekintza gerraren testuinguruan eta gaurko egunetan, atalez atal. Hori izan da liburuko erronka literarioa Castrorentzat, planoaren jauziek ez zezatela irakurketa oztopatu. Liburuaren «egitura ugaria» azpimarratu du Muruak ere, ahots eta plano ugariren uztartzea. Gerra garaiko hizkera eta egungo hizkera, sasoi bakoitzeko pertsonaiei berea ematen saiatu da.

«Postegia faxistari aurre»

«Biolentziak» ardazten duen kontakizun bat idatzi du Castrok, Muruaren ustetan. «Diktadurapeko garai ilunetako biolentzia krudel, bihozgabe, itsu hori, eta gaur egungo matxismoaren bortizkeria itsu eta zentzugabea. Gaur egungo gizartean ez dela ezer gertatzen iruditzen zaigu, baina gaur egun ere badauzkagugure kontraesanak, gure diktaduratxoak». Aurreratu du alde horretatik hausnarketa «oso interesgarriak» dakartzala Castroren lanak: «Ez da bakarrik gerra garaiko testigantza bat —beti kontatu behar direnak, ez ahazteko—; badago ahalegin bat gaurko ikuspegitik gizarteari begiratzeko. Gure zaharren gerra garaiko kontuak joan zirela uste dugu, egun salbu gaudela gauza askotatik, baina nobelak gogoeta eginarazten digu horren inguruan».

Altxamendu faxistaren ondotik zabaltzen den jokalekua «indarkeria oso handikoa» dela ohartarazi du idazleak ere. Indarkeriaz betetako egoerak bizi izan ziren, eta horien artean pisutsuenetako bat «hitz egin ezina» izan zela aipatu du. «Hatzarekin borreroa seinalatu ezina, herritik dabilena eta badakizuna zure aita hil duela, zure ama bortxatu». Emakumeen aurkako bortxaz ere jardun nahi izan du liburuan; besteak beste, Anxela indarkeriazko harreman batetik ihesi jarrita. «Emakumeen aurkako indarkeria berdina da 36an eta orain. Patriarkatuaren bota beti dago haien buruen gainean».

Jorge Gimenez argitaletxeko editoreak «beharrezkotzat» jo du nobela. «Azken urteetan ikusi dugu nola han-hemenka egiten ari diren ahalegin garrantzitsuak, eraildako jende horri duintasuna bueltatzearen alde. Horren inguruan dago josita eleberriaren trama». Era berean, gaurko egoera historikoaren garrantziaz ohartarazi du idazleak ere: «Ultraeskuina bueltan da; narrazio bat inposatu nahian dabil, erabat faltsua dena. Uste dut denon eginbeharra dela, baita idazleona ere, egia-oste faxistari aurre egitea, baita literaturaren bidez ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.