Ohitura ustez aldaezinak

Hamar euskaldunetik lauk zailtasunak dituzte euskaraz irakurtzeko. Hori aldatzera dator 'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa. Hamalaugarren edizioa du dagoeneko.

Hego Euskal Herriko hainbat udalerritako liburutegiak atxiki dira Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmora. Irudian, Gasteizko Hegoalde. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Irakurketaren arloan asko dago egiteko, batez ere euskarazko liburuei dagokienez». Abian da, hamalaugarrenez, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa. Urteak daramatzan arren, oraindik bidea egiten jarraitu beharko du, Vanesa Gutierrez Maguregi Euskaltzaleen Topaguneko kideak aitortu duenez. Izan ere, euskaldunen %58k maiz irakurtzen duten arren, %42,5ek aitortzen dute zailtasunak dituztela euskaraz irakurtzeko, eta datu hori urteetan mantentzen ari da «gutxi gorabehera». Horiek horrela, eta datuak hobetzen ez diren bitartean, Gutierrez Maguregik «beharrezkoa» deritzo egitasmoari: «Honekin ikusten dugu euskarazko irakurketarekiko sentsibilizazioa sustatu eta areagotu behar dugula».

Liburutegietan eman behar da lehen urratsa. Egitasmoan parte hartzen duten Hego Euskal Herriko hamaika udalerritako liburutegi batean euskarazko liburu bat mailegatu eta irakurri behar da aurrena. Gero, liburua gustukoa izan bada, erabiltzaileak fitxa bat bete dezake liburutegian. Aurreko edizioetan, hori egin ondoren deskontu txartela jasotzen zuen; aurten, ordea, berrikuntzak daude. Fitxan, liburua nori gomendatuko liokeen adierazi behar du parte hartzaileak, eta pertsona horrentzako mezu bat ere idatzi beharko du. Hala, liburu horren zozketan sartuko da, eta, irabaztekotan, obra hori egokituko zaio, fitxan idatzitako mezuarekin batera gomendatu nahi zion horri oparitu ahal izateko. Abenduaren 9ra arte parte hartu ahal izango da egitasmoan. Gainera, aurten bigarren pizgarri bat ere eskaini dute: liburuez gain, irakurgailu elektronikoak ere zozkatuko dituzte.

Aldaketa ez da ausazkoa izan, ikuspuntu aldaketa baten ondoriozkoa baizik. Izan ere, aurten kanpainaren hirugarren premisan —Oparitu-n, alegia— jarri nahi izan dute azpimarra bereziki, Gutierrez Maguregiren hitzetan: «Aurten, liburuen erosketa guk egingo dugu, kudeaketa errazte aldera, baina baita oparitu hitzari zentzu gehiago emateko ere». Aurreko edizioetan oparitzeko aukera ere bazegoen arren, deskontu txartela norberarentzako liburuak erosteko erabil zitekeen. Aurten, ordea, «irakurketa partekatua» nabarmendu nahi izan dute. «Lehen, plano indibidualistagoan mugitzen zen egitasmoa, eta aurten horrekin apurtu nahi izan dugu».

Irakurketa prozesuaren alde kolektiboa hauspotu nahi izan dute, eta hortik dator 2020ko kanpainaren leloa: Zurekin oroitu naiz. Protagonistak, bidaia batean elkar ezagutu zuten bi emakume. Liburuetako istorioen bitartez eginiko bidaietan ere elkarrekin daude, oroimenari esker bada ere. «Egoera hori ohikoa izaten da, eta azaleratu nahi izan dugu. Bi lagunek kontatzen duten moduan, elkarrekin konektatzen dugu irakurtzerakoan. Nahi duguna da konexio horretatik harago joatea: oparitzeko gaitasuna edukitzea, sentsazio eta emozio horiek areagotzeko». Emozioa baita egitasmoaren giltzarria aurten: urtero egon da presente, baina beti «bigarren edo hirugarren planoan»; orain, gailen bilakatu da. «Esan dezakegu emozioetatik datorren denak laguntzen gaituela besteen zapatetan jartzen. Horrela lortzen badugu irakurzaletasuna piztea, ba, aurrera».

Funtsa aldatu da, baina zutoinak betikoak dira. Liburutegiak dira egitasmoaren abiapuntua, beste behin ere. Beste zutabeak, liburu dendak, alegia, aurten ere kanpainaren zati dira, baina antolatzaileek beste modu batera babesteko hautua egin dute oraingo honetan. Deskontu txartelak zozketarekin ordezkatu dituzte aurten, baina, halere, Gutierrez Maguregik dio liburuen kontsumoa «agertzen» dela, «beste formula bat aurkitu» baino ez dutela egin: «Egia da aurreko urteetan txartelek asko lagundu izan dietela liburu dendei, batez ere saltzen. Baina edizio honetan guk erosiko ditugu liburuak; beraz, kontsumoa ere bultzatzen dugu».

Etorkizunera begira

Euskaraz irakurtzeko zailtasunaren ehunekoak egitasmoa justifikatzen badu gaur egun, irakurketa ohiturekin lotutako beste datu batek erraz baldintza ditzake etorkizuneko kanpainak: izan ere, irakurleen %20k euskarri digitaletan irakurtzen du. Gutierrez Maguregik aisialdiarekin lotzen du gorakada. «Gaur egun, denok lehenesten dugu aisialdia, eta erraztasunak, izan eramateko edo kontsumitzeko, asko laguntzen du aisialdian. Pisu gutxi duen baina milaka liburu gorde ditzakeen gailu bat, berez, aurrerapen handi bat da». Horiek horrela, egitasmoak ezin die euskarri digitalei muzin egin. «Baloratu behar dugun gauza bat da. Dena dela, aurtengo kanpainan liburutegiek irakurgailu elektronikoak zozkatzeko aukera izango dute. Modu horretan, eraren batean sustatzen dugu irakurzaletasuna euskarri digitalen bidez zabaltzea». Adabakia baino ez da, ordea. Hurrengo urteetara begira, formatu elektronikoak kolokan jar dezake euskarri fisikoak kanpainan duen nagusitasuna, Euskaltzaleen Topaguneko kidearen hitzei erreparatuta: «Datu horren ondorioetako bat izan daiteke euskarri digitalak bultzatzea, edo irakurgailu elektronikoetarako liburu digital gehiago egitea».

Intentzioak intentzio, garai hauetako aurreikuspen guztiak ahulak dira, egoerak baldintzatzen dituelako aurtengo kanpaina ez ezik, baita aurrerantzekoak ere. «Ez dakigu datorren urtean zer gertatuko den; ezjakintasuna oso handia da». Badakite, ordea, egitasmoaren parte diren liburutegietako batzuk itxita egon direla orain dela gutxira arte. «Beraz, herrien araberakoa izango da kanpaina. Baina sare sozialetan ikusi dugu jendea bideokoen egoerarekin identifikatu dela behintzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.