Artelanen arteko hutsuneak

Fermin Jimenez Landa artistak 'Huts baten amaiera beste baten hasiera da' erakusketa proiektua sortu du Jorge Oteizaren eskulturen artean dauden espazioak esploratzeko

Fermin Jimenez Landa artista Jorge Oteizaren artelanen arteko espazioekin egidako eskulturen artean, Oteiza Museoan, Altzuzan, Nafarroan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Altzuza
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bi artelanen arteko hutsunetik beste artelan bat sortzen da, eta, horretatik, beste hutsune bat. Izan daiteke zirriborro batek sortzen duen hutsunea edota eskultura batetik bestera dagoena. Horrekin jolasean ibili da Fermin Jimenez Landa artista. Jorge Oteizaren eskulturen artean sortzen diren espazioekin Huts baten amaiera beste baten hasiera da erakusketa proiektua sortu du. Ikus-entzunezko piezek, eskulturek, marrazkiek eta testuek osatzen dute obra, eta urriaren 31ra arte ikusgai egonen da Oteiza Museoan, Altzuzan (Nafarroa).

Proiektua aurrera eramateko, Oteizaren artelanak zituzten pertsonekin harremanetan jarri zen Jimenez Landa. Harreman horietatik sortutako hainbat gutun obraren parte dira; batzuk eskuz idatzita daude, eta beste batzuk, berriz, ordenagailuz. Zirriborroz beteriko testuek akatsak irudikatzen dituzte batzuetan, beste batzuetan, ordea, publiko egin ezin diren datuak. «Oteizaren obrak dituzten pertsonen intimitatea babesteko idatzi gabeko arauak daude, eta horiek ezin erakusteak erakartzen ninduen», esan du Jimenez Landak. Lor zitezkeen eta ezin zitezkeen datuak, ezagutarazi egin ahal zirenak eta ezin zirenak, horiek guztiak islatuta daude: «Uste dugu zirriborroak agerian uzteak asko esaten duela».

Artearen bideak

Oteizaren obrak zituzten pertsonen berri jakiteak toki batetik bestera bidaiatzera eraman du artista; besteak beste, Madrilen, Avilan (Espainia), Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Bilbon barna ibili da. Pertsona horiek ezagutzeko hartu dituen hainbat bide museoko paretetan zintzilikatutako argazkietan ikus daitezke. Esate baterako, hegazkin txartelak eta errepideetako argazkiak jarri ditu hormetan. Horien adibide da Oteiza museoan ageri den argazki bat; Erromatik Pariserako bidaia egin duen hegazkin txartel bat ikus daiteke. Elementu horietako bakoitzaren atzean «narratiba propioa» duten istorioak daudela dio Jimenez Landak, eta hori dela gehien interesatzen zaiona: «Artearen bideetan galdu eta Gredosko mendilerroan [Espainia] asfaltatu gabeko bideetan amaitu».

Hainbat modutara neurtu dituzte hutsuneak: metroarekin, eskuekin eta besoekin. «Oso neurri zehatzekin eta enpirikoekin lan absurdoa» egin dutela dio artistak. Hutsuneak neurtu, neurri horiekin obra batzuk sortu eta espazioak etxebizitzetako isolatzaileez bete ditu. Obra berri horiek hasiera ematen diote beste hutsune bati eta beste obra posible bati. «Horien artean sortzen diren distantziak zentimetrokoak edota kilometrokoak izan daitezke. Hortaz, 50 zentimetro x 2 metroko formak sortzen dira, baita 50 zentimetro x 7.000 kilometrokoak ere». Artista bera presente dago obraren barruan zein kanpoan; zenbait argazkitan artelanen arteko distantzia neurtzen ikus daiteke edota gutun baten amaieran dagoen sinaduran.

Erakusketaz gain, liburu argitalpen batean bildu ditu lanak Jimenez Landak, eta haren eta Frantziska artistaren artean egin dute diseinua. Eskuz idatzitako azala dauka argitalpenak, eta ale bakoitza desberdina da: zirriborroak dituzten azalak daude, baita hitzen ordena aldatuta dutenak ere, eta bakoitza «berezia» dela adierazi du artistak. Bide beretik, Oteiza museoko ordezkari Ignacio Apeztegiak azaldu duenez, «erakusketa bat ideia batetik harago doan zerbait da, gauzak erakusten eta kontatzen ditu. Jendeak sentitzea eta hunkitzea nahi dugu».

Mapa poligonala

Museoko pareta batean mapa baten argazkia ikus daiteke, eta bertan munduko hainbat eremutatik igaro diren marrek poligono bat osatzen dute. Mapa horrek Jaime de los Rios artistaren 556ms esku hartze digitalari erreferentzia egiten dio; izan ere, Jimenez Landaren proiektuari lotuta ondu du De los Riosek mapa, museoko webgunean besterik ikusi ezin daitekeena. Instalazio horrek, museoko bertako bildumatik abiatuta, formalizatu egiten du nazioarteko zenbait bildumatan dauden Jorge Oteizaren eskultura batzuen arteko denbora. Hain zuzen ere, kokapen horiek guztiak biltzen dituen poligono bat da, guztira 62.967 km hartzen dituena, eta 556 minutu behar izan dituena osatzeko. Etengabe aldatzen ari den mapa bat da. Jimenez Landaren erakusketa proiektua mapa horretatik abiatzen da.

Distantzietatik egindako ibilbide honetan, Jimenez Landa ez da bakarrik ibili, hainbat pertsonaren laguntzari esker eraman ahal izan du proiektua aurrera. Izan ere, Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Uharte Arte Garaikideko Zentroak Hazitegia programaren barnean aurrera ateratako ekoizpena da. Uharteko zentroak ikertzeko eta ekoizteko laguntza eskaini du. Nerea de Diego zentroko zuzendariak beste entitateekin saretzea «oso garrantzitsua» dela adierazi du. Horrez gain, proiektua errealitate bihurtu izana «plazer handia» dela gaineratu du.

Nahiz eta obra baten amaierak beste baten hasiera ekarri, «amaitutzat» eman du Jimenezek egindako bidaia. Hortaz, Huts baten amaiera beste baten hasiera da erakusketa proiektua urriaren 31ra arte ikusgai egongo da Oteiza museoan. Horrez gain, uda osoan eta urri hasierara arte bestelako jarduerak egingo dituzte museoan bertan;topaketak, udako kanpaldiak etairakasleentzako lantegiak, besteak beste. Horien bitartez, Oteizaren eskulturen arteko distantzien barna bidaiatzeko aukera izanen dute parte hartzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.