Azken uda dantza (VII)

Ezin sinetsizko gertakari hura

Ruper Ordorikak 1990ean plazaratu zuen 'Ez da posible' kantua, izen bereko diskoan. Josu Muguruzari eskainitakoa da; harekin topo egin ondoren sortu zuen.

Ez da posible diskoaren azalerako erabilitako argazkia. Aurreneko aldiz agertu zen Ordorika bere disko baten azalean. EUSKALDUNON EGUNKARIA.
aitor biain
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Elkarren segidako bi esaldi bilakatu dira egungo euskaldunen berbaeran: «Ez da posible» esaerari modu automatikoan erantzuten dio «ezin liteke» esaldiak, nahiz eta oinarrian batak bestearen beharrik ez izan. Esapide bateratu hori sortzearen ardura Ruper Ordorikarena da, hein batean (Oñati, Gipuzkoa, 1956). Musikariak 1990ean argitaratu zuen Ez da posible kantuan agertzen baitira bi esaldiak elkarren ondoan. Abestiak izan zuen arrakastaren ondotik, bakarlariari lotzen zaizkion espresio mitikoetako bat da.

Ordorikak berak idatzi zituen hitzak, baina ustekabea azaltzeko esapide moduan Lazkao Txikiri entzun zion lehenago, eta hari hartu zion, kantua sortzeko. Hala aitortu zion Zuhaitz Gurrutxagari ETBko Tumatxak saioan: «Xalbador bere omenaldi egunean hil zen, eta Lazkao Txikik kontatzen zuen nola Xalbador zenaren alaba etorri zitzaion oholtzan zegoela, esanez berri txarrak, berri izugarriak zituela. Eta berak erantzun zion, bere ahotsarekin: 'Ez da posible, ezin liteke'. Horregatik erabiltzen dut esaera hori ustekabearen aurrean».

Ordorikaren laugarren diskoa izan zen Ez da posible (Gasa-Wea, 1990), eta hartan agertu zen aurrenekoz izen bereko kantua ere; besteak beste, Ene Begiek, Ene herrian eta Aspaldian abestiekin batera zihoan, zerrendan hirugarren. Diskoa kaleratu baino hiru urte lehango sortu zuen kantua, halere. «Gero, grabatu behar nuela pentsatu nuen, nahiz eta bi urtez jendaurrean jotzen ibili», esan zuen musikariak Euskaldunon Egunkaria-n, diskoa argitaratu berritan emandako elkarrizketa batean. «Ez dakit: badago abesti honetan zerbait serioa; niretzat esanahi berezi bat dauka».

Esanahi horren atzean dagoena lagun baten memoria da. Josu Muguruza kazetari eta Herri Batasuneko diputatuarena, hain zuzen ere; abestia hari buruzkoa da. «Josu nire unibertsitateko laguna zen, eta harekin topo eginda sortu nuen kantu hau. Gerora gertatu zena orduan zeinek asmatu». Nork asmatuko zukeen Muguruza hil egingo zutela 1989ko azaroaren 20an, Madrilgo Alcala hotelean, tiroz.

Ordorikak lehen pertsonan kontatzen —eta kantatzen— duen topaketa hura Bilbon izan zen, Tumatxak saioan aitortu zuenez. «Egun batez, etxetik irten nintzen, Bilboko Zazpikaleetan; domeka zen, eguerdiz. Aurreko egunean estraditatu zuten, eta parez pare topatu nuen Josu. Han egon ginen ordu erdiz, hizketan. Epaileak libre utzi zuen, eta emozioz beterik zegoen, normala den bezala. Bilbo ikusi nahi zuen, eta horretan zegoen kasualitatez elkartu ginenean».

Jazoera hura oinarri hartuta idatzi zuen kantua Ordorikak; gertakari hura izan zen zur eta lur utzi zuena, espero ez zuen eta aspaldian ikusi gabe zegoen lagun bat aurrez aurre aurkitu zuenekoa, hain zuzen ere. Ez zekiten orduan, baina hura izango zen elkar ikusiko zuten azken aldia. «Ez nuen gehiago ikusi».

Rocka eta besteak

Muguruzaren hilketa gertatu eta urtebetera kaleratu zuen Ordorikak Ez da posible diskoa. Musikariaren ibilbidean mugarri bat ezarri zuten diskoetako bat izan zen. Madrilgo diskoetxe batekin argitaratu zuen lehenengo lana izan baitzen Landetan grabatu bazuen ere, eta rock doinura inoiz baino gehiago hurbildu zen, gainera. Horri esker, entzuleria zabalagoa bereganatu zuen, Jon Eskisabelek Badok.eus atarian idatzitako biografiak jasotzen duenez. Denera 11 kantuz osatutako diskoa da —Fas fatum erantsi zioten Metak diskoetxearen berrargitalpenean—.

Ordurako bidelagun zituen Nando de la Casa, Jose de la Casa eta Javier Antoñana musikariez gain —handik bi urtera Mugalaris taldea sortuko zuen haiekin—, Joseba Tapiak, Xabier Berasaluze Leturia-k eta Juan Carlos Perezek ere parte hartu zuten diskoan, besteak beste. «Tapiarekin lan egiteak erakartzen ninduen soinu diatonikoak sonoritate berezi bat eskaintzen duelako, eta, bestetik, orain arte soinu handiarekin egin delako lan gehiena», esan zuen Egunkaria-n. Trikitiaren presentzia bereziki nabarmena da Ez da posible kantuan.

Ordorikaren kantu ezagunetako bat da Ez da posible; nolanahi ere, zuzeneko diskoen artean, soilik 2019an kaleratutako Kafe Antzokian (2019, Elkar) bilduman azaltzen da, folk doinuetara egokituta eta nabarmen erritmo lasaiagoan. Aurrez, halere, Bilbo Hiria irratiaren 20. urteurrena ospatzeko diskoan ere jaso zuten kantua, 2017an. Orduko hartan, baina, 1995ean Rory McLeod folk musikari ingelesarekin batera Gasteizko Principal antzokian egindako zuzeneko baten grabazio zahar bat berreskuratu zuten. Bertsio hura musikari oñatiarraren anaia Jonanek digitalizatu eta masterizatu zuen. Energia handiko moldaketa da, eta McLeoden harmonikak berezitasuna gehitzen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.