Espainia. Botereen arteko krisia

«Justiziaren politizazioa» salatu du Eusko Jaurlaritzak

Hego Euskal Herrian ezinegona eragin du Zigor Kodearen erreforma gelditu izanak

Aitor Esteban eta Mertxe Aizpurua. FERNANDO ALVARADO/ EFE.
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritza kezkatuta dago tramitazioa gelditzeko erabakiak eragin duen egoerarekin: «Ikusten da justiziaren politizazio baten aurrean gaudela, eta hau ez da egoerarik egokiena». Hala azaldu zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, atzo. Hego Euskal Herrian ere ezinegona eragin baitu erabakiak.

Ikusi gehiago:Pedro Sanchezek lege bat onartuta desblokeatu nahi du Konstituzionala

Zupiriaren erranetan, Jaurlaritza ados dago Pedro Sanchez Espainiako presidenteak egoeraren larritasuna azpimarratuz atzo egindako adierazpenekin. Hala ere, nabarmendu zuen egoerak okerrera egitea eragin duten arrazoiak berriak badira ere lehenagotik datorren arazo bat dela.

Gogorarazi zuen Jaurlaritzak jada emana zuela horren berri, Iñigo Urkullu lehendakariak berak urte judizialaren hasierako ekitaldian egin zituen adierazpenetan. Eskakizun hau egin zuen: «Gizartearen osotasunaren ongizatea eta hobe beharra nagusitzea bestelako interesen gainetik».

Aitor Esteban EAJko bozeramailea ere gaiaz mintzatu zen atzo: «Onartezina da organo judizialak blokeatuta jarraitzea». Estebanek adierazi zuen tramitazioa gelditzea PPren blokeoaren ondorioa dela, baina egoera «erabat gainditzeko modukoa» dela, betiere lege proposamen bat berritik egiten bada. Erran zuen «legeen nahasteak eta epeen azelerazioa» bertze agintaldi batzuetan ere gertatu izan direla; beraz, arazoa konpon daitekeela lege proposamen zehatz batekin. «Egoera lasai hartzea» gomendatu zuen, «beharrezkoak diren erabakiak hartuko direlako».

Ikusi gehiago:Roberto Uriarte: «Epe luzeko estrategia bat daramate gehiengoa indargabetzeko»

Nafarroan ere ezinegona sortu du erabakiak, Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak atzo erran baitzuen alderdian «kezka handia» dagoela: «[Espainiar] Estatuko oinarrizko erakundeak ahuldu egin dira». Barkosek azaldu zuen gertatutakoak «guztiei pentsarazi behar» diela.

Galdetu zuen Auzitegi Konstituzionalak jarraituko ote duen «arbitro izaten» Nafarroak Espainiarekin dituen harremanetan. Nafarrak «bi aldiz kezkatuta» sentitzen direlako Auzitegi Konstituzionalari begiratzean.

«Erantzun bateratua»

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak ere adierazpenak egin zituen atzo, eta gertatutakoa «oso larria» dela azpimarratu zuen: «Ezkerreko gehiengo parlamentarioa errespetarazteko ordua da, eta horregatik espero dugu indar demokratiko guztiak prest egotea kongresuan ordezkatutako gehiengo sozialaren aurkako erasoari irmo erantzuteko». Izan ere, Aizpuruak erran zuen urte anitz daramatzatela gertatutakoaz ohartarazten, eta herenegungo ekintzak frogatu zuela Espainiako demokrazia «kalitate eskasekoa» dela, eta 78ko erregimenaren oinarriak hor daudela oraindik ere.

«Hauteskundeetatik etorritako ordezkaritza legitimo eta demokratikoaren aurkako kolpe judizial baten aurrean gaude». Aizpuruaren erranetan, iraungita dagoen auzitegi batek ez du utzi bertze bat berritzen: «Eskuin politiko eta judizialak mugarik gabe erabili du justizia hauteskundeetan herritarrek emandako botoak baliogabetzeko».

Arrazoi horrengatik Espainiako eskuina eta eskuin muturra «parametro demokratikoetatik kanpo» kokatzen direla azaldu zuen, eta tramitazioa gelditu izanak erakusten duela botereen banaketa ez dela existitzen.

Gogorarazi zuen bai Euskal Herrian, baita Katalunian ere antzeko egoerak pairatu izan dituztela, eta Espainian ere zerbait gertatzen ari den erakusle dela tramitazioa gelditu izana. «Euskal Herrian eta Katalunian gertatu izanagatik ere, gertatutakoari ez diogu larritasun izpirik kentzen. Gure aurka hartutako erabakiak beste inorentzat ez ditugulako nahi», azpimarratu zuen Aizpuruak. Adierazi zuen EH Bildu «laguntza behar duten ekimen guztien zerbitzura» egonen dela: «Solidarioak eta arduratsuak izango gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.