Espainia. Botereen arteko krisia. Roberto Uriarte. Unidas Podemoseko diputatua

«Epe luzeko estrategia bat daramate gehiengoa indargabetzeko»

Auzitegi Konstituzionalak hankaz gora jarri ditu Espainiako botere betearazlea, legegilea eta judiziala. Azken egunetako mugimenduak gertutik aztertzen ari da Uriarte, baina uste du afera aspalditik datorrela.

Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatua, atzo, Espainiako Kongresuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun

Unidas Podemoseko diputatu Roberto Uriarte (Bermeo, Bizkaia, 1960) Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeko presidenteordea ere bada. Kargu hori baliatuta, Auzitegi Konstituzionalaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten kideetako bat izan zen. Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da lanbidez, eta lasaitasun mezu bat bidali nahi izan du, botere judizialaren egoera kezkagarria dela uste duen arren.

Ikusi gehiago:Pedro Sanchezek lege bat onartuta desblokeatu nahi du Konstituzionala

Auzitegi Konstituzionaleko kideak aukeratzeko erreformak aurrera egitea galarazi du auzitegi horrek berak. Hau da, berari eragiten dion lege erreforma baten tramitazioa eten du.

Inoiz hartu ez diren erabakiak hartu ditu. Ez da inoiz gertatu Espainiako Kongresuan edo Senatuan lege bat bozkatzen ez uztea. Lege bat onartu eta gero, aukera dago lege baten zati edo artikuluren bat indargabetzeko, konstituzioaren interpretazio egokia egin ez delako. Baina, kasu honetan, bozketa egiten ez uztea erabaki dute. Orain, hamar eguneko epea eman digute gure alegazioak egiteko.

Pedro Gonzalez Trevijano eta Antonio Narvaez epaileek ere parte hartu dute erabakian. Erreforma onartuz gero, euren karguak utzi beharko lituzkete.

Jakinik parte direla —jokoan daude euren lanpostuak eta soldatak—, abstenitu egin beharko lirateke. Normalean, epaileak ez dira zain egoten norbaitek errekusatu arte; apartatu egiten dira. Oraingoan, baina, ez egitea erabaki dute. Uste dugu okerra dela, eta ez duela nondik eutsi. Bozkatu egin dute euren errekusazioa. Estrasburgoko auzitegira eraman dugu gai hau.

Bide judizialetatik kanpo, nola erantzungo diozue Konstituzionalaren erabaki sortari?

Lasaitasunez. Ikuspegi derrotista izateko joera egon ohi da, baina ez dugu erori behar. Borroka juridiko, politiko eta demokratikoa eman behar dira. Esaterako, gaur [atzo] lege garrantzitsu bat tramitatuko dugu, sekretu profesionala babesteko. Lege asko egiten ari gara, eta ez gara geldituko. PPk sortzen dizkigun arazoak ezin dizkiegu herritarrei pasa. Neutralizatu egin behar ditugu erasoak; ez gaitzatela desbideratu. Gurean jarraitu behar dugu: legeak egiten eta eskubideak berreskuratzen.

PPk argudiatu du euren diputatuen eskubide politikoak urratu direla. Zer erantzuten diozue akusazio horri?

Kontrakoa. Guk diputatu bezala ditugun eskubide politikoak urratu dira. Konstituzioaren 122. artikuluak argi eta garbi esaten du kargu baten agintaldi epea amaitzen denean berritu egin behar direla organo konstituzionalak. Baina, hautaketa baldintza dezaketenez —hiru bosteneko gehiengoa behar da—, PP ez da ari konstituzioan ezarritako agindu hori betetzen, eta ez digu uzten gainerakoei ere.

Ez da berria joko politikoak judikaturara salto egitea. Azken hilabeteetan, baina, eztabaida bete-betean dago.

Orain gertatutakoa aldez aurretik pentsatuta zegoen. Pauso bat gehiago da epe luzeko estrategia batean. Pauso handi, gogor eta sakon bat, orain arte ematera ausartu ez direna. Epe luzeko estrategia bat daramate hauteskundeetatik ateratako gehiengoa indargabetzeko. Argi eta garbi esaten dute gehiengo hau kanporatu nahi dutela. Hori ikusita, ezin dugu epe laburreko estrategia bat soilik izan. Ezin ditugu erabakiak beroan hartu; epe luzera begiratu behar dugu. Indar progresisten artean adostutako estrategia bat behar da. Ikuspegi juridikotik, arrazoia daukagu, eta garrantzitsua da batasunari eustea. Hori da daukagun indar handiena.

Batasuna aipatu duzu, baina talde bakoitzak bere erantzunak planteatzen ditu.

Indar progresista bakoitza bere estrategiarekin eta ñabardurekin hasten bada, galdu egin gaitezke. Oso inportantea da batera joatea. Herritarrek eta Europak ikusi behar dute herritarrek bozkatu duten gehiengoa batera doala, eta ez duela inongo arrakalarik.

Europatik erantzun bat iritsiko dela uste duzue?

[Didier Reynders Europako Batasuneko] Justizia komisarioak argi utzi zuen blokeoak ezin duela gehiago iraun. Europari egoera azaldu behar diogu, eta Europak adierazi behar du honek gehiegi iraun duela. Gure sistema lotuta dago legealdiekin. Organo jurisdikzionala da Konstituzionala, baina izaera jurisdikzional-politikoa du; bi aurpegiak ditu.

Honek guztiak non uzten du Espainiako botere banaketa?

Botere banaketari emandako kolpe inportante bat da. Ez erabaki honek bakarrik: legegintzaldi hasieratik izan den blokeo estrategiak kalte handia egiten dio. Baina botere banaketa uste duten baino indartsuagoa da. [Voxeko buru Santiago] Abascalek esan du lehen bataila irabazi dutela, baina gerra ez dela amaitu. Eta arrazoia du oraingoan: ez dute irabaziko ez bataila juridikoa, ez politikoa. Ez dute lortuko blokeoaren bitartez hauteskundeetan lortu ez zutena.

Auzitegi Konstituzionalaren sinesgarritasuna non uzten du egungo egoerak?

Desprestigio inportantea da. Auzitegi Konstituzionalak eta beste organo konstituzionalek errespetu handiagoa zuten lehen. Profesional hobeak hautatzen ziren. Baina giza kalitatea eta kalitate profesionala galdu dira. Pena da, baina hau da errealitatea. Ditugun magistratuak ditugu. Zerbait ona ateratzekotan, esan dezakegu jendeak ikusi duela zer motatako epaileak ditugun.

Ikusi gehiago:«Justiziaren politizazioa» salatu du Eusko Jaurlaritzak

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.