Hasi da urtea legebiltzarrean

Legealdiko lehen osoko bilkura egin dute Eusko Legebiltzarrean: araudia egokitu dute koronabirusagatik. EAEren izenean arituko diren senatariak hautatu dituzte. EAJ-PSEk atzera bota dituzte oposizioaren hiru mozio

Eusko Legebiltzarreko lehen osoko bilkura egin zuten atzo, eta taldeek bozketa bidez erabaki zuten legebiltzarreko araudian aldaketak egitea. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Egunerokoan nabarmena da ziurgabetasuna, baina birusak, oraingoz, ez du baldintzatu legegintzaldi hasi berria; soilik araudi aldaketa bat. Eusko Legebiltzarrak atzo ekin zion ikasturte hasierari. Maskarez, eskularruez eta manparez gain, ez zen aldaketa handirik nabari aurreko legealdiaren aldean. Puntuan hasi zen saioa. 09:30ean jo zuen txirrinak, eta legebiltzarkideak osoko bilkurara sartu ziren, areto nagusira. Bertara sartzearekin batera, lehen ikasgaia jaso zuten: bozkatzeko botoiarekin nola eman botoa, eta ea ondo dabilen baieztatu.

Legegintzaldi berria hastear denean egin beharreko urratsak bete zituzten lehen puntuan. Lehenbizi, legebiltzarkide bakoitzak erantzun ea jardun politikoa beste zeregin batzuekin oztopa zitekeen, eta guztiek batera erantzun behar zuten, boto digitala erabilita. Alegia, ikasgaian ikasitakoa praktikan jarrita. Hala ere, beti egon ohi da despistaturen bat; esaterako, Amaia Fernandez Voxeko legebiltzarkideak ez zuen asmatu botoiari nola sakatu, eta ez zuen erantzunik eman. Hala adierazi zion Tejeriari ere, baina erantzun argia jaso zuen: «Bi aukera zeuden: bata, probakoa; bestea, bozkatzekoa. Beraz, emaitza horrela gelditzen da».

Espainiako Senaturako ordezkariak hautatu zituzten ondoren, baina horretarako metodologia aldatzea erabaki zuten. Tejeriak iragarri zuen botoak eskuz jasoko zituztela, eta, beraz, orri bana banatu zieten legebiltzarkideei. Talde bakoitzak hautagai bat proposatu zuen, talde mistoek izan ezik. Presidenteak izen-abizenak esan ahala, eserlekutik jaiki eta botoa ematen zuten politikariek. Guztiak jaso, eta zenbaketa egin zuten. Hauek hautatu zituzten: EAJko Estefania Beltran de Heredia, EH Bilduko Idurre Bideguren eta PSE-EEko Tontxu Rodriguez.

Araudian aldaketak

Lehen pausoen ostean, ohiko jardunari ekin zioten. EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarraren araudian aldaketak egitea proposatu zuten, COVID-19aren garaira egokitzeko. Talde horiek hartu zuten hitza, eta bakoitzak bost minutuko tartea zuen. Beste bi alderdiek ere izan zuten hitz egiteko aukera. Bozketa digitalki egin zuten, eta aho batez onartu zuten aldaketa. Hemendik aurrera, beraz, osoko bilkurak aurrez aurre ez egiteko aukera egongo da ezohiko egoeretan, eta legebiltzarkideek aukera edukiko dute beren botoa era telematikoan emateko, kasu jakin batzuetan. Botoa eskuordetzeko aukerak ere areagotu egin dituzte; esate baterako, gaixotasun larrien kasuan.

Legealdiko lehen urratsak eginik, osoko bilkuran lau mozio eztabaidatu zituzten, laurak ere oposizioko alderdienak. Bat, EH Bildurena: koronabirusaren harira osasun sisteman baliabideak handitzeko eskaera. Beste bat, Elkarrekin Podemosena: industria arloko kaleratzeen aurkakoa. Eta beste bat PPrena: lanpostu publikoetako sarbidean euskarari pisua kentzeko. Bertan behera geratu ziren jatorrizko mozio horiek, eta, horien ordez, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioak onartu zituzten; gehiengoa dute bi taldeek. PPrekin adostu zuten mozio bat, araudia aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.