Pauso bat, baina ez behar adinakoa

Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du LOMLOE lege berria. Hezkuntza eragileek eskumenak errespetatzea nahi dute

Haurrak Bilboko Atxuri eta Mujika ikastetxeek egindako protestan, ostegunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Zenbat buru, hainbat aburu, dio esaerak, baina hezkuntzako euskal eragileak nahiko ados jarri dira: ostegunean Espainiako Kongresuak oniritzia emandako LOMLOE hezkuntza lege berria LOMCE baino hobea da, ez dago zalantzarik horretan, baina motz geratu dela iruditzen zaie, gehiago behar dutela.

LAB

«Euskal Herriko hezkuntza sistemarentzateta hezkuntzako langileentzat zentralista, espainiarra, pribatizatzailea eta merkantilista da». Horrela definitu du LAB sindikatuko Irati Tobarrek LOMLOE. Hezkuntzako langileen eskubideak «zapaltzen» jarraitzen duela uste du: «Madrilek erabakitzen ditu langileoi dagozkigun elementu gehienak». Gaitzetsi du ez egotea bermatuta Euskal Herrian murgiltze eredua ezartzea: «Esaten da hizkuntza koofizialak dauden autonomietan gaztelera ez dela izango hizkuntza nagusia, baina guretzat gezur handi bat da, Nafarroaren erdialdean eta hegoaldean gaztelania baita hizkuntza nagusia». Halere, aurrerapauso batzuk ikusten ditu, esaterako, sexuaren arabera ikasleak banatzen dituzten eskolei diru laguntza publikorik ez ematea eta 0-3 urteko etapa «aitortzea».

Steilas

LOMCE legea indargabetu izana «aurrerapausotzat» dauka Steilas sindikatuko Aitor Idigorasek, baina zehaztu du ez dagoela «benetako aurrerapausorik»: «Inondik inora ere ez da gure hezkuntza sistemak behar duen hezkuntza legea». Iruditzen zaio «egiturazko arazoak», konpondu beharrean, betikotu egiten dituela: «Betikotu egiten ditu pribatizazioa eta horrek dakartzan arazo guztiak». Izan ere, Idigorasen iritziz, hezkuntza pribatua defendatzen du: «Bere espirituan eskola publikoa indartzea badakar ere, artikuluetan jasotzen da pribatuak —tokiko administrazioek nahi badute— zabaltzen jarraitzeko aukera daukala». Publikoa defendatu du Idigorasek: «Kooperatibak edo eredu pribatua sustatu beharrean, eskolei publiko egiteko aukerak eman behar lizkieke edozein hezkuntza legek».

ELA

Begi onez ikusi du ELA sindikatuko Miren Zubizarretak bertan behera uztea LOMCEren puntu «okerrenetako» batzuk, esaterako, errebalidak eta hizkuntza koofizialetako murgiltze ereduen debekua , baina legea «motz» geratzen dela deritzo. Eskumenei dagokienez, Zubizarretak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hezkuntzako eskumenak dituztela, baina urrun dituztela maiz praktikan: «Alderdi batzuk, bereziki EAJ, curriculumaren edukiaren %50 autonomia erkidegoek zehaztu ahal izango dutela esaten ari dira, eta hori %45 baino hobea izango da; nazio ikuspegi batetik, ordea, eskumenen inbasio bat da oraindik ere».

Ikastolen Elkartea

Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak nabarmendu du ez dela zaila LOMCE baino hobea izatea, eta LOEren «bertsio berritua» dela LOMLOE. Pedagogikoki aurrerapauso batzuk ikusten ditu Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan: «Bidea irekitzen du, arloetan lan egin beharrean, konpetentziak bideratzeko». Aldiz, uste du aukera galdu dela Batxilergoari beste jite bat emateko. Eskumen faltari ere egin dio erreferentzia, curriculum propioa garatzeko zailtasunak daudela esanez. Politikoki «atzerakoitzat» jo du: «Irakaskuntzaren inguruko ikuspegi jakobino bat du: denak izan behar du publikoa edo administrazioak egindakoa; guk, berriz,sinesten dugu gizarteak gauzak egiteko duen ahalmenean—adibidez, ikastolak—».

EHIGE

«Gure helburua da hezkuntza publikoa ardatz izango duen hezkuntza sistema propioa eraikitzea hemen. Bata zein bestea ez dira izan eztabaidaren muin Madrilen». Hori da EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko koordinatzaile Lurdes Imazek LOMLOEri buruz galdetuta esandakoa.Azaldu duenez, iaz aurkeztu zuten zein izan behar diren hezkuntza sistema propio horren oinarriak agiri batean, eta, hori aintzat hartuta, «sakonean» aztertuko dituzte LOMLOE eta EAEn erdietsi nahi dituzten hezkuntza akordioa eta legea.

Heize

Heize euskal eskola publikoaren zuzendaritza elkarteen federazioko presidente Iñigo Salaberriak uste du beharrezkoa dela jakitea legeak zenbat baldintzatuko duen hezkuntza arloko eskumenen garapena. Gero, hiru elementu aintzat hartu behar direla azpimarratu du. Batetik, curriculumaren «zurruntasuna» dago, Heizerentzat «marra gorria» dena: «Curriculum zurruntasunaren bidetik joko balu, ez genuke gure burua hor ikusiko». Bestalde, segregazioa aipatu du, baita hori baztertzeko eskatu ere. Azkenik, uste du LOMLOEk baliagarria izan behar duela eskolatze sistema aldatzeko.

Eusko Jaurlaritza

Legea ontzat jo du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek. Batetik, aniztasuna etahizkuntzak onartzen dituela deritzo. Bestetik, uste du «oso elementu baikorra» dela curriculumaren erdia erkidegoen esku uztea. Erantsi du itunpeko ikastetxeek ez daukatela kezkatu beharrik: «Gure ustez, ez dute arazorik izango». Legea boto bategatik soilik onartu izanak irakaspen bat uzten duela ere nabarmendu du: «Erakusten digu beste pauso batzuk eman behar ditugula adostasunaren alde».

Sortzen

LOMLOE ez dela nahikoa adierazi du Sortzenek ere: «Madrilen egin den lege bat da, eta ez da gurea». LOMCE bertan behera uztea berri ona izan arren, LOMLOEk ez dituela beharrak asetzen uste dute. Pedagogikoki aurrerapauso bat dela iruditzen zaie, baina oraindik curriculumaren erdia Madrildik zehaztuko dutela salatu dute. Harago joan nahi dute: «Helburua euskal eskola publiko berria eraikitzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.