Presoen gurasoak, psikikoki kalteberago

EHUko lau ikerlarik ondorioztatu dute seme-alabaren bat preso eta urrun dutenek depresio eta antsietate handiagoa dutela. Guraso horietan, erresilientzia gaitasuna nabaritu du ikertaldeak

jon olano
Donostia
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Urruntzeak kalte egiten dio presoen gurasoen osasun mentalari. Zehazki, seme-alabaren bat urrun espetxeratua duten adineko gurasoek psikopatologia maila handiagoa eta osasun positibo okerragoa dute, adin tarte horretako gainerako gurasoen batezbestekoarekin alderatuta. Hori da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko lau ikerlarik egindako azterketaren ondorio nagusia. Bigarren mailako prisionizazioa eta euskal presoen adineko gurasoen osasun mentala da ikerketaren izenburua, eta atzo eguerdian aurkeztu zuten, Donostian.

Luixa Reizabal Arruabarrenak, Iñaki Garcia Fernandezek, Eneko Sansinenea Mendezek eta Ainize Sarrionandia Peñak egindako ikerketa horretan, 90 lagun elkarrizketatu dituzte, 59 emakumezko eta 31 gizonezko, den-denak 65 urte baino gehiagokoak. Seme-alabaren bat espetxean dutenak erdiak dira (45), eta adin eta ezaugarri bertsuak dituzten pertsonen beste multzo bat ere aztertu dute, kontrol talde gisa. Bi multzoen emaitzak alderatuta, ondorioa da semea edo alaba preso eta urrun duten gurasoen kasuan handiagoa dela depresioa, antsietatea eta estresa, eta, oro har, txikiagoa osasun mental positiboa.

PSIKOPATOLOGIA GEHIAGO

Megan L. Comfort ikerlariak baliatu zuen bigarren mailako prisionizazioaren kontzeptua, pertsona bat espetxeratuta egoteak haren senideengan duen eragina izendatzeko. «Kartzelatzeak, presoari ez ezik, haren ingurukoei nabarmenki eragiten die modu askotarikoetan: babesgabezia, nahasmendu psikologikoak eta estigmatizazioa sortuz», azaldu zuen Sansineneak. Hori euskal presoen kasura eraman dute EHUko Psikologia Fakultateko irakasleek, «seme-alabak espetxeratuta edukitzeak adineko gurasoen osasun mentalean ekartzen dituen ondorioak» aztertzeko. Eta ondorio nagusietako bat da psikopatologia mailetan —depresioan, antsietatean eta estresean— «alde esanguratsuak» antzeman dituztela seme-alabaren bat espetxean dutenen eta ez dutenen artean: «Kontrol taldekoek gutxieneko depresioari dagokion puntuazioa dute, eta presoen gurasoen taldeak, ordea, alde txikiarengatik bada ere, depresio arineko puntuazioa».

Beste hainbeste nabaritu zuten antsietatea eta estresa neurtzerakoan ere; desberdintasun «estatistikoki esanguratsuak» aurkitu dituzte: «Semea edo alaba urrun espetxeratuta edukitzeak gurasoen osasun mentala modu nabarmenean okertzen du».

ONGIZATE APALAGOA

Osasun mental positiboan ere alde esanguratsuak daudela ondorioztatu dute. Hain zuzen ere, presoen gurasoek osasun mental okerragoa azaldu zuten kontrol taldekoek baino. Halere, ñabardura bat egin dute ikertzaileek: osasun mental positiboa aztertzeko, presoen gurasoen ongizate emozionala, psikologikoa eta soziala neurtu dituzte, eta ongizate emozionalean antzeman dituzte alde handienak presoen gurasoen eta kontrol taldekoen artean. Ongizate psikologikoari eta sozialari dagokionez, aldeak txikiak dira, eta ez dira estatistikoki esanguratsuak: «Presoen gurasoen ongizate psikologikoa eta soziala adin bereko beste edozein gurasorenen antzekoak dira».

URRUNTZEA, KALTERAKO

EHUko taldeak beste aldagai bat aztertu du: zenbaterainoko eragina duen presoen urrunketak gurasoen osasunean. Horretarako, bi kategoria bereizi zituzten: kartzelarako joan-etorriak egunean bertan egin ditzaketen gurasoak —400 kilometro baino gutxiagora dauden presoenak— eta egun bat baino gehiago behar dutenak. Egileek nabarmendu dute 45 gurasotik zortzik baino ezin zutela joan-etorria egunean bertan egin, eta egun bat baino gehiago behar dutenek, batez beste, 769 kilometrora dutela seme edo alaba presoa; ez lagina hala aukeratu dutelako, 400 kilometro baino urrunago dauden euskal presoak distantzia hori baino gertuago daudenak baino nabarmen gehiago direlako baizik. Bi multzoen arteko aldea dela-eta, emaitzak «tentuz» hartzeko eskatu zuen Sarrionandiak.

Atal horretan ere, ikerlariek sumatu dute seme edo alaba presoa bisitatzeko egun bat baino gehiago behar dutenek depresio, antsietate eta estres handiagoa adierazi dutela, «nahiz eta aipatutako aldeak ez izan estatistikoki esanguratsuak».

Aitzitik, ongizate emozional, psikologiko eta sozial handiagoa biltzen dituen osasun mental positiboari dagokionez, ikertaldeak hauteman du seme-alabak urrunago dituzten gurasoek osasun mental positibo handiagoa dutela, hasieran uste zutenaren kontra. «Emaitzon interpretazio posible bat da seme-alabaren bat urrun duten gurasoek erresilientzia efektu bat erakusten dutela», txostenean azaldu dutenez. Izan ere, azaldu dute «seme edo alaba preso urrunduaren egoera oso estresagarriaren aurrean» gurasoek ahalegina egiten dutela «egoerara egokitzeko, eta egoera horretan ahalik eta ongien egoteko». Adibide gisara aipatu dute haur eta nerabeekin Palestinako gatazkaren inguruan berriki egindako ikerketa bat: horren arabera, «egoeraren gogorragatik ere, ume eta nerabe askok ez dituzte espero zitezkeen estres post-traumatikoko sintomak; alderantziz, erresilientziadunak dira».

Haur eta nerabe palestinarrei buruzko ikerlanean, «konpromiso sozial eta ideologikoaren handitzea eta sare sozialen sendotzea» ageri dira erresilientzia iturri gisa. Euskal presoen auziari begiratuta, ikerlariek uste dute «gurasoen arteko elkartasunak eta euskal jendartearen zati zabal baten eta euskal erakunde batzuetan presoen urruntzearen kontrako jarrerak jasotzen duen adostasun maila zabalak» eragina dutela guraso horiengan: «Onarpenezko pertzepzio honek gurasoei lagun diezaieke aurrera egiten seme-alaba urrunduaren egoerarekin, hobeto egokituz egoerara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.