Urrats bat doakotasuna lortzeko bidean

Helduak euskalduntzeko diru laguntzak handitu ditu Nafarroako Gobernuak. 2,4 milioi banatuko dituzte euskaltegi eta ikasleen artean

Ezkerretik eskuinera, Izaskun Anduaga, Mikel Arregi eta Nekane Otamendi, atzoko aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Legealdia hasi zenetik, Euskarabidea institutuak helburutzat jo du helduen euskalduntzea doakoa izateko bidean aurrera egitea. Eskubide hori bermatzetik urrun da oraindik Nafarroako Gobernua, baina hasiak dira urratsak egiten. Hala, iaz baino ia milioi bat euro gehiago banatuko du aurten gobernuak euskara ikasteko diru laguntzatan. Euskaltegientzako eta euskara ikasleentzako diru poltsa handitu du administrazioak, «doakotasunerako bidean urratsak» egiteko helburuz.

Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik atzo eman zituen xehetasunak, aurtengo matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. Euskarabideko buruaz gain, aurkezpen ekitaldian izan ziren Ultzamako Udaleko zinegotzi Izaskun Anduaga, tokiko entitateen izenean, eta Nekane Otamendi IKAko irakaslea, gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkari gisa.

Norbanakoentzako laguntzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak 300.000 euroko deialdia eginen du aurten: iaz baino 56.000 gehiagokoa. 2020-2021eko ikasturtean, 800 pertsonak jaso zuten laguntza hori, eta 2021-2022koan, berriz, milatik gora izan ziren. Euskaltegientzako diru poltsa ere handitu du gobernuak, 2,1 milioi euroko deialdia eginen baitute 2022-2023ko ikasturterako: iaz baino 900.000 euro gehiagokoa. Arregiren esanetan, bi helburu dituzte laguntza hauek: «Euskara irakaskuntzaren doakotasunera hurbiltzea eta herritarrek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzea».

Euskara ikasi nahi dutenek 380 eurorainoko laguntza eskura dezakete Euskarabidearen deialdian, eta, aurkezpenean azaldu zutenez, laguntza hori bateragarria izanen da udal askok banatzen dituztenekin. «Horri esker, euskara ikastea ia doakoa da kasu askotan», azaldu zuen Anduagak. Urriaren 1etik azaroaren 30era aukera izanen da diru laguntzak eskatzeko. Baldintza eta informazio guztia eskuragai egonen da www.euskaraikasi.nafarroa.eus webgunean eta 012 telefono zenbakian.

Euskara «ahoratzeko»

Diru laguntzen inguruko informazioa emateaz gain, Nafarroako Gobernuak Euskara ahora kanpaina aurkeztu zuen atzoko agerraldian, helduen euskalduntzea sustatzeko xedez. Atzotik, zabalik da euskaltegietan izena emateko epea, eta kanpainaren sustatzaileen helburua da «gizartea animatzea euskara ikastera, gazteak batez ere». Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak antolatu du kanpaina, Euskarabidearen bitartez, tokiko 33 entitaterekin eta sektoreko hainbat eragilerekin batera; besteak beste, Zubiarte euskaltegi publikoa, hizkuntza eskola ofizialak eta AEK, IKA eta Bai&By zentroak.

Irail osoan ikusgai izanen da kanpaina publikoa sare sozialetan, autobus geltokietan, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadia campusean, tokiko aldizkarietan eta Nafarroako irratietan. 54.000 euroko inbertsioa egin du Nafarroako Gobernuak Euskara ahora kanpainan. «Kanpaina honen bidez, jendea animatu nahi dugu urratsa egitera: alda dezatela beren pelikularen gidoia eta barnera daitezela mundu liluragarri batean», azaldu zuen Ultzamako zinegotziak. «Pelikula honen protagonista izatea erraza da; nahikoa da izena ematea Nafarroa osoan diren euskaltegietan edo hizkuntza eskoletan. Gidoia alda dezakezue, amaiera zoriontsua izan dezan, eta, abentura horretan, euskararen komunitate osoa bidelagun izanen duzue».

IKAko Nekane Otamendik, azkenik, eskerrak eman zizkien hamarkadaz hamarkada euskara ikasteko ahalegina egin dutenei, eta dei egin zien pauso hori ematera oraindik ausartu ez direnei: «Animatu nahi nituzke urratsa egin ez dutenak euskara ikasten hastera; edozein motiborengatik euskaraz komunikatzeko gaitasuna galdu dutenak, ezagutzan sakondu dezaten; eta euskaraz alfabetatu ez direnak, berandu gabe has daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.