Banaketa sektoreak plastikoa gutxitzeko legera egokitu behar du uztailerako

Ontziratu gabeko produktu gehiago eskaini beharko dituzte saltokiek, Hego Euskal Herrian

Bezeroak, plastikozko poltsekin supermerkatu batetik irteten. IÑIGO URIZ / FOKU.
xabier martin
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak urte bukaeran izan duen agenda zabalean kasik ustekabean igaro da abenduaren 27ko Ministro Kontseiluak onartutako dekretua, plastikoaren ingurukoa, baina dagoeneko indarrean dago Hego Euskal Herrian ontziratu gabeko janari gehiago salgai jartzera behartzen duen legea. Plastikoa gutxitzeko beste urrats bat da, baina debekuetan zirrikitu ugari utzi ditu, baldin eta azken helburua bada plastikoaren erabileran benetako norabide aldaketa bat egotea. Izan ere, banaketa sektorearen indarrak salbuespen ugari lortu ditu legean, frutak eta barazkiak aurrerantzean ere plastikoarekin estalita saldu ahal izateko.

Ontzien eta ontzien hondakinen legeak finkatu du txikizkako supermerkatuek ontziratu gabe saldu behar dituztela frutak eta barazkiak. Baina legearen orokortasun horri salbuespen batzuk atxiki dizkio Madrilgo gobernuak. Hasteko, 1,5 kilotik gorako pisua duten aleak eta sortak orain arte bezala saldu ahal izango dira; alegia, plastikoak edo haren ordezko batek estalita edo ontziratuta. Jatorri izen batek babestutako produktuetan, gainera, ez dute zertan plastikoa kendu, ezta produktu ekologikoaren zigilua duten produktu freskoetan ere. Gainontzeko kasuetan, eta, betiere 1,5 kilotik beherako piezetan, ontziratu gabe aurkeztu behar dituzte dendek frutak eta barazkiak. Dena den, sei hilabete dituzte lege berrira egokitzeko: uztailerako bete beharko dituzte legearen exijentzia guztiak.

Legeak jaso du, halaber, ontziratu gabeko produktuen salmentaren sustapena 400 metrokoeremua baino gehiago hartzen duten supermerkatuek egin behar dutela. Beren salmenta eremuaren %20 behintzat estalkirik gabe saltzen diren produktuei eskaini beharko diete. Dena den, ontziratze bat berriro erabiltzekoa bada, balekoa izango da %20ko eremu hori osatzeko.

Koronabirusaren pandemiak nabarmen galgatu du fruta eta barazki aleak soltean erosteko joera. Gutxika bazen ere, gora zihoan estalkirik gabe erosteko hautua, baina, 2020ko martxotik aurrera, joera hori eten egin da, garbitasun nahia eta segurtasuna beste ezeren aurretik jarrita. Hala ere, normaltasunera itzultzearekin batera, hazten hasi da soltean erosteko hautua atzera; saltoki askotan eskaintzen dituzte soltean, izan ere, fruitu lehorrak, lekaleak, irinak eta beste. Bezeroari nahi duen kopurua hartzeko aukera ematen dio horrek.

Tuperrarekin erostera

Gainera, bezeroek beren ontziak eraman ditzakete erosketara, produktuak bertan etxeratzeko: botilak, tuperrak edo erabilera ugariko poltsak; «egokiak ez badira edo agerikoa balitz zikinak daudela», ez onartzeko eskubidea izango du saltokiak. Zenbait banaketa taldek norberak bere tuperra eramatea sustatu dute azken hilabeteetan, deskontuak aplikatuz, arraina, okela, txarkuteriako janaria, fruta eta barazkiak halakoetan eraman ditzaten etxera.

Bestalde, erabilera bakarreko plastikozko zenbait objekturen salmenta debekaturik geratu da lege berriarekin batera: mahai tresnak, edalontziak, kotoi-zotzak, lastotxoak... Ipar Euskal Herrian, 2021eko uztailean jarri zuten indarrean debeku hori, Europako Batasuneko zuzentarau batek finkatu baitzuen. Hegoaldean, handizkako merkatuari eragin dio debeku horrek berak orain arte, baina 2021eko uztaila baino lehen erositako produktuak saltzen aritu dira dendak; dagoeneko ezin dituzte saldu.

Era berean, kultur jaialdietan eta ostalaritzan ere badu eragina lege berriak. Erabilera bakarreko ontzi eta edalontziak ezingo dituzte eskaini, eta beste modu batekin asmatu beharko dute edariak eta janaria saltzeko; neurri horrek ez du zertan sortu aparteko arazorik ostalaritzan; jaialdietan, agian bai. Halaber, iazko apiriletik indarrean dagoen beste lege bat ere bete egin beharko dute aurrerantzean: ontziratu gabeko ura doan ematea bezero eta erabiltzaileei, haiek eskatuz gero.

Horrez gain, erabilera bakarreko plastikoen gaineko zerga indarrean jarri dute urtearekin batera. Zerga horrek plastikoa ekoitzi, inportatu edo erosten dutenei eragiten die. Ehungintzan, burdindegietan, ostalaritzan eta teknologia ondasunetan, esaterako, bere garrantzia izango duela aurreikus daiteke. Kaxetan, bilgarrietan eta bestelako fardeletan, plastikoa izanez gero, zerga berriak bere isla izango du. Plastiko kilogramo bakoitzeko 0,45 euro pagatu behar da Hegoaldean. Kontsumo handiko sektoreetan 700 milioi euroko bilketa egon daitekeela kalkulatu dute zenbait patronalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.