«Desberdinen artean batzea izan da gakoa»

Egindako akordioak goretsita, Uxue Barkosek Nafarroako bozen deialdiko dekretua sinatu du. UPNk Geroa Bairen «hipokrisia» deitoratu du

Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, hauteskunde deialdiaren dekretua sinatzen, atzo Iruñean. BERRIA.
Maider Galardi
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetara deialdia egiteko dekretua sinatu zuen atzo, parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin eta gobernuko lehendakariorde Manu Aierdi eta Miguel Laparrarekin batera. Bozetarako deialdia egiteko ekitaldian, gainera, azken legegintzaldian izandako «desberdinen arteko batasuna» goratu zuen, eta datozen hauteskundeak «gakoa» izango direla nabarmendu.

Amaitzear den aroarekin «pozik» dago Barkos, batetik, «aldaketa instituzional handia» gertatu delako, eta, bestetik, «aniztasun politikoaren erakusgarri» izan direlako azken lau urteak. «Desberdingintzan» aritu direla aipatu du lehendakariak: «Adostasun handi eta adierazgarriak erdietsi ditugu. Zalantzarik gabe, aurrerantzean ere nahitaezkoak izanen dira Nafarroaren orainari eta geroari bermeekin aurre egiteko». Bozen ostean, datorren ekainaren 19an osatuko dute Nafarroako Parlamentu berria. Barkosek oroitarazi du, gainera, Nafarroako parlamentuan zazpi alderdi politiko aritu direla lanean, eta, hori «lurraldeko aniztasunaren isla» dela.

Desberdinen arteko zubiak egitea bainoago, «nazionalismoa inposatzea» egotzi diote, ordea, PPko Ana Beltranek eta UPNko Sergio Sayasek Geroa Bairi. Navarra Suma koalizioko PPk, UPNk eta Ciudadanosek bat egin dute Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako zerrendaburua da Sayas, eta «hipokrita eta ziniko» izatea egotzi dio Barkosen alderdiari. Izan ere, Geroa Baik Espainiako bozetarako lelo gisa aurkeztu du Nafarroa ez da ukitzen. Bestelako interes batzuk izatea egotzi dio, ordea, Sayasek Barkosi: «Lehendakariak berak onartu zuen Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bat gehiago izateko baiezkoa bozkatuko lukeela. Gure banderari iseka egin dio eta ikurrinez bete du erkidegoa». Geroa Bairi egotzi dio EAJren «marka zuria» izatea Nafarroan.

PPko Ana Beltranek ere txarretsi egin du Geroa Baik hautatutako leloa: «Barkosek ez du lotsarik Nafarroa ukitzen ez dela esatean, bera izan da Nafarroa desagerrarazi nahi duena», adierazi du. Laukoari Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra ere egotzi dio Nafarroa «Euskadin urtu» nahi izatea, eta eskatu du «nazionalismoak» bakean utz dezala Nafarroa. «Barkosek nahi duena da beste inork ez ukitzea Nafarroa. Herrialdeari tratu txarrak eman dizkiote, eta orain dio Nafarroa edo berea dela, edo ez dela inorena izango. Nafarroarekin nahi dutena egin dezaketela diote, beren jabe izango balira bezala».

Ika-mika transferentziekin

UPN «etsita» dagoela erantzun du Koldo Martinez Espainiako Kongresuko hauteskundeetarako Geroa Bairen zerrendaburuak. Gainera, Seyasen alderdiari egotzi dio 40 urtean Nafarroari dagozkion eskumenen transferentziak ez negoziatu izana, Geroa Baik autogobernua defendatzen segitzeko duen «konpromisoa» azpimarratu du.

Pablo Casado Espainiako PPko buruak, berriz, esan du ezin direla eskumen gehiago transferitu. EAEri dagokionez, egindako transferentzia guztiekin, iritzi du autonomiei ezin zaiela eman «botere gehiago», eta erkidegoetako poliziei baino, Espainiako Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari lehentasuna emango diela ere jakinarazi du.

Martinezek berak egotzi dio UPNri PPrekin eta Ciudadanosekin elkartu izana, eta oroitarazi dio Sayasi horiek direla Nafarroa desagerrarazi nahi dutenak: «UPN Espainiako zentralismoaren Troyako zaldia da». Hauteskundeen emaitzetarako mesedetan, Nafarroako autogobernuaren aurka egitea ere leporatu dio UPNri: «Nafarroako autogobernuaren defentsada datozen hauteskundeetako erronka nagusia, eta UPNk bere sigla utzi dio alderdi antiforalista bati, Ciudadanosi. Horiek bai, horiek desagerrarazi nahi dute Nafarroa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.