Apustu etxeetatik ikastetxeetara 300 metro izatea proposatu dute

Nafarroako Parlamentuan, ez dira ados jarri distantziari eta tabernetako apustu makinei buruz

Marisa de Simonek (Ezkerra) eta Arantxa Izurdiagak (EH Bildu) gomendio batzuk kritikatu dituzte. PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Atzo, Nafarroako Parlamentuan, talde guztiek nabarmendu zuten apustu etxeek herritarrengan eta batik bat gazteengan eragin ditzakeen ludopatia arazoak «osasun arazo orokor» bat direla eta horri aurre egin behar zaiola. Hala ere, jarduera hori arautu eta kontrolatzeko orduan, ez dira erabat ados jarri. Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik proposatu dute ikastetxeen eta apustu etxeen artean gutxienez 300 metroko distantzia egon behar duela, eta, baldintza jakinetan, tabernek apustu makina bat izan dezaketela. Aldiz, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak araudi gogorragoa proposatu dute: 600 metroko distantzia, eta apustu makinak ostalaritzan izateko debekua.

Familiek eta gazteekin lan egiten duten elkarteek azaldutako kezkaren aurrean, 2019ko urrian apustu etxeen errealitateari buruzko lantalde bat osatu zen parlamentuan. Hilabetez hilabete, orotariko elkarteek, administrazio publikoko ordezkariek eta sektoreko eragileek euren lekukotza eman dute, eta, atzo, lantaldean parte hartu duten parlamentariek nabarmendu zuten esperientzia «aberasgarria» izan dela.

Urte eta erdiko lanaren ostean, ondorioen txostena landu dute. Batetik, ludopatiari aurre egiteko neurriak eta protokoloak hobetzeko aholkuak onartu dituzte aho batez talde guztiek. Besteak beste, argi ikusi da osasun arloan lehen arretan ludopatia arazoak detektatzen direnean buruko osasunaren atalera bideratu behar direla eta ludopatiari aurre egiten duten elkarteekiko elkarlana indartu behar dela.Bestetik, Jokoaren Legea aldatzeko hainbat gomendio egin dizkiote Nafarroako Gobernuari, baina, horretan, taldeak ez dira ados jarri.

Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik oreka bilatu nahi izan dute sektorearen jarduera librearen eta ludopatiari aurre egiteko prebentzio neurrien artean. Navarra Sumako Jose Suarezen hitzetan, «gehiegizko arautze batek merkatu beltz bat sortzeko arriskua dauka». Horrekin batera, Internet bidezko apustuak arautzeko Nafarroako eskumenik ez duela ohartarazi dute.

Aldiz, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak gaitzetsi dute alternatiba hori ez dela nahikoa, eta araudia gehiago zorroztu egin beharko litzatekeela. Marisa de Simon lantaldeko presidente eta Ezkerrako parlamentariaren esanetan, «interes orokorrari interes pribatua gailendu zaio».

Iazko datuen arabera, Nafarroan apustuen sektorean aritzen dira 83 apustu etxe eta 58 joko areto. Gainera, 928 tabernak dute apustu makina izateko baimena. 2016tik 2019ra %28 handitu zen fakturazioa:10 milioitik 13,8 milioira. Iaz, pandemiaren ondorioz, gutxitu egin ziren diru sarrerak, 11 milioi eurora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.