Pobreziak etorkinak, haurrak eta andreak jo ditu gogorren Nafarroan

Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko txosten bat aurkeztu dute

Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko txostena aurkeztu zuten atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Errealitate Sozialaren Behatokiak Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo, Iruñean. Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak, Luis Campos behatokiko zuzendari nagusiak eta Antidio Martinez de Lizarrondo sekzioko zuzendariak aurkeztu zituzten txostenaren ondorioak. Azaldu zutenez, aurreko txostenekin alderatuta, datuetan anbibalentzia handiagoa sumatzen da: ez dira hain positiboak, eta zenbait adierazlek nolabaiteko joera negatiboa erakusten dute. Pobreziak gogorren jo dituenak emakumeak, haurrak eta migratzaileak direla azpimarratu zuten.

Atzo aurkeztutako txostenak ez du jasotzen pandemiaren eragina, datu gehienak 2019koak baitira. Hala eta guztiz ere, azaldu zuten zantzuak daudela pentsatzeko COVID-19ak areagotu egin dituela lehendik zeuden desberdintasunak, eta pertsona txiro eta zaurgarriei eragin diela gehien. Azken txostenean pandemiaren ondorioak islatzen ez badira ere, Nafarroako Biztanleriaren Errenta Estatistikaren arabera, pobrezia arriskuaren tasak zertxobait behera egin du —%21,3tik %21,2ra—, modu jarraituan, baina pobrezia larriaren tasa 0,1 puntu handitu da. Esan zuten adierazle hori dela Nafarroako egoerara hobekien egokitzen dena. Beste hainbat adierazlek panorama okerragoa erakusten dute. Esaterako, bizi baldintzei buruzko inkestaren arabera, herrialdean areagotu egin dira pobrezia arriskuaren eta pobrezia larriaren tasak.

Txostenean jasotzen denez, Nafarroan pobrezia eta gizarte bazterketa apalagoak dira beste eskualde eta herrialde askorekin konparatuta. Halere, azaldu dute arrakalak nabarmenak direla biztanle taldeari eta bizitokiari dagokienez. Maeztuk esan zuen beti dagoela «hobetzeko tartea», eta desorekak daudela sexua, jatorria, adina eta Nafarroako eremuak aintzat hartuta. Beharrezkotzat jo zuen hori zuzentzea. «Pobreziak emakumearen, haurraren eta atzerritarraren aurpegia du».

Camposen esanetan ere alde handiak daude kolektiboen artean, eta egoera okerragoa da Nafarroako hegoaldean. «Emakumeek eta 16 urtetik beherako pertsonek dituzte pobrezia tasarik handienak. Nazionalitatea ere gakoa da». Emaitza horiek ez dira berriak, eta adierazi zuten azken urteetan «arrastaka» eramaten ari diren datuak direla. Lurraldeen arteko desberdintasunei dagokienez, Tutera ingurua da eskualderik kaltetuena. Nafarroako Biztanleriaren Errenta Estatistikaren arabera, pobrezia maila %15,7koa da bertan, eta Nafarroako batezbestekoa, berriz, %11,3koa.

Maeztuk azpimarratu zuen Nafarroan oraindik ere pobrezia eta ezberdintasun «maila baxuak» daudela, baina gorakada «txiki» bat izan dela: «Pobrezia erlatiboak hamarren bat egin du behera, eta larriak, hamarren bat gora. AROPE pobrezia tasari dagokionez, hiru hamarren igo da; %11,7tik %12ra». Beste adierazleen datuak aintzat hartuta ere areagotu egin da pobrezia. Halere, esan zuen AROPE neurgailua oinarri hartuta Nafarroa hamargarren dagoela pobrezia indizerik txikienak dituzten Europako eskualdeen artean.

Pobreziari aurre egiteko neurrien artean, funtsezkotzat jo zuen, besteak beste, errenta bermatua.

Ondorioak

Ondorio gisa, Martinez de Lizarrondok esan zuen datuek erakusten dutela 2019an dagoeneko badagoela halako «moteltze» bat ezberdintasunen hobekuntzan. «Aldeak daude. Haur pobrezia handiagoa da, eta emakumearen eta immigratzailearen aurpegia du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.