Udal eta foru hauteskundeak

EAJ da nagusi Gasteizen, inkesta baten arabera

Zortzi zinegotzi lortuko lituzkete jeltzaleek. EH Bildu bigarren litzateke

Beatriz Artolazabal, EAJko Gasteizko alkategaia. RAUL BOGAJO / FOKU.
jon olano
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
EAJ izango da lehen indarra udal hauteskundeetan Gasteizen, Gizakerrek udalaren enkarguz eginiko inkesta baten arabera; zortzi zinegotzi izango lituzke, duela lau urte lortutakoak baino bat gehiago. Haren atzetik legoke EH Bildu; Rocio Vitero buru duen zerrendak gaur egun dauzkan sei zinegotziei eutsiko lieke. PSE-EE eta PP, berriz, berdinduta leudeke bostekin, sozialistek 2019an baino bat gutxiago lortuta. Azkenik, Elkarrekin Gasteizek orain arteko hirurei eutsiko lieke.

Beraz, Beatriz Artolazabal da faboritoa Gasteizko alkate izateko; lehen indarra EAJ izanik, nahikoa luke beste inork gehiengo absoluturik ez lortzea ekainaren 17ko eratze bilkuran. Gainera, inkestaren arabera, Artolazabal da hautagai ezagunena; %46k badakite nor den. Ainhoa Domaika PPko zerrendaburua baino hiru puntu gehiago da hori, Maider Etxebarria PSE-EEkoa baino sei puntu gehiago, eta Vitero baino hamazazpi gehiago. Hala ere, Viterok jaso du balorazio onena: inkestari erantzun dioten herritarrek 5,78 puntu eman dizkiote hamarretik, eta 5,75 Artolazabali. Emaitza horiekin, EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak gutxiengoan jarraituko luke, gehiengo absolutua izateko behar diren hamalau zinegotziak ezin bilduta.

Bestalde, hiriaren egoeraz ere galdetu diete gasteiztarrei, eta %44k uste dute Arabako hiriburuak okerrera egin duela azken urteetan; %24,7ren iritziz, hobera egin du, eta %28,7ren ustetan, berdin jarraitzen du. Kexa nagusiak mugikortasuna, garbitasuna eta segurtasun falta dira.

Gasteizko Udalak eskatu zuen inkesta, baina EH Bilduk zabaldu du. Koalizioak salatu du udal gobernuak «ezkutuan» eduki duela inkesta —martxokoa da—, eta, «gardentasunaren mesedetan», argitara ematea erabaki du: «Diru publikoarekin egin (14.278 euro) eta apirilaren 4an ordaindu zenez, uste dugu, erantzukizunagatik, horren berri eman behar diegula komunibabide eta herritar guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.