Koronabirusa

DSBEa eta Nafarroako errenta bermatua osagarriak izango dira

Espainiako Gobernuak maiatzean sortuko duen gutxieneko errenta Hegoaldean ezarriko dute

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua, atzo, Gasteizen. IREKIA.
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak hurrengo asteotan onartuko duen gutxieneko errentak aldaketak ekarriko dizkio Hego Euskal Herriko babes sistemari. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak baieztatu duenez, Gizarte Segurantzaren bidez banatu nahi du errenta hori Espainiako Gobernuak, eta, hortaz, euskal herritarrek ere jasotzeko eskubidea izango dute. Hori dela eta, osagarriak bihurtuko dira gaur egun Hego Euskal Herrian banatzen diren oinarrizko bi errentak: DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta errenta bermatua Nafarroan.

1989an sortu zuen Eusko Legebiltzarrak DSBEaren aurrekaria, gizarteratzeko gutxieneko errenta, beste diru sarrerarik ez zuten herritarrei gutxieneko errenta bat bermatzeko. Atzeraldi Handiak gogor jo zuen, eta 2015eko maiatzean 66.373 lagunek jaso zuten; baina azken urteetan kopurua jaitsi da, eta 2019 amaieran 52.455 ziren. Koronabirusaren krisiak, ordea, beharrak handitu ditu, eta apirilean 53.274 ziren, martxoan baino 883 gehiago.

1999an sortu zuen Nafarroak gizarteratzeko errenta, baina aurretik ere eman zituen laguntza batzuk besterik ez zutenei. Uxue Barkosen gobernuak 2016an bultzatutako azken erreformaren ondoren, errenta bermatua duizena, eta ia 16.000 lagun ari ziren jasotzen 2019 amaieran.

Artolazabalek azaldu duenez, hasieran Espainiako Gobernuaren asmoa zen gaur egun indarrean zeuden errenta autonomikoak osatzea, baina azken asteetan planteamendua aldatu du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak, eta orain kontrakoa da helburua: erkidegoek osatu ahal izatea Gizarte Segurantzak emango duena.

Errenta handiagoa

Madrilek artean ez du zehaztu zenbateko laguntza emango duen, ezta zer baldintza bete beharko dituzten errenta jasotzeko. Baina orain arte plazaratu diren kopuruak txikiagoak dira Hego Euskal Herrian ematen direnekin alderatuta, bizitzaren kostua, oro har, handiagoa baita hemen. Horrela, El Mundo egunkariak aurreratu zuen 462 euro jasoko zituela bakarrik bizi denak. EAEn, berriz, 694 eurokoa da gutxieneko saria, eta 637 eurokona, berriz, Nafarroan.

Jaso beharreko kopuruak handitzen dira familia unitatean kide gehiago badaude, eta handiagoak dira erretiratuen kasuan —lautik bat dira pentsio txikiak dituztenentzat—. Kopuru horiek, edonola ere, gehienezkoak dira; hau da, herritar batek 300 euroko diru sarrera badu ordu batzuk soilik lan egiten duelako, bere bizikidetza unitateari dagokion kopururaino osatzen diote sarrera administrazioek.

Kupo handiagoa

Espainiako Gobernuaren asmoa da gutxieneko errenta maiatzaren amaierako ministro kontseilu batean onartzea, eta ekainean ordaintzen hastea. «Oso epe estuak» iruditzen zaizkio horiek Artolazabali, gai konplexua dela argi erakutsi baitu nolako arazoak izan zituen Lanbidek haren kudeaketa hartu zuenean, Patxi Lopez lehendakari zenean. Gainera, aurretik zehaztu behar dute nola osatuko diren erkidegoen errentekin eta nork kudeatuko dituen.

Finantzaketaren auzia ere konpondu beharko dute Gasteizek eta Iruñeak Madrilekin. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuek ordaintzen dituzte Hegoaldeko errentak, baina aurrerantzean pisurik handiena Gizarte Segurantzaren aurrekontuak hartuko du bere gain. Horrek ekarriko du diru gutxiago jarri beharko dutela zuzenean Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.

Baina zeharka ere jarri beharko dute dirua; izan ere, Jaurlaritzaren kupoa eta Nafarroaren ekarpena handitu egingo dira, Espainiako Gobernuak aurrekontua handitu beharko baitu errenta hori ordaindu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.